Eric Hobsbawm historialari ospetsua Bilbon izango da

Sarrera hau urko-apaolaza-(e)k idatzi du / Otsaila 3, 2009
Atala: Historia
Eric Hobsbawm

Eric Hobsbawm

Historialari marxisten artean bide luzea egin duen Eric Hobsbawm-ek (Egipto, 1917) hitzaldia emango du Bilboko Alhondigan datorren larunbatean, hilak 7. Hobsbawm erreferentzia nagusietako bat da munduko historialarien artean.

Oso gazte sartu zen Britainia Handiko Alderdi Komunistan eta ideia horretan sakondu zuen beste historialari askoren artean. Iraultzaren garaia. 1789-1848 (1962) eta XX. mendeko historia (1994) dira bere liburu ezagunenetako batzuk. Komunismoaren alde egiteagatik kritika ugari jaso du idazle britainiarrak. Bestalde, abertzaletasunaz duen ikuspegi kritikoak ere zer esana eman izan du.

Ikusten denez, gai orokor eta potoloen ingurumarian hausnartu izan du beti eta hori ez dago soberan gaur egungo ikerleen artean. Hobsbawmek dio, bloke komunistak derrigortu ziola bloke kapitalistari “gizatiarragoa” izaten, klase ertaina handitzera behartuz. Beraz, Joseba Azkarraga Etxegibeli Berrian irakurri genion bezala, Mendebaldeko gizarteak “errugbi baloiaren itxura” hartu zuen. Baina gaur ez dago blokerik. Errugbia gustatzen zaionari badaki baloia iheskorra dela oso, batez ere euria eta lokatzarekin. Eta gaur euria ari du. “Pasatu dena da kapitalismo globalak azken 30 urteetan modu oso ezegonkorrean jardun duela”, esan zuen Hobsbawmek BBCk egindako elkarrizketa batean krisiaz galdetu ziotenean.

Hobsbawmek 92 urte ditu eta, bistan denez, esparru kronologiko zabala menderatzen du. Mundu ikuskera batetik hitz egiteko gaitasuna ere badu historialari honek eta komeni da egungo aro aldaketaz duen iritzia entzutea. Dena den, Gutun Zuria ekimenaren barruan Bilbon emango duen hitzaldiaren izenbururik ez da ageri oraindik, baina badirudi sarrerak agortuta daudela.

Erantzun bat idatzi

beharrezkoa
beharrezkoa, ez da publikatuko
aukerazkoa