Fredi Paia, finalaren atarian mintzo
Atala: Bertsolaritza

Fredi Paia
Finalaurrekoetako 1. itzulira arte lehiatu da Fredi Paia algortarra bertsolari Txapelketa Nagusian. BECen, berriz, beste ikusle bat izango da. ARGIAk, finalaren atarian, zenbait hausnarketa jaso ditu haren ahotik.
“Sekula ez dut nire ideologia politikoa ezkutatu. Mezu politikoa zabaltzeko erabili dut sarri bertsolaritza. Nire barruari zor diot. Denak garen ezker abertzalekoak? Hauteskunde egunean aukera ezberdinak egiten ditugu bertsolariok, eskubide zibilak dauzkatenek zein ez dauzkagunok. Hori bai, bertsolaritzaren etorkizuna elkarlanerako traba administratiboak gainditu eta zazpi lurraldeetan euskara indartzearekin estuki loturik dago, eta baliteke zazpi lurraldeak batu eta euskalduntzearen aldeko jarduera zintzoa egiten duten mugimendu politikoak horrenbeste ez izatea”.
“Ni, bertsolariaz gain, Bertsozale Elkarteko militantea eta Bizkaiko Zuzendaritzako kidea naiz 17 urteetatik. Militantziak oso gaztetan erakutsi zidan nire sentimendu pertsonalak nire konbikzio ideologikoetatik bereizten. Txapelketan, eta bertsoaren munduan, pertsonalki aldatuko nukeen gauza asko dago, baina euskaldun eta EHBEko militante legez, jai ezin pozgarriagoa da BECeko finala”.
(Berria egunkarian azaroaren 6an kaleratutako artikulu honetaz):
“Haserretu nintzen eta nire txapelketari eragin dion haserrealdia eragin nuen. Munduko momenturik txarrena aukeratu nuen gai garrantzitsu asko testu txikian eta zakarki azaltzeko. Halakoetan deabruak aingerutzen dituzu eta arrazoi guztia galtzen duzu. Baina haserrealdiak ez zeukan bertso lehiarekin zer ikusirik. Lehiak kezkatu banindu tximeletez idatziko nuen bariku hartan. (…) Eliteaz esandakoak ez ziren inoren aurkako hitzak. Eta inor mindu banuen barkamena eskatzen diot. Nik errealitate bat deskribatu nahi nuen epaiketa moral barik. Nire belaunaldiko bertsolari gipuzkoarrak izan dira Euskal Herri osoan promoziorako aukera gutxien izan dutenak. Txapelketen maiztasuna 91tik guztiz irregularra izan da, oso aukera gutxi izan dituzte, hil ala bizi ibili dira. Euskal Herria eta Gipuzkoa gauza ezberdinak direla ulertzea asko kostatzen zaio askori euskal kulturan. Eta hori, ez soilik, baina gipuzkoar gazteek ere larrutik ordaintzen dute. Eliteak, ostera, ez du ezeren errurik. Unaik [Iturriaga] eta Igorrek [Elortza], Bizkaian, atsedenaldiak egin izan dituzte, baina txapelketak jokatzen jarraitu dugu, inoizko promozio indar handienarekin”.



