Gero eta zaharragoa da gure gizartea
Atala: Gizartea

Maria Angeles Durán.
Ez zen nire intentzioa Udako Ikastaroetako mamiaren berri hain zati txikietan ematea, baina azken egunetan denbora txukun kudeatzen ez dut asmatu eta ez naiz aulkian eserita egon behar beste denbora. Zeinek esan denborari buruzko jardunaldietan izan naizenik!
Ikaragarri gustatu zitzaidan Maria Angeles Duránen hitzaldiari azken zukua aterako diot ondoren:
Behin baino gehiagotan azpimarratu zuen soziologoak gizartea zahartzen ari dela, eta dependentzia egoeran dauden horiek zaindu egin behar direla. Orain zein ari da zaintzen beharra duen hori? 65-75 urte arteko emakumeak, adibidez, doan ari dira lan horietan. Zenbat balio du emakume horiek egiten duten lanak? Erakunde publikoak horren kargu egingo balira zenbat kostako litzateke lan hori eurotan?
Denboraren kudeaketaren gaian hiru hankako erronka daukagu: umeekin zer egin? zaharrekin zer egin? eta dependentzia egoeran daudenekin zer egin? Hiru kolpetan honela marraztu zituen hiru hankak: bat: umeena “konpondu” dugu gutxi ekarriz; bi: zaharrak gero eta osasuntsuago daude, esate baterako jubilatu berriak, eta beren kabuz bizitzeko gai gero eta gehiago dira; hiru: dependentzia egoeran daudenekin zer? Orain emakumeak zaintzen dituzte. Bi alternatiba ikusten ditu Duránek: produktibitatea igo eta diru gehiago erabili zaintzarako, edo zaintza lana gizarteko kideon artean elkarbanatu. Egin behar ez dena ondokoa da: emakumea lan merkatutik atera eta 300 euroko laguntzaren truke etxean besteak zaintzen utzi.



