Kontsulta ez, Espainiako legearentzat erreferenduma da

Sarrera hau xabier-letona-(e)k idatzi du / Maiatza 27, 2008
Atala: Politika

Legebiltzarra hitz egiteko, negoziatzeko eta akordioetara iristeko lekua da. Hala ateratzen dira aurrera lege eta ebazpenak. ETAekin akordiorako prest zegoela eta EAEko lehendakariarekin ez, leporatzen dio Ibarretxek Zapaterori. Argudio erabat logikoa da. Baina, arau berberari jarraituz, ulertezina da EAJk Loiolan Batasunarekin hitz egin eta akordioetarako prest izatea, eta Eusko Legebiltzarrean hori berori ukatzea EHAKri. Bai, orduan su-eten garaia zen, eta orain ez, baina dagoeneko denok dakigu su-eten garaietatik kanpo ere hitz egiten dela, mahai azpian, gainean eta behar den lekuan. Eta gai desberdinei buruzko akordioak lortu ere bai.

Denak adierazten du ETAri dagokion galdera izango dela giltzarri, eta gaitzespen hitza edo halakorik badarama nekez onartu ahal izango duela EHAK-k. Nahi izanda, dena den, zirrikitu bat utzi dakioke EHAKren baiezkoari, areago gainera kontuan hartuta haren boto bakarra nahikoa dela Jaurlaritzaren galdera aurrera atera dadin.

Baina Jaurlaritzaren ekimenak ekainaren 27an aurrera egitea lortuko balu ere, ez da samurra aurreikustea kontsultarik urrian, horretarako oraingo lege proposamenarekin juridikoki Jaurlaritzaren babesa eman nahi bazaio ere. Espainiako Gobernuak berehala jarriko lioke helegitea Auzitegi Konstituzionalean.

Eusko Jaurlaritzaren ustez, kontsulta loteslea izan ezean legezkoa litzateke Espainiako legediari dagokionez. Espainiako Gobernuak argi du ezetz, eta antza denez, badu horretarako heldulekurik. Estatuko legeen arabera, gobernu autonomiko batek hautestontzien bidez egindako edozelako kontsultak erreferendum izaera hartzen du, eta horiek Espainiako Gobernuaren eskumenekoak dira edo haren baimena behar dute.

Erantzun bat idatzi

beharrezkoa
beharrezkoa, ez da publikatuko
aukerazkoa
*

Hurrengo sarrera: