Udaltop 2010. Gazteak sare sozialetan

Sarrera hau onintza-irureta-(e)k idatzi du / Apirila 28, 2010
Atala: Euskara

Jon Aizpurua

Jon Aizpurua

Nerabeekin zuzenean lotuta ez bada ere, sare sozialez ikerketa burutu zuen duela gutxi arte Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Koordinazio Zuzendaria izan den Igor Calzadak. Haren faltan, Jon Aizpurua HPSko Ikerketa Zerbitzuko kideak aurkeztu zuen sare sozialez ia bukatuta duten ikerketa.

Twitter, facebook eta tuentiko erabiltzaileak aztertu dituzte sakoneko elkarrizketak, eztabaida taldeak eta behaketak eginda. Lehenengo sarearen erabiltzaileak teknofiloak dira, bigarrenarenak era guztietakoak eta hirugarrenarenak 14 eta 25 urte artekoak. Jon Aizpuruak azpimarratu zuen nola euskaldunaren erradiografia aldatzen ari den, orain elebidun askoren lehen hizkuntza gaztelania da, giro erdaldunean bizi da… Zenbat eta gazteago orduan eta gehiago honelako egoerak, beraz, mundu errealean ez daukana mundu birtualean jaso dezake.

Hizkuntzaren erabilerari dagokionez, ez dago alde handiegirik mundu errealaren eta birtualaren artean. Gehiengoak (taldea eleanitza da) darabilen hizkuntzak irabazten du, gaztelaniak. Euskaldunak bestelako azpitalderen bat identifikatzen badu beste hizkuntzaren bat erabiltzen du, edo ingelesa edo euskara. Kalean gaztelania erabiltzen duenak sarean ere hala egiten du, eta kalean euskaltzaletzat dituen kide solteekin euskaraz egiten duenak sarean ere bai.

Euskara zertarako darabilte erabiltzaileek? Bada mezu laburrak bidaltzeko, zoriontzeko, abertzaletasunaz hitz egiteko, euskarazko ekitaldien eta herriko jaien berri emateko. Euskal hiztunak euskara eta gaztelania nahastuta erabiltzen ditu, baina gaztelaniaz bizi denak ez darabil euskararik.

Erantzun bat idatzi

beharrezkoa
beharrezkoa, ez da publikatuko
aukerazkoa
*