Nafarroan kondoia zergatik den zilegi

"Moztu atzazalak ni erabili aurretik, mesedez".
Apur bat berandu nator, badakit, baina gaur bertan Berrian gai berari buruzko artikulua plazaratu du Xabier Lekuonak eta neroni ere animatu naiz lerro batzuk idaztera. Zertaz? Afrikan kondoiak erabiltzeari buruz Intereconomia telebistan eman duten bideoaz. Lekuonak ondo adierazi duenez, Julio Ariza nafar eskubitarra da Intereconomia taldearen burua, eta Opus Deirenak eta bi egiten dabil kondoiaren kontra, abortuaren kontra, sexu-askatasunaren kontra eta bekatuaren kontra orobat. Bekatuarena neuk diot, ez Lekuonak.
Pentsatzen dut badakizuela bideoan zer esaten den, baina badaezpada, laburbilduz: Afrikan kondoiak erabiltzea desegokia da hiru arrazoirengatik. Pisuzkoak hirurak, zientifikoak ez esatearren. Bat, kondoiak leku lehor eta freskoan gorde behar dira, eta Afrikan freskotik gutxi. Biga, erne ibili behar da kondoiak eskuz erabiltzean, eta Afrikan ez dira biziki manikurazale, erraz urra daitezke kondoiak segun ze atzazalekin darabiltzazun. Hiru, afrikar askok ez dakite irakurtzen eta beraz ezin dituzte ulertu kondoi-kutxetako argibideak. Beharbada horregatik bidaltzen ditugu kolesterola gutxitzeko botiken soberakinak jendea gosez hiltzen ari den herrialdeetara (ikus hau). Ez dutenez ulertuko…
Tira, argudiook ontzat emango ditut bost minutuz, eta denbora tarte hori baliatuko dut kontra-argudio batzuk emateko. Intereconomiakoek arrazoi teknikoak aipatzen badituzte esateko Afrikan kondoirik ez dela erabili behar, onartuko beharko dute arrazoi berberen arabera Nafarroan guztiz zilegi dela preserbatiboa janztea. Nafarroan ez baita toki freskorik falta, Belagua inguruan eta urtarrila erdian batik bat. Gainera, atzazalak behar bezalako neurrian moztuta eramaten dituzten jende zibilizatuak dira hamar nafarretik bederatzi; bat baino gehiagori ikaragarri luzatzen zaizkie “baskongado inbasoreez” mintzatzen direnean baina ez gara xehetasunetan sartuko… Eta azkenik, erresuma zaharreko biztanle gehienek irakurtzen dakitela demostratuta dago, nahiz eta batzuek, agidanez, ez dioten probetxu handirik atera gaitasun horri.
Beraz, Nafarroan kondoia bai, eta bost minutuak juxtu oraintxe igaro direnez, Afrikan ere bai.



