Otsoak ez dira den-denaren errudun

Sarrera hau unai-brea-(e)k idatzi du / Iraila 2, 2010
Atala: Gizartea,Natura

Nork egin du hau, otsoak ala txakurrak?

Abuztu amaierako albistea da, oharkabean igarotzen diren horietakoa: oso litekeena da otsoei leporatu ohi zaizkion ganaduaren kontrako eraso asko ez izatea otsoek eginak,  Espainiako CSICeko (Zientzia Ikerkuntzarako Kontseilu Nagusia) ikerlariek 2003 eta 2004 urteetan egindako azterketa batek aditzera ematen duenez. Hain zuzen, Arabako mendebaldea aukeratu zuten ikerketa-eremu, Arabarekin mugakide diren Espainiako zenbait eskualderekin batera.

Otsoenak izan zitezkeen gorotzak jaso eta analisia egin eta gero, konturatu ziren laginen portzentaje handi bat, erdia baino gehiago izan ere, ez zela otso-kakarena. Otsoei egozten zaizkie abereen aurkako erasoen %95, baina azterketaren emaitzek argi uzten dute hemen beste norbait ari dela ardi eta behi-janaz oparo gozatzen. Nor? Bada, txakurrak. Basa-txakurrak, zehatzago; ez zaitez hasi orain aldamenean etzanda daukazun rottweilerrari errezeloz begiratzen.

CSICeko Jorge Echegarayk dioenez, baliteke proportzio falta ikaragarria egotea otsoek ustez egiten dutenaren eta benetan egiten dutenaren artean. Eraso gehienen errua beraiei leporatzen zaie, otsoen erasoa eta txakurrena bereiztea oso zaila den arren. Kontua da animaliaren bat galdu duten abeltzainek otsoen erasoa dagoenean jasotzen dutela kalte-ordaina, bestela ez. Gorotzen azterketatik ondorioztatu daitekeena aintzat hartuko balitz, dezente jaitsi liteke kalte-ordain horien kopurua: CSICekoen esanetan, txakurrek askoz ohitura handiagoa daukate ganadua jateko otsoek baino. Ardi-okela txakurren dietaren heren bat da, eta otsoenaren %3 besterik ez. Ipuinetan ahuntzak, txerriak eta ume xarmagarrien amamak jaten ditu, baina errealitatean otsoak nahiago ditu basa-animaliak abereak baino.

Hala ere, Echegarayk azpimarratzen duenez, otsoak oso ospe txarra dauka oraindik. Azken boladan –ikerlariak ez du gehiago zehazten– ospe horrek Araban, urtero, lau ale hiltzea eragin duela gogorarazi du. Eta txakurren erasoengatik ere kalte-ordainak baleude?

Erantzun bat idatzi

beharrezkoa
beharrezkoa, ez da publikatuko
aukerazkoa
*

Hurrengo sarrera: