54 milioi euro, edo 10.000, edo…

Gertatzen ari denarekiko aski adierazgarria da irudia.

Gertatzen ari denarekiko aski adierazgarria da irudia.

Ez dakit zenbat diru kobratuko duen Jose Ignacio Goirigolzarrik hartu berri duen Bankiako lehendakari karguan. Badakit, aldiz, 2009ko urrian ia 69 milioi euro eskuratu zuela BBVA utzi eta 55 urterekin aurrejubilatu zenean: urteko 3 milioi euroko bizitza osorako pentsioa adostu zuen bankuarekin, lanean ari zenean baino pixka bat gutxiago (orduan urteko 4,2 milioi euro). Erabakiaren etikotasunaz asko hitz egin zen bere garaian, bideo honetan ikusi daitekeen moduan

Badakit, ostera, zenbat kobratuko duten Novacaixagalician orain erretiratu berri diren lau zuzendarik, erretiro eta kalteordainen kontzeptuan: 54 milioi euro. Hau da, UPNk eta PSNk, 2012ko Nafarroako  Gobernuaren aurrekontuarekiko biharko adostu behar duten diru murrizketa (edo sarrera) bera: 54 milioi euro.

Finantza munduaren arazoak bata bestearen atzean datoz eta, Bankiaren porrotaren harira, Espainiako Gobernuak 10.000 milioi euro gasta dezake bere erreskatean. Duela gutxi iragarri duen hezkuntza eta osasun erreformako mozketaren 10.000 milioi euroak akaso.

Eta denak adierazten du hau ez dela azkena izango. Aginte makila dutenek argi iragarri zuten (FMIk eta Banco Santanderrek) duela bi aste: azkenean, diru publikoa beharko da finantza sektorearen birmoldaketa amaitzeko

Estatuaren indarra, soka luzean utzia

Autopsiak esan du gomazko pilota batek eragin duela Iñigo Cabacasen heriotza. Hau da,  Ertzaintzak jaurtitako pilota batek. Zehatzago, ertzain batek. Eta pilota bota zuenak, seguruenik badaki bera dela Cabacas hil zuena, hiltzailea. Ez du gozoa izan behar, behintzat  ez badu pentsatzen aginduak besterik ez zituela jaso, edo hori irakatsi diotela, edo bere lana besterik ez zuela egin, edo istripu tamalgarri bat besterik ez zela izan, edo… Denetik pasa liteke ertzain horren burutik. Gehiago irakurri…

Geure burua ekonomiaz (nahiko samur) janzteko

Urtarrileko LARRUN gauzatzea neuri egokitu zitzaidan eta bizi dugun krisialdi ekonomiko sakona izan da jorratu dugun gaia, krisiak dituen sustraiak eta alternatibak. Nondik datorren jakin barik, nekez uler eta alda bailiteke ezer, eta ekonomian ere berdin. Gehiago irakurri…

Lau bloke eta bi erronka: krisia eta bakea

Euskal Herria desberdina izan da oraingoan ere eta Espainian, aurreikusi moduan, PPk inoizko garaipenik handiena lortu badu, Hego Euskal Herrian emaitza historikoa Amaiurren eskutik etorri da bere 7 diputatuekin.

Bilduk iragan maiatzean erakutsitako arrakasta Euskal Herriko garai berrien adierazle esanguratsuena izan zen eta oraingo emaitzek joera bera adierazten dute: lau bloke handi, eta lehia estua EAJ, Amaiur, UPN-PP eta PSEren artean.

Alderdi abertzaleek halako hauteskunde mota batean inoizko emaitza onenak lortu dituzte: EAEn EAJk eta Amaiurrek PPk eta PSEk baino diputatu eta boto gehiago lortu dituzte, eta ez zen horrelakorik gertatzen 1977tik. Eta Nafarroan abertzaletasunak emaitza historikoa lortu du, 5etik 2 diputatu lortuz. Baikorrenak ere ez luke horrelakorik sinetsiko duela hilabete, baina Geroa Baik azkenean diputatua lortu du UPN-PPrekin lehia estuan ibili ondoren. Diputatua da garrantzitsuena Uxue Barkosen koalizioarentzat, baina baita boto kopurua ere, inork gutxik pentsatu baino gertuago jarri baitzaio Amaiurri. Garai berrien haizeek bultzatuta, elkarren arteko lehia gogorrerako baino, elkarlanerako baliatu beharko liratekeen emaitza onak zalantzarik gabe.

UPN-PP eta PSE ezin dira pozik egon hemengo emaitzekin, euskal lurraldeetan atzera egin baitute oro har eta abertzaletasunak aurrera. PPko Espainiako haizeak ez die eragin onik ekarri UPN-PPri, batasunak ez die onik egin eta behera egin dute botoetan. PSE eta PSNk azken udal eta foru hauteskundeekiko emaitzak hobetu badituzte ere, atzerakada itzela jasan dute 2008ko emaitzekiko. PSNren kasuan, egoera larria da abertzaleek berak baino diputatu gehiago lortu baitituzte lehenbiziz.

Patxi Lopezek bere koalizio gobernuari eutsiko dio, baina zer ordezkatzen duen argi ikusten da orain. Zilegitasunaren eztabaidaz aparte, argi dagoena da ez duela errealitatea islatzen. Orain galdera ezinbestekoa da: kontrakoak dituzten hauteskunde batzuetan alderdi abertzaleek nagusitasuna erakutsi badute, zer gertatuko da aldekoak zaizkien hurrengo Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan?

Ez dut analisirik idazteko gogorik

Orain behintzat ez, bihar biharkoak. Bizikletan harrapatu nau ETAren agiriak, kalean, umeekin, eta kasketa eta “gose naiz” eta arrautza eta txorizo artean, haserre etxeko txikiarekin, eta jogurra, zerealak…

Eta telefonoa erredakziotik, Lander da: “Heldu da, 7etan… lasai, ari gara…”. Eta nik “bihar arte bai, akaso gauen idatziko dut; akaso ez, seguru…”. Eta lapikoa eta xaboiarekin jarraitu dut, erreakzionatu ezinik. “Gogoratu neskak, urriak 20 –etxeko gazteei–, hau egun haundixe izengo da Euskal Herrixendako”. Tertuliak irratian, PPko Iñaki Oyarzabalen balorazioa, txukun… Eta estropajoari eraginez hunkitu naiz. Malkoak. Bai, azkenean iritsi da, hau da luzaroan horrenbeste desio izan dugun eguna!

Tira, erreakzionatu mutil. Eta hasi naiz: lankideekin berba egin, irratia jarraitu, telebista, internet, Twitter… listo irakurri ditut guztiak. Eta orain idaztera, baina ez dut analisirako gogorik. Allakuidaus, hori biharko.  Goza momentua eta utzi arrastoa blogean, gaurko marka hau, betirako marka. Analisirik ez, baina oroitzapenen jarioari ezin eutsi: zein pozik leudekeen aita-ama, zenbat milaka kilometro ipar-hego, zenbat eztabaida, zenbat liskar, zenbat hildakoren kronika, zenbat sufrimendu, zenbat…  eta ostera ere malkoak masailetik behera. Listo, honekin nahiko, bukatu da eguna, egunoff idazten dute Twitterren. Egun on irakurle, egun on Euskal Herria.

Elkarrizketa publikorako inflexio puntua

Denok gaude asteleheneko Donostiako Nazioarteko Konferentziak eskainiko duenaren zain. Eta zerbait handia dela irudikatzen dugu, potoloa, erabakigarria. Zenbatetan esan dugun berdintsua! Baina ez dugu halakorik inoiz bizi izan. Gehiago irakurri…

Txokolatezko gezurrak, hobeto irensteko

Eusko Jaurlaritzako Carlos Agirre sailburuak behin baino gehiagotan egin ditu krisitik ateratzeko aurreikuspen onak, eta zuhurra ei da, baina 2010eko otsailean honako adierazpenak egin zituen elkarrizketa batean: “Euskadik jakin izan du Europatik datorren berpizte olatuarekin bat egiten eta, gainera, abiadura itzelean egin du hori, eta horrexegaitik naiz baikorra”. Gaudenean ikusita… Gehiago irakurri…

ETAren aitortza garrantzitsuak

Zer, noiz eta nola. Beste askoren  artean horiek behintzat jorratu daitezke ETAren azken agirian eta azterketaren ondorioak onak direla esan liteke, bere hausnarketa bat  datorrela su-etena indarrean jarri zuenetik  emandako distentsio urratsekin. Eta bide horretan jarraitzeko asmoa agertzen du. Gehiago irakurri…

Nafarroako Legebiltzarra: gaurko goizarekiko begirada bat

Nafarroako Legebiltzarreko gaur goizekoa -lehendakari hautaketaren saioa- kazetaritzaren laborategi gisa hartu dut apur bat, ohitu gabe halakoak zuzenean jarraitzen eta eskaintzen, sarerako zer egin zitekeen frogatzea da gaurko helburuetakoa. Eta jakina, jarraitzaileari zer ari den gertatzen molde desberdinez kontatzea. Gehiago irakurri…

PSE-PSN, zer behar dute giro berrian murgiltzeko?

BAKE PROZESUA. Eta normalizazio politikoa. Ekonomi krisiarekin batera, horiek dira une honetan euskal gizarteak dituen lehentasun nagusiak, eta alde horretatik estrategikoa da aurrera begira EAJk eta Bilduk elkarrekin egin behar duten lana. Hamar urtez elkarri begiratu barik egon ondoren –Batasuna eta EAJ– bada ordua gutxienez gai honetan arduratsu jarduteko, beti ere bakoitzak bere izaera eta helburuei eutsiz. Gehiago irakurri…