Keinu bat, bihotzak hunkitzeko

Sarrera hau urko-apaolaza-(e)k idatzi du / Azaroa 18, 2008
Atala: Historia,Zinema
la buena nueva

la buena nueva

Helena Tabernaren La buena nueva (Berri ona) pelikula asteburuan estreinatu da. Bere osaba Marino Ayerra apaizaren bizitzan oinarritutako filmak Elizaren eta frankismoaren arteko harremanaz hitz egiten du, baita Gerra Zibilean izandako errepresioaz ere. Ez dut uste, oro har, filmak urte haietako giro iluna erakusten jakin duenik. Eszenetan gehiegi erakusten da gutxi esateko; sotiltasuna falta da, eta aldi berean indarra. Baina balorazio horretan sartzea zinema kritikariei dagokie. Soilik esan dezaket, frankismoaren errepresioak sortutako barne amorrua, isiltasun larria eta ikara ez dudala sumatu pelikula horretan, ez behintzat behar besteko sakontasunarekin.

Hala ere, oilo ipurdia jartzen duen pasarterik badago. Apaizak sima bat –egiaz Otsaportillokoa behar luke, biktimak gupidagabe bota zituzten koba ezaguna– ur bedeinkatuz bustitzen duenean, seguru nago bati baino gehiagori bihotza hunkitu zaiola. Keinu horrek asko esan nahi baitu. Hamarkada askotan, senideek isilpean gorde behar izan zuten gertatutakoa, hildakoen alde ezer egitea debekatu zieten, ez meza, ez errespontsu, ez dolu, ez ezer. Fusilatuen gehiengoa fededuna eta kristaua zen, Elizarekin ados egon ala ez, eta haien senideak ere bai. Horregatik, apaizak egiten duenak –hobia ur bedeinkatuz “garbitzea”– garrantzi handia du, deskantsua eta amaiera esan nahi baitu.

Zoritxarrez, askorentzat amesgaizto horrek ez du amaierarik izan, eta ez dirudi oraingoz izango duenik, Espainiako Entzutegi Nazionaletik datozen berriei kasu eginez gero. Helena Tabernak abilidadea izan du filma momentu egokian estreinatzeko. Berak esan du ez dela “oportunismoa”, eta egia da, aspalditik mamitutako proiektua baita zuzendari nafarrarena. Baina ezin uka daiteke, frankismoko krimenak auziperatzea ezbaian dagoenean, pelikulak eztabaida horretan bide egiteko balio duela, batez ere Elizak izandako jokabideaz hitz egiteko. Garzonen eskaerari gorraizez erantzutea ondo atera zaio Apezpikuen Konferentziari, baina iritsiko da momentua erantzun beharko duena. Erantzun, adibidez, zer egin zuen Elizak altxamenduaren aurka azaldu ziren Ayerra bezalako apaizekin, zer egin zuen euskal kleroan gertatutako hilketak eragozteko.

Erantzun bat idatzi

beharrezkoa
beharrezkoa, ez da publikatuko
aukerazkoa
*