Aletxandre Bordagarai joan zaigu
Atala: Musika

Bernadette alabarekin batera, Bizkaiko lagunekin egindako afari batean.
Neskenegünean jakin nuen berri txarra, gertatu eta ordu gutxira, eta ezusteak jota utzi ninduen: Aletxandre Bordagarai hil dela. Euskal kulturak badu bete ezinezko hutsune bat larunbataz geroztik.
Ez da denbora luzea Pil Pil taldeaz jardun nuela. Laukote osoari egin nion gorazarre –ez dut ukatuko lagunak ditudala, bidenabar–, baina bi kideri batez ere: Bernadette eta Jojo Bordagarai. Balio dezatela lerro hauek, bien aita zen Aletxandrez den bezainbatean –Mixelek barkatuko didalakoan nago–, injustizia hori konpontzeko.
Kantuz bizi izan da Aletxandre. Nola saihestu patu hori, zuberotarra izanik sortzez? Urte askoan Zuberoako kantari erdi anonimo eta zoragarri horietako bat izan zen, eta zahartzaroan iritsi zitzaion zertxobait nabarmentzeko tenorea, seme-alabekin eta Mixel Tikhoiperekin batera Pil Pilen abesten hasi zenean. Berak ematen zien ukitu tradizionala taldearen emanaldiei: noizean behin, taula gainean bera uzten zuten beste hirurek, a capella, garai bateko estiloan, kanta zezan. Baina ez pentsa tradizioa zuri-beltzezko argazki hutsa zenik harentzat: aire berriak ere konposatzen zituen, eta hitz ederrak idazten, horietako batzuk gazteei dagokien errebeldiaz gainezka. Izan ere, oker aritu naiz lerro batzuk gorago: esan dut Aletsandre zahartzaroan hasi zela Pil Pilekin kantatzen, eta ez da egia; beti gaztea den horietako bat zen, euskalkien oztopoa gaindituz egin genituen solasaldietan agerian utzi zidanez. Ez nintzen iritsi nahi nukeen bezain ongi ezagutzera, baina iruditzen zait bizitzen bazekiela, Aletxandrek.
Azken Herri Urratsean mintzatu ginen azkenekoz elkarrekin, Pil Pilek kantaldia eman eta gero. Orduan agertu zitzaidan bezain alaitsu gogoratu nahi nuke betiko. Hegaldaka kantuaren lehenengo hitzak neure eginez: “Utzi penak, lur huntako grinak… hegaldaka”. Berriz artino, adixkidia.



