Euskal udalerrien izenei buruz (III): Eaurta, Otsagi eta Olazti

Otsagabiko irudi bat.
Adibide guztiak Bizkaikoak –eta disimulatzeko Gipuzkoakoren bat, zeharka– ipintzen ditudala leporatu ez diezadazuen, goazen gaur txango alaian Nafarroa aldera. Hiru adibide ekarriko ditut oraingoan, baina kasuistika bat baino ez, izenburuko hiru izenen historia berdina da eta.
Jaurrieta, Otsagabia eta Olatzagutia idatzi behar dira euskaraz, hau bezalako hedabide errespetagarrietan behinik behin, hiru udal horien izenak. Baina Otsagi eta Olazti ere izan ditu onartuak, garai batean, Euskaltzaindiak; Eaurtaz ez nago hain seguru, baina baliteke. Segurua da, hori bai, hiru izenak –Eaurta, Otsagi eta Olazti, esan gura dut– pedegree euskaltzalearen marka izan direla, oraindik ez badira, aditzera emanez bezala Jaurrieta, Otsagabia eta Olatzagutia esatea edo idaztea erdal inperialismoaren atzaparretan erortzearen parekoa (izan) dela. Pentsa noraino den horrela, xuxen zuzentzailea gorriz ari zaidala azpimarratzen Jaurrieta hitza, eta Otsagi eta Olazti ez. Egin zuek saiakera, nahi baduzue
Tira, xuxentzaile ortografikoen kontutxoak albo batera utzi eta berreskura dezagun haria, berriz ere Mikel Gorrotxategi euskaltzaina bidaide. Honela esplikatu digu bizkaitarrak –ui, barka, berriz aipatu dut Bizkaia…– hiru izen horien afera: “Euskal Herriko herri izendegia egin zenean, leku batzuetan askoz informazio gehiago geneukan besteetan baino, eta Nafarroan, hiru kasu horietan, erabaki populista hartu zen; ahozko forma hartu, euskaldunagoa zelakoan”. Gero, Euskaltzaindiak hainbeste leporatzen zaizkion jakituriaz-betetako-errektifikazio horietako bat egin zuen, eta dagoeneko aipatu ditugun hiru formak onetsi zituen. Beste hirurak, izenburuan ageri direnak… bada, ez daude txarto, dio Gorrotxategik, egokiak dira, baina lagun arterako. Portugaleteri Portu eta Barakaldori Baraka esaten zaien bezala. Ene, berriz egin dut…
Hiru herri horietako bakarrak egin dio men Euskaltzaindiaren arauei: Jaurrietak. Otsagabiak, bai, izen hori hartu du ofizialtzat, Otsagi baztertuz, baina ortografia birekin darabil; gaztelaniazko idatzietan, beraien webgunean ikus dezakezue, Ochagavía agertzen da. Gogoratu ezazue arau orokorra zein den: jatorrizko hizkuntzaren forma akademikoan idatzi behar dira toponimoak, eta Otsagabiak euskal jatorria du, ergo Ochagavía okerra da edozein kasutan. Olatzagutiak, berriz, hizkuntza bitan dauka izen ofiziala, baina bere erara: euskal izentzat Olazti hartu du, eta erdal izentzat Olazagutía. Lasai denok, ez da ezer gertatzen: Nafarroako Euskararen Legeak, EAEkoak ez bezala, ez dio izen hori legez kanpokoa denik, beraz…
Badaezpada: azken esaldia ironikoa zen.
Bihar: Vera de Bidasoa
·Euskal udalerrien izenei buruzko erreportajea ARGIA aldizkarian



