Ia seguru, RASFF hizkiek ez dute esanahi berezirik zuretzat, niretzat orain dela bost minutura arte ez zuten bezala. Europar Batasunaren (EB) Elikagai eta Pentzuen Alerta Azkar Sistemaren ingelesezko siglak dira. Bada, 2011n RASFFek merkurioz kutsatutako arrainen 76 kasuren berri eman du. Arrain eta bestelako itsaskien kutsaduraren kausa nagusia da merkurioa, izan ere.
76 kasu diogunean, EBk ezarritako mugak gainditzen diren kasuez ari gara. Zenbait elkarte ekologistak diotenez, hortik behera ere kutsadura dago; haien ustez, Europak malguegi jokatu du gehienezko kopuru onargarriak zehaztean. Espainiako Ecologistas en Acciónen esanetan, europar araudiak ez ditu kontuan hartzen ez batez besteko kontsumoa, ez eta kontsumitzaileen gorputz-ezaugarriak ere. Hala, EBren irizpideak ez dira, inondik inora, FAO/OMEren Batzorde Mistoak ezarritakoak bezain zorrotzak. Datu zehatzak nahi badituzu Ecologistas en Acciónek helarazi digun idatzi honetan aurkituko dituzu.
Merkurioaren kalteez idaztea legokidake orain, baina eginda daukat lan hori duela ez hainbeste. Elikagaien kutsadurari buruzko erreportaje honetan, koadro oso bat eskaini nion gaiari (joan erreportajearen amaieraraino). Ordutik hona arrain askotxo jan dudanez, eta horren ondorioz zehaztu gabeko metilmerkurio kopuru bat metatu dudanez nire organismoan, ziur naiz nire garuna ez dela gai izango orduko hura baino testu hobea ekoizteko. Honenbestez, jatorrizko bertsioa gomendatzen dizut, besterik ez baita izanen. Kontuz arantzekin.

Erralderen itxieraren aurkako kontzentrazioa, urtarrilaren 12an (Argazkia: Erralde).
Bihar aste bat beteko da Durangoko Erralde hiltegia itxi zutela, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren aginduz. Astebete darama Bizkaiak hiltegi barik, Karrantzakoa –udalean aritzeko baimena baino ez daukana– kontuan hartzen ez badugu. Itxura guztien arabera, eta zorionez, egoera hori ez da asko luzatuko. Erralde afera, nolanahi, ekonomiaren lehen sektorea, ekonomia bera azken batean, ulertzeko modu antagonikoen arteko borroka agerian uzten duten hamaika adibideetakoa da.
Gehiago irakurri…
Hilaren 10etik 12ra Elikadura-Alergiei buruzko Nazioarteko Sinposiuma egin da Bartzelonan. Besteak beste, EuroPrevall egitasmoaren txostena aurkeztu dute bertan. 25 herrialdetan egindako ikerketaren emaitzak jasotzen ditu txostenak; hemeretzi Europakoak. 100.000 lagunen kasua aztertu dute ikerlan eskergaren egileek, eta ondorio nagusia da, nire aburuz behintzat, elikagaien ondoriozko alergiak azken hamar urteetan bikoiztu egin direla. Gehiago irakurri…
ETB2-k ematen duen Escépticos saioari buruz jardun naiz berriki ARGIAn. Papererako idaztean gertatu ohi denez, leku faltagatik zenbait gauza gehitzeko gogoz geratu naiz. Gogo hori asetzeko idatzi ditut lerrook. Hala ere, ohartarazten dizut, irakurle, oraingoan nahiago izan dudala bideoetan oinarrituta osatzea artikulu hau. Luze jo dezake, baina merezi duelakoan nago. Tartetxo bat bai?
Noan mamira. Aipatu berri dudan artikuluan diodanez, Escépticos-ek konbinatu egiten ditu oso publiko zabal batek ondo irentsiko dituen kapituluak eta zientziaren ikuspuntutik hain argi ez daudenak. Transgenikoei eta genetikoki eraldatutako organismoei (GEO) buruzko kapituluan, hasierako aurkezpentxoa amaitzeko aukeratu duten esaldiak argi erakusten du beraien asmoa: “Batzuek dioten bezain txarrak dira?”. Hona bideoaren lotura (gaztelaniaz baizik ez dago): http://www.eitb.tv/es/#/video/1198821594001
Saioaren helburua jendartean zabalduen dauden gezurkeria ez-zientifikoak desmuntatzea da, egileek eurek diotenez. Hau da, haien ustez, transgeniko eta GEOak kaltegarriak izan daitezkeeneko ustea gezurkeria ez-zientifikoa da, nahiz eta kapituluaren amaieran, badaezpada, zalantzaren aterkiarekin beren burua babesten saiatzen diren (benetako eszeptiko batek egin behar lukeena, bidenabar). Tira ba, gezurkeria ez-zientifikoaren adibide batzuk erakutsi nahi dizkizuet, transgeniko eta GEOen balizko arriskuez ohartarazi arte errespetagarritzat hartuak izan ziren zenbait zientzialariren ahotik.

Marie-Monique Robin, Le monde selon Monsanto-ren egilea. (Arg.: Dani Blanco).
Le monde selon Monsanto (Mundua Monsantoren arabera) dokumentalaren zati bat dago ondoko bideoetan. Gaztelaniazko bertsioa duzue hemen, eta frantsesezkoa hemen. Gutxi gorabehera dokumentalaren 46. minutuan hasten da ipini dudana. Le monde selon Monsanto oso-osorik ikusteko gomendatzen dizuet biziro –hala nola izen bereko liburua irakurtzeko–, baina oraingoz nahikoa izango da 56:25eraino doan zatian arreta jartzea. Hor hitz egiten da, hain zuzen, Mertxe de Renobalesek Escépticos-en bideoaren 35. minututik aurrera aipatzen duen ikerketa “isolatu” horretaz. Bide batez esan dezadan saioaren egileek nik bezain eskura izan dituztela bideo hauek.
Niretzat, betidanik, eszeptiko izateak bertsio ofiziala ezbaian jartzea esan nahi izan du. Eta transgenikoen gaian, zientziaren bertsio ofiziala –posible balitz “zientzia” izate bakar monolitikotzat hartzea– Escépticos-ek defendatzen duena da, ez alderantziz.
Beste lotura batzuk:

- Yoani Sanchez.
Yoani Sanchez izena idazten baduzu Google-n, Kubako erregimenaren aurka borroka txalogarria egiten ari den heroi baten biografia idazteko adina material agertuko zaizu, lehenbiziko orrialdetik irten gabe. Internet da Sanchezek darabilen arma, Castrotarren uhartean gertatzen ari dena mundu osoari jakinarazteko. Honezkero jakingo ez bagenu bezala! Baina tira, eskertzen dugu blogari-aktibistaren ahalegina. Gehiago irakurri…
Plastikoari buruzko erreportajea kaleratu berri dugu ARGIAn. Aipatu dugu, nola ez, erabilpen bakarreko plastikozko poltsen auzia, nahi bezain sakon jorratu ez badugu ere. Ustez nahikoa kontsentsu biltzen duen gaia da, maila teorikoan behintzat. Esan nahi dut, itxuraz ia mundu guztia dagoela ados, plastikozko poltsa horientzat alternatiba bilatu behar dela; desadostasuna metodoetan dago, eta erritmoetan. Batzuek oraintxe bertan debekatuko lituzkete guztiz. Besteek astiroago joan behar dela uste dute. Baina denak bat datoz: plastikozko poltsak desagertuko beharko dira noizbait, eta horien ordez poltsa berrerabilgarriak eraman beharko ditugu erosketetara. Gehiago irakurri…

(Arg.: Unai Brea)
Barkatu egidazue, arren, izenburuko nahaste-borrastea. Ordenagailu aurrean orduak eta orduak ematera ohituago, zorabiatuta nauka azken boladan hartu dudan kaleko kazetaritza dosiak, eta dagoeneko ez dakit zer idazten dudan. Batez ere, barkatu hitz bakarrean lizunki batu izana erakunde publikoek hain bestelako jarrera agertu duten auzi bi. Bilboko kontuekin nahikoa lan badu Iñaki Azkunak, eta ez du seguruenik astirik edukiko Berango apal batean jazotzen direnei erreparatzeko. Hala balitz, ikusiko luke posible dela propietate pribatuaren eskubide sakrosantuari aurka egin gabe malgutasunez jokatzea, bere alderdiko alkate batek erakutsita gainera. Gehiago irakurri…
“Egin dezakegunaren mugara iristen ari gara. Bilboko Udala da legea betearazteko ardura daukana, eta ez du egin”. Jose Angel Esnaola, Errekaldeberriz elkarteko abokatuaren berbak dira, Bilboko Administrazioarekiko Auzietarako 5. Epaitegiak Kukutzaren eraistearen gaineko etena bertan behera utzi eta minutu gutxira. Galdera bikoitza egiteko deitu diogu Esnaolari: epailearen erabakiaren aurka helegitea aurkezteko aukera dago? Baiezkoan, egingo duzue? Gehiago irakurri…

(Argazkia: M15M-Bizkaia)
Atzoko egun luzearen ostean, Kukutzaren desalojoak eragindako informazio guztia bilduta eta digerituta, analisi lasaiago baterako une egokia dateke oraingoa. ErNEk, Ertzaintzaren sindikatuak, hedabideei igorritako prentsa-oharra erabiliko dut abiapuntu gisa. Gaztelania hutsez bidali du ErNEk bere idazkia, ohi duenez. Merezi duelakoan, euskaratzeko lana neureganatu dut. Hona: Gehiago irakurri…

Errekalde auzoko erdigunea erabat okupatu du gaur Ertzaintzak. (Arg.: Unai Brea)
“¿Vosotros qué cojones hacéis aquí? ¡A la puta mierda! ¡Aquí no pintáis nada!”. Gutxi gorabehera hitz horiekin gonbidatu gaitu ertzain batek alde egitera, auto biren artean makurtuta geure burua gomazko pilotez babesten saiatzen ari ginen taldetxo bati; tartean, kazetari bi. Orain dela bost ordu inguru gertatu da hori, Bilboko Errekalde auzoan, Kukutza gaztetxetik hurbil. Denbora tarte hori igarotzen utzi dut hau idazten hasi aurretik, ulertzekoa den momentuko amorruak ez ziezadan eragotzi gaurko gertakarien kronika zintzoa, demagogiak eta aurreiritziek kutsatu gabea, egiari atxikia… idaztea. Ez dakit lortuko dudan.
Gehiago irakurri…