Zer da hau

ARGIAko kazetarien bloga da hau. Etxe honetako hamaika kazetarik elikatuko dugu eta besteak beste, kazetaritza ulertu eta bizitzeko bide berriak esperimentatzea da helburua.

Ez dugu ezer asmatu, WordPress software librearekin eraikitako bloga da, munduan zehar martxan dauden beste milaka bezala; elkarlanean eraikitako blog bat izango da, sarean dauden beste hainbat bezala; baina ARGIAkoa izango da, bertako kazetariek elikatuko baitugu eta kazetaritza molde berriak lantzeko baliatuko dugu.

Ikasten ari gara blog batek hegoak zabaltzen dizkigula, edukiak erritmo handiagoarekin produzitu ditzakegula, nonbait ikusitakoa edo norbaiti entzundakoa komentatze hutsak berak nahikoa interes informatibo duela, horrek berak harremanak egiten laguntzen duela, iturri berriak ezagutzen ditugula, irakurlearekin feedback sakonagoa sortzea dela, sare sozial handiagoa eraikitzen dela… Ea hori guztia betetzeko gai garen.

Zuk irakurle, hamaika kazetari, hamaika interes eta hamaika ilusio aurkituko dituzu, ea intereseko zerbait topatzen duzun.