Eguberri on

Sarrera hau pello-zubiria-(e)k idatzi du / Abendua 24, 2009
Atala: Irratirakoak

[Euskadi Irratiko "Albiste faktoria"ko iritzi tartean argitaratua, 2009-12-21ean]

Egun on, entzule.
Esku artetik ihesi doakigun urte hau zorionekoa izan da. 2009a izendatu genezake “herritar asko astotik erori gineneko urtea”. Astotik erori kristauek San Pablo Damaskorako bidean erori zela dioten moduan: Jainkoaren tximistak itsututa lurrera ziplo erori, kazkarreko galanta hartu… eta ikusi nahi ez zuen egiarekin egin topo. Guk 2009an ikusi dugu urte askotan sinetsi nahi izan ez dugun egia bat baino gehiago. Egia handi horietako bat hau da: ekonomia ez da denbora luzez itzuliko duela bi urte arte bizi izan genuen beroaldi hartara, ez eta langabetuen kopurua jaitsiko urte luzetan. XXI. mendeko krisia lehertu zenean horrelakoak esaten zituztenak “Kasandra” katastrofistak zirelakoan erabiltzen zituzten ostikoka jakintsu maioritarioek, eta horra non orain Europako buruzagi nagusiek elkarrizketa guztietan errepikatzen duten. Hona beste egia bat: joan den astean “El Pais” egunkari txintxoak bi orrialdetan jakinarazi digu Espainian urteotan eraiki diren azpiegituretako asko ia alferrikakoak direla, zorra besterik ez dutela eragin, efikazia irizpideen arabera onartezinak direla. Oraintsu arte “antisistema” zoroak ziren, terroristak ezean, salatzen zutenak gure atarietan egiten ari diren edo egin nahi dituzten autopista, autobia, tren laster, intzineradora, portu erraldoi eta abarrak… guzti horiek bankuak gizentzeko eta politikariak komisioz elikatzeko direla. Ikasi dugu zerbait 2009an. Beste egia bat gehiago, asteotan aitortu dutena agintariek eta komunikabideek: zorretan itota daude instituzioak, gastuak murriztu behar dira, ongizate gizarteari eusteko dirurik ez omen dago, mutur askotatik moztu beharko ei dira diru publikoak. Entzule, Gabon Gaueko izarra bezala azaldu da egia ilunpetan: belaunaldi pare baterako zorretan itota gaude. 2009an gezurrik handienei ipurdia agerian geraturik, urte berriak, 2010.ak, aukera berriak dakarzkigu; guri dagokigu probestea. Batetik, zorpetu gaituzten bankero eta politikariak zigortzen hasi gintezke. Bestetik, lortzen badugu fazismorako tentaldiari ihes egitea, ikasiko dugu zoriontsu izaten gutxiago edukiz, eta daukaguna hobeto elkarren artean partikatuz.
Eguberri on, entzule.

Erantzun bat idatzi

beharrezkoa
beharrezkoa, ez da publikatuko
aukerazkoa
*

Aurreko sarrera:
Hurrengo sarrera: