Benetan?

Martha Marcy May Marlene

Martha (Elizabeth Olsen) eta haren ahizpa (Sarah Paulson).

Benetan? Olsen bixki gatzgabe horien ahizpa gaztea da filmeko protagonista? Bada, argi dago familia horretan talentua nork duen. Elizabeth Olsenek ederki antzeztu du sekta batetik alde egin duen neskaren oinazea, nahasmena, pixkanaka paranoia bihurtuko dena. Eta ederki antzeztu du sekta barruan bizi dituen hasierako lilura, ondorengo beldurra. Flashback bidez tartekatzen dira bi istorioak pelikulan, baita Martharen buruan ere –hori baitu egiazko izena, nahiz eta sekta barruan Marcy May deitu, eta Marlene izenez erantzun telefonoa hartzerakoan, sektako gainerako nesken antzera–. Gehiago irakurri…

Pilotarien gainkargak eta beste hainbat zalantza

Merino, Titin, Laskurain eta Xala, Binakako Txapelketako txapeldun eta txapeldunordeak / irekia.euskadi.net

Buruz buruko pilota txapelketa hasi berritan, pasa den igandean Titinek eta Merinok (bikain jokatuta, dena esate aldera) irabazitako Binakako txapelketari buruzko lauzpabost galdera:

1) Normala al da partiduetan pilotariek jasaten dituzten gainkarga eta lesioekin (bat baino gehiago ikusi ditugu txapelketa honetan) hain laxo jokatzea? Alegia, mina duenak (edo norgehiagokaren gogortasunagatik xehe-xehe egina dagoenak) nahi bestetan eta nahi adina denbora aldageletara erretiratzeak nola eragiten dio partiduari? Enpresen Ligako arautegiak ez du gainkargen afera aipatzen, baina Aspeko Komunikazio arduradun Ibon Arakistainek argitu didanez, “larrialdi medikoa denean, pilotaria aldageletara/erietxera sartu daiteke nahi beste alditan. Hori bai, aldageletara/erietxera sartzen diren bakoitzean epailea ere haiekin joaten da eta berak erabaki dezake pilotariak emandako arrazoia balekoa den ala ez”. Maltzurra izan da nire hurrengo galdera: plantak eginez edo leher eginda dagoelako atseden pixka bat hartzeko beharrez, pilotaria aukera horretaz baliatzeko arriskurik ez al dago? “Gaur arte, ez da egon pikareskarik eta sartu diren denak osasun arazoengatik sartu dira”, arrapostua. Gehiago irakurri…

Irakaskuntza pribaturantz

Protesta Altsasuko Lanbide Heziketako Institutuan.

Sistema publikoa ahultzea da pribatizazioaren ardatzetako bat. Zerbitzu publikoaren lan-baldintzak kaskartzen dituzunean, nahikoa inbertitzen ez duzunean, baliabideak murriztu eta kudeaketa txarra egiten denean… muzin egiten diozu kalitate ona mantentzeari. Sistema publikoarekiko irudi txarra zabaltzen duzu, eta are gehiago, jendeari sinestarazten diozu zerbitzu publikoak ez direla eskubidea, pribilegioa baizik, testuinguru ekonomikoak baldintzatuta. Hezkuntzarekin ari da gertatzen (eta laster izango dugu Osasun arloko murrizketa neurrien berri). Gehiago irakurri…

Don Vito eta akolitoak

Marlon Brando eta Al Pacino, Vito eta Michael Corleone aita-semeak fikzioan.

Martxoaren 15ean 40 urte egin zituen Francis Ford Coppolaren The Godfather apartak, aitzakia ezin hobea mafia italoamerikarra –botere borroka, ustelkeria, familia, mendekua, negozioa– gai duen filma berrikusteko. Azken finean, ezaguna zaigu istorioa: pelikula irekitzen duen ezkontzaren eszena luze eta gogoangarrian nola, ospakizun alaian eman ditugu egunak, eta alboko gela ilunean, don Vito eta akolitoak aritu dira azpijokoan, lokatzetan eroso. Sotilagoak dira egungoak, ez dituzte zaldi buruak uzten ohean, ez dute etsaia sokaz itotzen; nahiago dituzte neurrira sortutako legeak, mehatxuak eta txeke zuriak. Garaiotako Corleonek ez du Marlon Brandoren ahots urratuarekin hitz egiten, ahapeka adosten ditu eskupekoak, eta jokoa baino, adreilua, errauste plantak, hirigintza, espekulazioa ditu negozio-iturri. Haatik, familia zutabe garrantzitsua da oraindik, esleipenak eta goi-karguak banatzeko garaian.

Ikusi ditugu gurean funts-desbideratzeak –lapurretak, hizkera jatorrean–, irregulartasunak museo eta erakunde publikoetan, golf zelai eta lursailen salerosketa zalantzagarriak, epaile eta agintarien prebarikazioak, opari festak. Baina The Godfather-ko mafiosoen dotorezia eta estiloa falta zaie, gaurkoek trakets jokatzen dute, egun argiz eta lotsagabe. Fikziozko mafiak bere alde du klasiko bihurtu den Nino Rotaren musika-banda zirraragarria, ikuslea harrapatzeko gai den tentsio dramatikoa, Coppolak erabilitako plano berritzaileak, pelikula guztia zipriztintzen duen giro beltza, Marlon Brando eta Al Pacinoren interpretazio bikainak, buruan iltzatuta geratzen diren esaldiz osatutako gidoia… “Aitak edozein gizon boteretsuren antzera jokatzen du, senatari edo presidente baten antzera”. “Ez izan inozoa, Michael, senatariek eta presidenteek ez dute jendea hiltzen”. Isilunea. “Zein da hemen inozoa?”. Inozoenak gu, ospakizun alaia betiko izango zela sinesteagatik.

Ikasleei etxeko lanak bidaltzearen aurka daude gurasoak

Ikasleei etxeko lanak bidaltzea kaltegarria izan daitekeela uste du Alfie Kohn irakasleak.

Hamabost egunez, eskolatik bidalitako etxeko lanei muzin egitera, grebara deitu berri du Frantziako Estatuko guraso elkarte handienak, Ikasleen Gurasoen Kontseilu Federazioak (FCPE), eta blog bat sortu dute horren inguruan. Haurrei etxeko lanak bidaltzearen onura ez duela inork frogatu eta etxean laguntza jaso dezaketen eta jaso ez dezaketen haurren arteko ezberdintasuna handitzen duela argudiatu dute. Frantzian, 1956tik zirkular batek debekatu egiten du lehen hezkuntzako ikasleei idatziz egin beharreko etxeko lanak bidaltzea, baina  askotan ez da betetzen. Alfie Kohn irakasleak argi du, etxeko lanak ez dira beharrezkoak eta gainera ez dira onak; hala azaldu du The homework myth (Etxeko lanen mitoa) liburuan. Gehiago irakurri…

Lagun ez hain minak

"Lagun mina" film laburraren kartela eta fotograma.

“Noizbait Euskal Herrira bazoaz, aterpea duzu nire etxean”, esango dio Ekaitzek oporretako bidaia batean ezagutu berri duen Roman kolonbiarrari. Itsumustuan eta asko pentsatu gabe esaten diren esamolde horietakoa da, baina batzuek hitzez hitz sinesten dituzte halakoak, edo sinetsi egin nahi dituzte. Azken finean, gure behar eta nahietara egokitu ohi dugu errealitatea, eta bakarrik dagoenak laguna nahi du. Errealitatea, ordea, ez da beti gure behar eta nahietara egokitzen, eta lagun berria duela uste duena kolpera konturatu daiteke bakarrik jarraitzen duela. Gehiago irakurri…

Geopolitika eta anti-industria Oscarretan

"A separation" film iraniarraren irudia.

Hollywoodeko ordezkari aske eta garbiek [barreak] erabaki dute dagoeneko nortzuk merezi dituzten igandean banatuko diren Oscarrak. Baina Film Onenaren eta Ingelesez Ez Den Film Onenaren sariak faborito direnek irabazten badituzte, kuriosoa izango da. Gehiago irakurri…

Ia 2.800 etxe huts eta erabilgarri Donostian

Kepasakonlakasa plataformaren irudia.

Gipuzkoako hiriburuan hutsik eta aprobetxagarri dauden etxebizitzak 2.783 direla kontuan hartuta, jendea bizitzen jartzeko irtenbide erraza eskaintzen duten 500 etxebizitza ingururen zerrenda osatua (PDFa gaztelaniaz) aurkeztu dute gaur goizean Kepasakonlakasa plataformako kideek. Bankuari etxea ordaindu ezin diotelako kale gorrian geratzen den jende kopurua geroz eta ugariagoa den garaiotan, agerikoa da kontrastea. Azken finean, etxetik kaleratutakoen kasu partikularrak laguntzeaz gain, sakonagoa behar du aldaketak: etxebizitza politikan bada zer egina. Gehiago irakurri…

Hezkuntza erreformaz hitz (itsusi) bi

Hezkuntza sistema, alderdi politikoen menpe.

Rajoyren Gobernuak, boterera iritsi eta berehala erabaki du hezkuntza ereduan eskua sartzea. Lege berria atera baino, errazagoa (eta azkarragoa) da erreformak egitea, eta hala bideratu du, di-da batean. Nahiz eta zalaparta gehien sortu duena Heziketa Zibiko eta Konstituzionala delako ikasgai berria izan (Herritartasunerako Hezkuntza ikasgaiagatik ordezkatu dute, balio ideologiko batzuk bestetzuengatik, azken finean), ez da gehiegi eztabaidatu beste aldaketaren inguruan: Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzari (DBH) urtebete jan eta hiru urtera luzatu dira Batxilergoa eta Lanbide Heziketa. Gehiago irakurri…

Begirada berri bat egunero

Abuztuaren 31n Gonzalo Izak ateratako argazkia, "Udako ekaitza".

Fotografia digitalaren aroan, argazki galeria eder askoak aurki ditzakegu Interneten. Flickr bezalako ekimenek benetako artelanak biltzen dituzte, eta erakusleiho aproposa dira kamerarekin atzemandako irudiak zintzilikatzeko. Flickr-en argazki ugari ditu bilduak Gonzalo Iza 27 urteko zumarragarrak, horietako hainbat Una foto por día (Argazki bat eguneko) bere blogetik arrantzatuak. 187.000 bisita baino gehiago izan dituen webgune hau 2011n zehar osatu du Izak, egunero foto bat igoaz. Bilduma erakargarria biribildu du, paisaiak, erretratuak, animaliak, jana (arau eta sekretu propioak ditu janari-argazkilaritzak), egunerokoan ikusitako detaileak eta inguruko txokoak dotorezia handiarekin irudikatuz. Gehiago irakurri…