Lindanoa? Azken pasilloko azpiko apalategian
Atala: Azpiegiturak
Atzoko berria da; Esther Larrañaga Ingurumen sailburu ohiak eta Iñaki Ezkurra sailburuorde ohiak inputatu bezala deklaratu beharko dute Erandioko orube batzuetan lindanoa eta beste gai kutsagarri batzuekin egindako gestioagatik. Irailaren 21ean agertu behar dira Bilboko instrukzio epaitegira. Lur Maitea elkarteak eta Bizkaiko Ingurumen Fiskaltzak zabortegi “klandestino eta ilegala” mantentzea leporatzen die. Horrela, kargu publikoetan ibilitako beste bi pertsona gehiagok kontuak argitu beharko dituzte epailearen aurrean, lehenago Tomas Epalza ingurumen kalitateko zuzendari izandakoa ere auziperaturik baitago gordetako lindano kasu batengatik.
Pestizida hori oso kutsagarria da –Estokcholmoko Konbentzioko gai kutsagarrienen zerrendan sartu dute berriki–; Nerbioi inguruko enpresetan produzitu zuten hainbat hamarkadatan. Duela urte gutxi, desmantelatutako Nerbioiko lur horiek urbanizatzeko proiektu makroak hasi zirenean, agintariek arazo –edo dilema– handi batean aurrean ikusi ziren: lindano hondakinekin zer egin? Duela bi asteko ARGIAn kaleratu genuen lindanoaren auziari buruzko erreportaje zabala eta Barakaldoko Ezpitsua talde ekologistako kide batekin hitz egin genuen, honela zioen: “Udalak eta administrazioak ezkutuan ari dira, orube horietan lindanoa agertzeak garapen urbanistikoa mantsotzen duelako”.
Oraindik ez da epairik egon eta ez litzateke justua kargu publiko horien errugabetasuna zalantzan jartzea, baina zilegi da norbere buruari galdetzea tamaina horretako negozioen atzean –Megapark eraikitzeko Arconak 300 milioi euro inbertitu zituen– zer nolako presioak egongo ote ziren. Iraungitze data duten segurtasun zelda bereziak eraiki zituzten, lindanoaren toxikoa kamuflatzeko birziklatze lantegiak sortu… Baina ez zituzten obra urbanistikoak geldiarazi. Eta orain, pozoia hanka azpian dutela egiten dituzte erosketak berdin Zaran nola Prycan hamaika familiak.




