Azken komunioa (Pour sa femme)

Xabier Lete zuzenean/ Azken kontzertua. Errenteria 1999-IX-25.  Diskoetxea: A&M Kultur Promotora. CD-Bikoitza.  Musikariak: Xabier Lete. Pascal Gaigne (gitarrak). Txema Carces (baxua). Pello Ramirez (txeloa). Joxan Goikoetxea (akordeoia) Karlos Gimenez (pianoa).

Xabier Lete zuzenean / Azken kontzertua. Errenteria 1999-IX-25. Diskoetxea: A&M Kultur Promotora. CD-Bikoitza. Musikariak: Xabier Lete. Pascal Gaigne (gitarrak). Txema Carces (baxua). Pello Ramirez (txeloa). Joxan Goikoetxea (akordeoia) Karlos Gimenez (pianoa).

Xabier Leteren Azken kontzertua bere azkeneko komunio handia izan zelakoan nago. Errenterian gauzatua, bi partetan emana, bi CDtan jasoa heldu zaigu. Hari baten bila ibili naiz komunio gogoangarri haren oihartzunak zabaldu eta partekatzeko. Aitortu dezadan hasteko eta behin: musikan neofito naiz, beraz, nire hari musikala ahul samarra dukezu.

Goraipatu ditzadan hasmentan bost musikariak, euren soken eta teklen doinu trebe-ausart-herabeak goratu ere. Bostekoaren musika-noten uztarketak aho zabalik uzten nau. Bat-bederaren emana apartekoa begitandu zait, eta guztiena, batera, sotiltasunaren emaria. Hainbesteraino liluratu nau emaitzak, ezen, kantak estudioan moldatuak ote ziren pentsarazi zidala une batez. Hots, musikariek berek pasarte zenbait berriz ere joak zirela eta egungo teknikarien eskutik kantak berrosatuak ote ziren. Koitadu halakoa! Ez andereak, ez jaunak, kontzertuan jotako notak entzun ziren legez ditugu entzungarri. Pascal Gaigneren notak magistralak dira, Joxan Goikoetxearen eta Pello Ramirezen notetan eztiki kulunkatzen zara aldi berean. Txema Carcesen baxua presente dago betiere, nabarmendu barik baina.

Karlos Gimenezen nota(k) ezin nabarmendu gabe aipatu, ordea: bikaina. Xabier Leteren inoizko grabazioa duzu Azkenekoa, Leteren hitzak eta Gimenezen musika moldaketak –hainbat kantaren konposaketa, barne– berezko nortasunaz uztartu dituena. Bi CDtan, emanaldia 11 + 10 musika piezaz gorpuztua dago, hitzak eta doinuak mihisetan harilkatuak geratu dira behin betiko; autorearen 20 predikuz edo aitzinsolasez apaindua. Xabier Letek ez zuen, bizirik zegoela, Azkeneko hau argitara eman nahi. Emaitza heriorena ere bada modu batez, ezin heriotza eta bizitza bereizi poeta honenganako gure irudimenean.

Pertsonok barne eta kanpo bizipenek osatuta gaude, eta kantuotan halaxe ageri ere oiartzuarraren izaera: Biographia, Malkoak euri balira, Agian, Zuk badiozu, Jardin bat zuretzat, Xalbadorren heriotzean, Ni naiz, Nafarroa, arragoa… eta Lizardi! kantetan dautza bere baitatik baitarako hitzak. Bere barnetik haragoko oihartzunak berriz, Habana, Txile, Katalunia, Paris, Pio Baroja, George Brassens eta Jacques Brelengan aurkituko dituzu.

Pentsa dezakezu betiko kantak daudela bilduman. Eta halaxe dituzu. Alabaina, emaria iturri zaharretik heldu den ur berritua duzu. Xabier Leteren izatearen elikagai zaharrak, solasek eta kantek utzitako irudi hilezinak: gorputz eta zuhaitz baten tristura eta pozaren abarrak. Oiartzungo poeta-kantariak azkeneko arnasekin ordaindu nahi izan zizkigun antzinako zorrak.

P. S. :  Azken komunioa (Pour sa femme) ipini diot orri honi izenburu. Argiako 2316 zenbakiko Abarrak delakoan doan testua da.

Pour ma femme edo Lourdesen alde!

Ezin paperaren mugetan dena idatzi, eta orri mugagabe honetan ere, laburrean hobe.

Pare bat eranskin testuari, beraz:
1. Disko honek hainbat kantu inedito biltzen du. Jacques Brel-en urrezko seiko kanta sorta. Poeta-kantariak diskoan grabatu gabe utzi zituen kantetako batzuk dira. Bera zendu ostean, idazki bat zuzendu nion eta amaieran hauxe adierazi:

– Barkatu, baina ez dizut barkatzen Jacques Brel-en kantuak zure ahots “kaskarrean” grabatu gabe –argitara eman gabe– partitu izana.
Xabier Lete partitu zen baina, ez digu huts egin –niri ez dit huts egin behintzat–. Bihoazkio nire eskerrak lan postumo honengatik, nire “barkamena” barne.

2. Brel-en kanten artean Les timides dago, Letek Lotsatiak izenez emana. Azken kontzertu hartan Jardin bat zuretzat eskaini zion bere emazteari, Lourdes Iriondorentzat berariaz konposatua kanta, beraz. Kanta hau, gaur egun ezagutua eta preziatua bada ere, orduan ineditoa ere zen. Lotsatia zen Xabier Lete. Euskaraz ez zen ausartu esaten, eta kanta frantsesez (Pour ma femme) eta ingelesez (For my wife) eskaini zion bere emazteari.

Neroni kantaldian nengoen, eta handik bi egunetara Pour ma femme izenburuko iruzkina idatzi nuen kontzertuaren kariaz.

Lan eskaera zen. Eta, halabeharrez, gaztelaniaz idatzi nuen.

Bizitza paradoxa sorta da! Baita horien gogorapen sorta ere!

Kanta, kontzertua eta diskoa Lourdesen alde! legez gogora ditzagun, baita Lourdesi esker ere!

 

 

Joxemartin Bengolain-en oroimenez

Txomenarena Parkea: Joxemartin-en oroimenez

Txomenarena Parkea: Joxemartin-en oroimenez

Iragan otsailaren 28an zendu zen eta atzo (martxoaren 1ean) agurtu zuten herriko lagunek: Idiazabalen, Joxemartinen jaioterrian. Izalen, bertakoen hizkeran.

John Lennon-en Imagine kantaren doinuetan (The Beatles zeukan gustuko Joxemartinek) hasi eta bukatu zen ekitaldia.
Artean, lagunen hitzek, doinuek, kantek, bertsoek eta aurreskuak goretsi zuten Joxemartin izan zena.

Ekitaldia xumea bezain hunkigarria –eta adierazgarria– izan zen, Txomenarena parkean. Laikoa. Gure mundua aldatzen ari den seinale. Guretako edonork hartuko luke berarentzat tankerako agurra.

Koadrilak eta lagunarteak estimatu duten seinale hori ere.

Hitzak hitz, luzetsi gabe, horra Iñaki Murua gabiriarrak Joxemartinen oroimenez ekitaldian abestutako bertsoak:

Joxemartin Bengolain Etxeberriaren oroiminez

San Inazio auzoan
Iturraldeko goxoan
bizia edaten ikasi huen
amaren altzoan,
jolas haurtzaro osoan
zelaia ez bazen basoan
natura ta hi, hi ta natura
elkarren pausoan.
(berriz)

Bi pausotara mutila
labe goriko opila
eskerrak babes eta abaro
hor huen koadrila,
herri mina hain hurbila
bihotzak atximur pila
mundurik mundu hor joan hintzen
haize berri bila.
(berriz)

Amets askotatik bueltan
haize(-he)goak besoetan
hartuta jarri hire biziko
maittearenetan
liluraren ordainetan
kimu berriak loretan
hire gogoa orain bizi duk
euren bihotzetan.
(berriz)

Sortzetik lurraren fruitu
berriro berekin batu
hik bezala guk hori diagu
azkenean patu!
Berriz lurrean ernatu
Udaberrian loratu
Begiak dizdiz hi ikusi nahiz
Baietz gerturatu.
(berriz)

Aske haiz lagun, zintzo, fin
hire gogoa behinik behin
soinaren mugen trabarik gabe
hegaldiai ekin.
Beti arte Joxe Martin
txoko bat duala jakin
hire herrian, hire lurrean
hire maiteekin!
(berriz)

Doinua: Mendian gora haritza.

*   *   *

P. S.: Neronek joan deneko hamabost urteetan ezagutu dut Joxemartin. Ane eta Jon seme-alaben mundu aldiaz geroztik. Aldian aldian ikusi dugu elkar Joxemartinekin, irakaskuntza jarduera tarteko: Myriam haren bikoteak, eta honen lanbide kideek –Ana, Jaione, Marijo, Mari Carmen eta nire hurbileko Anak– osatutako irakasle lagun koadrilaren artean.

Myriam, Ane eta Jon, laster arte!

 

Johañe Pitrau (1929-1975)

Atharratzeko Johañe Pitrau

Atharratzeko Johañe Pitrau

Lan eskerga –eta eskergarria– egin du Pello Zubiriak otsaileko Larrun (162.) pentsamendu aldizkaria osatzeko. Emaitza ikusirik, “Prefosta, Johañe Pitrau laboraria süjeta izaki, ezinbertzean” pentsatu dute hirurogei eta laurogei urte arteko laborari zuberotarrek. Zuberotarrek eta Iparraldeko laborariek orobat, baita, oro har, hauen etxeko segida hartu zuten seme-alabek ere. Gehiago irakurri…

Aremix –gure katua– gogoan!

Aremix

Aremix

“Otsaila firili faraila” dio esaerak. Hilabete kaskarina eta zoroa dugu otsaila. Nik txorien lehen kantuak sentitu ditut dagoeneko. Sentitu al dituzue zuek? Egun epelak sentitu ditut, baina, egun hotzak ez dira joan: hotzak eta hormak nozitzen ditugu oraindik ere. Istorio erreal baten kontari nator, etxeko supazterretik.

Gehiago irakurri…

Claude Labat

Claude Labat irakasle eta ikerlea

Claude Labat irakasle eta ikerlea

“Oraina da interesgarria, ez iragana, ez geroa ere”. Claude Labat irakasle eta mitologia ikerlearen maxima bat duzu. Argiako pertsonaia izan da asteon. Elkarrizketatuarekin izandako solasaldiak hamaika txatal ematen ditu –irudika dezagun publikatutako elkarrizketa jantzi baten antzera–, eta paperean moldatzean hainbat zati –eta ertz– moztu behar izaten ditugu.

Honatx, txatal puska horiekin pertsonaiari egindako beste soineko bat:

1. Iraganaz

“Eskolatze kaotikoa ukan nuenez, gogo berezia ukan nuen beste gisa batez erakusteko. Ene ibilbidean zailtasunak zituzten ikasleez –besteez baino are gehiago– interesatu naiz. Saiatu nintzen –beste lankideekin batera– urte osoa irauten zuten diziplina anitzak biltzen zituzten proiektuak lantzen.

Fisika-kimika eta arte plastikoak uztartzen saiatzen ginen, alde zientifikoak eta letrakoak –literatura bereziki– batera lantzen. Frantzian joera baita ikasgai denak zatitzeko: matematika, hizkuntzak (frantsesa, ingelesa, gaztelania, euskara…), zientziak… Dena zatika ematekoa.

Horiek biltzea, eta irakasten eta ikasten dugunari zentzu ematea izan zen gure nahia. Konparazione: Anton Abadiaren bizitza ezagutzera eman genuen –bere mendeurrena kari– Hendaiako Abadia eremuan; 14-15 urteko ikasleei ikasturte batez. Abadiak landu zituen diziplinak uztartu genituen: alde zientifikoa, literarioa, artearekikoak… Lurrari atxikiak beti ere”.

Ikaskuntzari begira kritikoa: Frantziako irakaskuntza drama da
“Ni kritikoa naiz irakaskuntzaren aitzinean, ikastea ez baita aski kulturaz jabetzeko. Frantziako irakaskuntza drama da, kultura desagertu da. Txikiei arteen historiaren irakaspena ematen zaie. Adibidez, ikasturtean margo bat ikusten erakusten zaie, baina ez egiten. Txikitatik egin behar da ordea, esperientziatik abiatu behar da. Egungo sisteman margolariak ateratzen dira, baina merkaturako, ekoizteko… Estatuaren esklaboak sortzen dira hartara”.

2. Orainaz: dozena bat zatiren ertzak

1. Lauburu Elkartea:
“Gauza asko bideratu ditu. Mitologia aztertzeaz harago joan da, habitata ikertu nahi baitu, arkitektura”.

2. Arkitektura:
“Arkitektura egungo euskal kulturaren sinboloa da. Zoritxarrez, antzinako etxaldeak imitatu ditugu eta hirian ezarri”.

3. Euskal Herriko estela diskoidala:
“Antigoalekoa ez imitatzea funtsezkoa da, eta Lauburuk hori egin du. Hots, kultura modernoa badago eta horietan funtsatu da”.

4. Etxaldea edo baserria:
“Beharrezkoa eta funtsezkoa da. Domaia da, euskal kultura bertan geratu izana”.

5. Euskal etxea hirian:
“Maleruski ez dugu hiriko berezko etxea sortu. Euskal etxea hirian sortzeko dago, hots”.

6. Euskal Herria:
“Ni bizi eta zoriontsu naizen tokia”.

7. Euskal mintzaira:
“Euskara ez mintzatzea da ene bihozmina, ez dut arazo bihurtu alabaina”.

8. Anuntxi Arana:
“Bere lana biziki maite dut, gardena delako. Ni ez naiz antropologoa, ez mitologian aditua ere, baina informazioa eskatzen diodanean errazki onartzen eta ematen dit”.

9. Thierry Truffaut:
“Antropologo. Ene Basajauna. Kuttuna. Laketgarria”.

10. Claude Dendaletche:
“Naturalista. Asko lagundu nauen laguna. Begirada zolia dauka. Bere ikuspegi honekin bat egiten dut: “Euskal Herria ez da uharte bat, artxipelagoa da”.

11. Claude Iruretagoyena:
“Laguna, benetakoa, sortzailearen alde eroa duena. Berarekin aitzina beti!”.

12. Ixtorio mixtorio sorkuntza:
“Harreman baten hastapena, Claude-rekin. Euskal tradizioa gordez eta errespetatuz, tradizio berria sortu dute. Iruretagoyena-ren ikuskizunak laketu ninduen, eta haurrak eta gazteak ere bai”.

Geroaz:

Libre parcours de la mythologie basque avant qu’elle ne soit enfermée dans un parc d’attraction (Euskal mitologiaren ibilbide librea, jolas-parke batean sartu izan aitzin). Bere azken liburuaren titulua duzu. “Luzea bezain esanguratsua da” idatzi dut bere Nortasun agiriaren laukian. Horra, azkenik, Claude Labaten azken eleak:
“Irakasle nintzela, eskola guztietan ibili nintzen Lauburu elkartearen lana azaltzeko, historiaz bereziki. Mitologiaz, aldiz, ez genuen gauza asko, zerbait idatzi behar nuela esaten zidaten lagunek, mitologia ez zela ongi dokumentatua. Nik erretretan egotean egingo nuela agindu nien, eta hitzari eutsi diot. Erretretako lehen egunetik idazteri ekin nion. Liburu hau lau urte eman dut idazten eta azkena ilustratzen”.

Claude Labati nire esker onak emanez, hauxe nire azken nahia: Euskal Herriak –bere historia eta mitologia barne– ibilbide libre egin dezala. Ez dezagun jolas-parke batean sar gaitzaten utzi. Otoi eta arren! Amen.

 

Sortuko ahal dira besteak!

Euskararen bihotza hala ote?

Euskararen bihotza halakoa ote?

Urtarrila joan da, ilbeltza. Jaizkibelgo hegian, Aiako haitzean, Xoldoko gainean edota Larrun kaskoan elurraren zuria ikusi ondoren, izotzaren beltza dakusat karrikan, ene leihotik.

Urtarrilaren 13an Jon Sarasuak “Euskararen kinkak” ekarri zizkigun Hendaiako Beltzenia-ra. “50 urteko aroa joan da. Nolakoa? Nola dago euskara?”, itaundu zuen jendartean hizlariak.
Mintzaldietan “diagnosia, gaixoa, baikor edota ezkor” eleak agertzen direnean, malo. Edonola ere, har diezaiogun Sarasuari hitzaren adiera baikorra: elurra nola, euskara malo-malo ari da. Elurra mara-mara, hots, Txillardegi joan berri den neguan, hotz.
Euskarak corpusa hartu du joan deneko mende erdian. Itzela. Hezkuntzan errotu da gure hizkuntza. Kontzientzia ere hartu du euskal hiztunak. Gorputz horrek irauterik ba ote du XXI. mendean zabaldu den jendarte “ezezagunean”? Erantzuna: hotz eta bero.
Hots, galdera: euskara hiztunen baitan osorik bizi daiteke, iragan mendeko euskal elebakarrean baitan nola, teknologiaren eta kosmologiaren aro berrian? Ez espazio-ontzi batean kontserbatzeko baina, espazio berrietan bizitzeko, alajaina!
Atxabaltxarra ez zaigu guztiz ezkor agertu, alafede, euskaldun osoa izaten segitzeko, partzialki, urrats funtsezkoak ematea kontsegitu dugu. “Kontsegitu, bai kontsegitu”. “Erreusitu berriz?”. Azken hitzok eneak dituzu irakurle. Sarasuaren hitzak interpretatzeko ele joko bat asmatu aldera, munduaren, oro har, eta euskal munduaren dibertsitatea, orobat, hizpide ekarri aldera.
“Derrigorrezko” –militantezko– garaia joan zaio euskarari, paradigma berriak landu behar ditu euskarak. Gizaldi honetan (datozen beste 50 urteetan) pertsonak ekosistema zaindua behar duen gisan, halaxe behar du euskarak garatu ere bere habitat. Euskararentzako habitat bat eraiki beharra daukagu. Baina ezin dugu jada gure jarduna sublimatu, hots, gure mezuak ezin du, “euskara eta kito” izan! Prefosta, ametsik gabe, ez dago gerorik. Euskarak utopiaren mezua atxiki behar du hein batean.
Sarasuaren hitzaldiak gehiago eman zuen eta askoz gehiagorako ere ematen du. Hurrengo batean agian luzatuko dut nire jardun mugatu hau. Agiantzak betetzekoak direla oroimenean (h)i(l)tzaturik, noski, palabra de vasco “hitza hitz” izan dadin menturan, alegia.
Jaizkibel, Aia, Xoldo eta Larrun mendiek osatutako zirkuaren erdian ari naiz. Ez naiz zirku hitz modernoaren adieran, jatorrizko hitzaren arieran baizik. Eta pentsu dut: Laboa joan zen, Lete ondoren eta Txillardegi berriki. Urtarrilean baina, Tere Irastortza poeta egon da Bidasoaren magalera, Eta orain badakit liburu kari, Hendaiako Mediatekan nahiz Irungo Kabigorri Ateneoan. Tere berriz ere jinen zaigu. Karmele Igartuaren Itsaso kontra bat itsatsiko dio bereari, Mendi Zolan-en; martxoaren 24an. Benito Lertxundi ere jinen da, martxoaren 31n.

Izarren hautsa bizigai bihurtu da Bidasoan

Izarren hautsa bizigai bihurtu da Bidasoan

 

Urtarrilean, Sortuko dira besteak… kontzertuaren lehen emanaldia izan da Irungo Amaian. Martxoa, Euskararen hilabetea da Hendaian. Izarren hautsa bizigai bihurtu da Bidasoan. Aro berri baten abiaburua ote? “Sortuko ahal dira besteak!”.

P. S. : 2012ko otsailaren Irunero aldizkarirako (202. zenbakia) ondutako testu honek, sarrera hau darama: Eleak 202a ari naiz iruten otsail hasi berrian. Edo bestela erranik: 202 ele behar ditut Eleak iruten 202ko sarrera saretzeko. Bon, aro berriko zenbaki palindromo hau hasteko ele joko sorta besterik ez.

 

Leilaren iturri begiak

La source des femmes edo emakumeen iturbegia

La source des femmes edo emakumeen iturbegia

La source des femmes / Emakumeen iturbegia. 2011.
Zuzendaria: Radu Mihaileanu. Aktoreak: Leïla Bekhti, Hafsia Herzi, Biyouna, Sabrina Ouazani, Saleh Bakri. Hiam Abbass.
Generoa: Komedia dramatikoa.

La source des femmes filma komedia dramatikoa da. Radu Mihaileanu, bere zuzendaria, Bukaresten jaio zen 1958an. 1980an, Nicolae Ceausescu-ren Errumaniatik ihes egin zuen Israelera, aitaren sorlekura, errefuxiatzeko. Alta, bada, zine errealizadore frantsesa da.

Istorioa –historia garaikidea– herri txiki batean gertatzen da, Iparraldeko Afrikaren eta Ekialde Hurbilaren arteko lurralde zehaztugabean. Emakumeak antzinako denboraz geroztik iturrira doaz urketara egunero, mendi patarretan goiti eta beheiti, eguzki bero astunaren pean. Leila (Leïla Bekhti) gazte ezkonberriak maitasuna ez egiteko (Grève de l’amour) proposatu die herriko emakumeei: “Gizonek ura herrira ekartzen ez duteno, agortu dira eurentzako gure laztanak”.

Gizon-emazteen arteko gatazka herrixka musulman batean gertatzen da, hots, Koran-en legeak agintzen duen lurraldean. Ilargia sekula ezkutatzen ez den lur idorretan, gizonezkoen irudira antolatutako jendartean. Emakumeak arbasoen usadioen menpe bizitzera behartutako inguruabarrean, eiki. “Emakumeak ur bila joan ohi dira mendez mende, gizonezkoen menpean errotutako tradizioa da” diotso Leilari Fatima amaginarrebak. Fatima Sami-ren ama da (Hiam Abbass eta Saleh Bakri, hurrenez hurren). Sami eta Leila bikotekideak dira. Jakina denez, amaginarreba ama politikoa da. Ama munduko izate zoragarrienetakoa da, baina “politikoa” izenordea daramanean bestelako izakaria dukezu –Leila– maitea.

Gizonezkoen aburuz “eguzkiak emakumeen kaskezurrean jo ezezik, burmuinak usteldu dizkie”. Ez dago beste azalpenik. Emakumea eguraldia igartzen duen txoria da, denborari aurre egiten dion izakaria, azal zuloetatik kalipua bor-bor isurtzen duena…

Antigoalekotik heldu zaigun kondaira, to!

“Zergatik ez dugu erabakiko gizonek bezala, zergatik? Ez dugu amore emanen”, dio Leilak. Leilak Sami dauka alboan: “Borrokatzeko eskubidea duzu printzesa, ekiozu. Egin maitasunaren gerra, baina egin maitasunez eta errespetuz” diotso Samik. Leila baina, deabruak hartuta dago tribuko Allah-en gizonen begietara. Leilak Vieux Fusilen (Biyouna) sostengua dauka hala berean, andre kuraiosa: “Eutsi, ez etzi Leila! Erakutsi  iezazkiezu zure kuraia eta sentimenduak!” diotso arbasoen usadioen ekarle den herriko atso-agure sorginak.

Gerra hasten denean bukatzen jakitea da zailena. Amaitzen jakin behar da ordea. Gerran, gainera, gure izatearen alderdi ezezagunak azaleratu ohi ditugu, Leilaren azal izerditsutik kuraia nola.

Baina, hara, horiek guztiak zuk zeuk idoro beharko dituzu irakurle, emakumeen iturbururaino bide eginez.

P. S.:  Kultura saileko Abarrak (2.311 zenbakian argitaratua).

Oharra: Paperezko ARGIAn doan ele sorta baino aise hitz gehiago merezi du Radu Mihaileanu zuzendariaren filmak. Bai, horixe! Laburzurrean bada ere, erran dezadan, gaiaren garapen zoragarria goratzeaz beste, filmaren beraren errealizazioak azpimarratzea merezi du. Erran nahi baitut, Radu Mihaileanuk ongi baino hobeto menperatzen dituela  zinemaren arteak, Radu Mihaileanuk ongi baino hobeto dakiela ere aktore-zerrenda zuzentzen. Hitz batez, liluratzen nau ekialdetik datorren argiak, liluratzen nau ere Hollywood basamortuaren ez besteko irriak.

 

Tere

Tere Irastortza Mediatekan

Tere Irastortza Hendaiako Mediatekan. Argazkiak: Jean-Pierre Artola

III. Neguko Poesia kari heldu zen Hendaiara joan den larunbatean. Bere lehen poesia liburua kaleratu zuenean (Gabeziak, 1980) Teresita zen.
Egun Tere da. Tere Irastortza poeta (Zaldibia, 1961). Alta, bada, etxekoentzat Teresita da oraindik ere, baita jaioterrian halaxe deitu ere. Poesia liburu sorta esanguratsua irun du harrezkero.
Akelarre elkarteko Literaturaren menturan taldekoen eskutik heldu da zaldibiarra, azken liburua galtzarbean: Eta orain badakit. Eta guk menturazaleok liburuaren zioaz gure jakin gogoa erakutsi diogu poetari.
Eta berak, besteak beste, “gabeziak” zituen gazte hark, orain “badakiela” erakutsi digu. Haatik, ez digu soilik erakutsi idazten dakiela, jende aurrean jarduten ere ederki dakiela erakutsi digu.
Hona poetak eskaini zigun –ekimen– jantziaren haritxo zenbait:

Terek kontatutakoaren harian jakin dakigunez, Gabeziak liburuan “titi buruak” hitzak edo antzekoak idatzi zituen bere poesiaren lerroen artean. Eta nork eta Federiko Krutwig handiak egin zuen liburuaren iruzkina. “Neskatxa baten biluzte moduko izan bide zen liburua”. Edo halako zerbait, buruz ari naiz-eta.
“Baina, baina… zer idatzi ote den bada, neska?” entzun behar izan zuen poeta gazteak etxean. Haiek komeriak, haiek Gipuzkoako Goierriko Aralarren magalera zabaldu ziren hitzak eta zirtoak.
Gurasoekikoaz gainera, bere osaba batetikoak ekarri zizkigun hizpidera Terek, taldeko kideekin hitz aspertuan lehenik: usaiak eta usainak. Etxeko hotsak eta hotzak. Espazioak eta denborak. Aldarteaz, hitzen soinuaz, hitzen tonuaz, isiltasunaz mintzo zitzaigun. Gaixotasunez eta amodioez ere jardun zuen aske antzean.

Jendartean goxoan

Jendarte goxoan

Ondorenean, jende multzo zabalagoaren aitzinean, zutik, hasieran amini bat lotua, baina erabat aske finitzean, bere testuen irakurketan aritu zen aise. Gorputza hartu zuen ahotan eta bere gain: emakume heldu baten gorputza, ama ere den andrearena.
Zoriontasuna, edertasuna, erlijioa, ideologia… Transmisioa eta oroitzapenak. Bizitzaren une ederrak eta latzak, batzuk zein besteak elkarren ondoan baitatoz eta baitoaz….
Poesia –edo liburua orobat– definitu zuen. Hots, liburua sagarra antzirudi dezakegu une batez: azala zuritzen dugu eta mamia dugu edireten. Eta mamia irentsi ahala, berriz, haziak aurkitzen. Hots, lurren laborantzan hazia legez, hazia ere da liburuaren lehengaia.
Terek poesia idaztean erritmoa zaintzen du bereberki.
Erritmoaren jardueran berealdikoa baitugu denboraren moldaketa.
Luzetsi barik. Honatx, erritmoaz  eta denboraz orain gehixeago dakien poetaren ele sorta:

Ez dugu sekula nahi adina denbora hartu
eta horregatik ohi da
beti, hain gurea, hartu dugun denbora.

P. S. : Tere Irastortza, Aitor Furundarena musikariarekin batera, Irungo Kabigorri Ateneoan izanen duzu otsailaren 8an, asteazkenean: 19:00etan.

Joseba Sarrionandiari gutuna

Kaixo Joseba: Zer gisa? Ona desio!

Dinosarua hor nonbait dabil, moroak eta euskaldunak nola

Dinosaurua hor nonbait dabil, moroak eta euskaldunak nola

Cuando despertaba, el dinosaurio todavía estaba allí”. Bai, Joseba, Moroak zegoen mesanotxean. Urte bat luze eman zuen dinosauruak bertan, nik –gogotik– oratzeko zain. Mairu armatuak goizez eta gauez behatzen zidan, xalo, baita zemaitzaile ere. Eta nik, behin eta berriz, Augusto Monterroso plagiatzen nuen, nire burua desenkusatu nahian. Edo!
Aidanez, ongi ageri denez, zure koordenadak –geografikoak, espaziokoak nahiz denborakoak– eta nireak –gureak– ez dira hemisferio berekoak. Edo!
Urte bat erran dut, eta urtearen buruan Eusko Jaurlaritzako kultur sailekoek gaztigatu eta zigortu zidaten: “Aizu Moroak saritu(ko) diagu. Saritu, sarritu edota zorriztu”. Baita bidenabar, bazterrak “ederto” inarrositu, pentsatu nuen nihaurek.
(Iazko) … abendua heldu zen gurera eta zure Moroak-ek nire ohantzean leku hartu zuen gauero, burusi, mihise eta izaren artean. Aldian-aldian, aldatu izaten nuen etxeko beste geletara, baina bereziki oheko posturak erasan zidan giltzurrunetan. Moroak eta ni borrokan jardun genuen-eta luzaz ohantzean.
Espazio horretan, abendutik ilbeltzera, egin zuen bide denborak, eta nik ere harekin, nire espazioan tinko, dinosaurua eskuetan, tinko. Eta behin amaitu ostean –kapituluko bizpahiru oren eman ostean, 3 bider 33: 100 ordu eman nituela kalkulatu nuen–,  hilabete luzearen ondoren, urtarrilean jada… “Ostra! Bitxia eta eskerga da gero zure Moroak”, pentsatu nuen. “Hori perla puska!” Bakizu zer otu zitzaidan amaitu eta lehenengo unean? Hauxe: “Daukadan lasaigarri bakarra munduon, hiltzea da, hiltzea eta pentsatzea ez naizela mundu honetakoekin beste mundu delakoan topo egingo”.
Krudela baita historia gero. Benaz eta zinez!
Moroaken “aurkako” azken bultan lau-bost oren eman nituen, goiz hartan bertan Irunero aldizkarirako erreseina idatzi behar bainuen. Hasi nuen idazten eta hara, hasmentan, “Izkiriaturik aurkitu dudan ene saiakera” heldu zitzaidan kolpez burura.
Eskerrik asko, orain badakit ez garela moroak, edo, bai, badakit agian moroak garela. Bai baitakit –historiako– intelektualek –Elizak, besteak beste, eta nagusiki– gure baitakoa eta gure pentsamendua osatu dituztela. Ez garela guk gure buruaz dioguna, geure definizioz, besteek definitu gaituztela, eta zentzu horretan, halaxe dela espainola, frantsesa, kristaua edo dena delakoa deitzen gaituztenean. Baita separatista deitzen gaituztenean ere, konparaziorako hau ere.
Ni ez naiz separatista ordea, definizioz. Neronek ez baitut sekula neure erabakiz bat egin aurreko izate edo deitura horiekin. Guk euskaldunok (independentistok, edo horren kontzientzia dugunok) ez dugu erabaki Espainiarekin edo Frantziarekin bat egitea, beraz, ez dugu zertan haiengandik bereizteko edo separatzeko eskatu beharrik, ez dugu zertan separatista agertu behar… Izanik ere, hasteko eta behin, ez baita ongi ikusia, ez da elkartasunezko keinua separatista agertzea.
Beraz, Etxeparek eta Leizarragak, Matalas, Santa Kruz, Sabino, Unamuno, Campion edo Agosti Xaok edota haien hurrengoek iraganean aldarrikatu zutena ez zaigu balio orainean. Funtsean, historia gure izatearen adibidea baita, adibide anitzen adibideen araberako adibideen atal sorta. Adibidea, horixe. Hortik aurrera, nork berea.
Iragana ere Axular da, eta hark Gero bi zatitan emana laga zigun. Nik, Moroak eskuetan, bi ataletan banandu dut zurea: historiak laga diguna eta zure pentsamenduak ekarria. Berau baina, parte bakarrean emana heldu zaigu: historiatik jaso duzu/guna zure emari joriarekin baltzuan. Iragana ondo dago ezagutzea, baina iraganda balio zaigu bereziki. Hots, garena jakitea ondo da, baina are hobeto da  izan nahi duguna jakitea. Ez dago iraganik, lehendik –iraganetik– heldu zaiguna geroa da, etorkizuna hots.
Asperraraziko zaitut luzamenduetan. Hara, honatx hondar berbak amaitu alderat.
Behinola, Argiak 2000. zenbakia kaleratu zuenean, zurekin akordatu ginen, baita zu zeu ere gurekin ederto portatu –eta porturatu ere. Kalaportu aldean bizi zinen, bizi, ibili, edo, hor itsasoan barrena nonbait. Lagun izoztua (*) idatzi zenuen garaia zen, edo garai haren ostean, han nonbait. Ipar hemisferioan sumatu zintudan, eta ez nintzen ausartu esaten, zu zinela –edo zu sentitu zintudala– lagun izoztua. Bon, orduan izoztua geratuko ote zinen kezkak hartu ninduen, edo apur bat kezkatua ibili nintzen behinik behin. Gaur badakit, Hego hemisferio aldera aldatu zarela nonbait, eta mairuen artean edota basamortuan bizi eta ibili arren, ez zarela urtu, ezta desagertu ere. Eta pentsalari emaro eta oparoa izaten segitzen duzula horregatik. Hori xantza! Gurea diot, euskaraz pentsatzen saiatzen garenona.
Kolosala izango da esloganaren karietara akordatu naiz berriki zurekin. Nik –orduko ere– nobela hartaz buruan daukadana hauxe duzu: Zirkua zetorren –Cirque Krone– Kalaportura edo hor nonbaitera –buruz ari  nauzu–. Zirkua etortzeaz batera II. Mundu Gerra bete-betean ari zen mundua. Gure mundua. Gaur egun zirkua ez da gehiago etortzen gurera, edo bekan, edo gutxitan… Bo, Cirque du Soleil delakoa bai, baina hori izari “apartekoa” duzu, beste dimentsioetakoa, eguzkietakoa…
Zer gura duzu esatea, hara, gure herria “xumea” izan ezezik herri “umea” duzu. Egun, zirkua gure eguneroko bizitzan instalatuta dago. Bizitza espektakulu itzela bihurtu dugu gero. Orain, nik eta ni bezalako ezkorrek zirkua ezezik III. Mundu Gerra sumatzen dugu hurbil –Bon, beste herri xumeak ere aski herri umeak dira, eta herri handiak ere ume handiak dira. Enkas, diot. Ez dadin inor haserre–.
Harira: Bilboko Autonomia kalean denbora luzaz kolapsatuak geundela, Astepeko Sekretarioaren hitz lau hauekin akordatu nintzen:
“…Bilbon eztagoela sobera kanorerik, sobera zentzurik (…) Profetak ere zorritasunez kutsa litezkeen… (..) Gu ezkara hemen lasai bizi. Guk eztugu sentitzen paradisu bat. Dantek ere etzuen holakorik asmatuko. Hau da basatza haundi bat (…) Hemen ito egiten da libertatea (…).
Lehenengo egunean egon nintzen Bilboko Bizkaia –Gabriel Gernikakoan egon zen–  frontoian eta “leihoak ikusirik han goian pentsatzen dut gure gauza galdu zela sasoian”. Zer nahi duzu esatea, nork bere zeinua jitea eta patua bizi ditu. Bon, ez niri kasurik egin.
“Bizitza nola badoan” dio Oragarreko poetak, eta halatsu nirea edo gurea ere. Ez dezagun etsi, beraz! Atxik!
“Zazpi urteko zure lanak zazpi etxe Frantzian merezi ditu”.
Horra agurrean bururatu zaizkidan berba arranditsuak. Bai baitakit, zuretzat arranditsuak direla. Behinola “Nahiko lumpen naiz eta ez dut ondasun handirik. Susmatzen dut hiruzpalau liburu izango direla utziko dudana oinordean”, erran zenigun-eta.
“Ez Frantzian, ez zazpi ere, baina etxe bat baduzu Euskal Herrian” diotsut beraz.
Ez gaitezen serio jarri ordea.
Mintza gaitezen edertasunaz.
Ruperen doinu eta hitzokin, agurtzen zaitut.
Adiorik ez!

Hango geroa heldu da

Hango geroa heldu da

Edertasunaz mintzo zinen,
harrapa ezinaz.
Gordean ostatu horietan
ilunabarretan.
Baina denbora ihesi doa,
eder dena berarekin,
ahal bezala ari zinen
bizitzea geroko utziz.
Askatasunaz mintzo zinen
baita gogotik ekin,
borrokara emanak
eta bizitza dohainik.
Eta denbora ihesi doa
hatz zikinduen artetik,
zenbat galdu behar izan den,
zenbat min eta huts egin.
Bizitzaz mintzo zara orain,
hango geroa heldu da,
bete gabeko asmotaz,
kalteaz eta ordainaz.
Baina denbora ihesi doa
berandu baino lehen, tori,
kantutxo hau zuretako da,
adixkidea, ondo bizi.

P. S.: (1) Idazle lagun ezezagun hori, eskutitza hau ez da amaitua, eta naski, zenbait pasarte fikziozkoak izatea igurikatzen dizut. Ofizioz kazetari izaki, idazlearen imajinazioa suspertu beharrez idatzia.

(2) Bestalde, badut ere nolabaiteko arrangura bat. Zure idazlanen jarraitzaile batek liburuaren izenburuan akats bat antzeman du, hots: Moroak al gara  behelaino artean? izan beharko lukeela dio, ez arrazoirik gabe, antza. Al partikula galdetzailea ez duzula idatzi dio, haserre. Nik egia erran, batetik, zure des-ikasi beharreko maxima gogoan dudanez, ez naiz “arras” jabetu  “akatsa”z. Akatsa den kasuan, izan ere, doktoreak baititu elizak, eta ni eliza horretan ere akolito nauzu juxtu-juxtu. Bon, zuk erranen duzu. Edo erranen diozu… akolito eta mezulari honi.

(*) Bide batez erranik, eta oraingoa amaitzeko, garai hartan edo, hor nonbait, gure Letren Errepublikako Errege (sic) batek honela epaitu zuen zure eleberria: “Liburu ona da, baina nobela ez”. Ni ez nintzen deus esatera ausartu, tira funtsezko deusik ez.

Mikel Asurmendi

 

 

Txillardegirenean: zoriona eta zorigaitza baltzuan

Txillardegi Dani Blancoren begietan

Txillardegi Dani Blancoren begietan

Larunbat arratsa zen. Telefonoak jo zuen: “Txillardegi hil da”. Gaur Egun albistegia, ETBn: “Hiru ETAkide atxilotu dituzte Frantzian”. Biharamunean, igandean, Elkartasun Eguna izan zen Larresoro herrian, preso eta iheslarien aldeko urteroko ekitaldia. 1958an ETAren sorreran parte hartu zuen Txillardegik. Larresoro izengoitia ere erabili zuen. 1929ko irailaren 27an jaio zen, eta 1975z geroztik Gudarien Egunean betetzen zituen urteak.
1957z gero euskaltzain urgazle izan zen, baina ez zen egundo euskaltzain osoa izendatua izan, hiru bider proposatua izan zen arren. 1967an ETA utzi zuen. ESB (Euskal Sozialista Biltzarrea) alderdiaren sortzaileetako bat izan zen, baina 1980an kanporatu zuten. 1987an HBren sorreran parte hartu zuen, baina Lizarra-Garaziko garaiaz geroztik etxe hura ere utzi zuen. Aralar alderdiaren sorreran parte hartu zuen, alta, alderdi hau ere laga zuen. Zoriona eta zorigaitza baltzuan zeuden Txillardegienean.
Fatalitateak esetsi zion hiltzeraino politikarenean. Txillardegik,  Monzonek antzo, abertzaleen batasuna hobetsi zuen, haatik, Txillardegirentzat EAJ alderdi erregionalista bilakatua zen aspaldion. Politika ez zuen lagun izan, euskara bai ordea. Euskarak eraman zuen abertzaletasunera eta Batasuna euskararenean erdietsi zuen. Euskara batuaren ugazaita izan zen beste anitzekin batera, eta Euskara Batua eraman du behin betiko bere baitan.
Jose Luis Alvarez Enparantzarenean hainbat Txillardegi bizi izan ziren, alta, bada, Txillardegi bakarra izan da.

Oharra: Aurreko testu  baino luzeago bat idatzi nuen larunbatean, ilunabarrean. Luzeegia eta nahasgarria nonbait. Gogorik izanez gero, baduzu leitzen segitzea. Areago, agian, egunen batean, Txillardegi hizpide gauza gehiago jalgiko zaizkit golkotik.

Txillardegi: lekukotasunak, kronologiak…

Ni jaio nintzen urtean (Urretxu-Zumarraga 1958) sortu zuten ETA.
Guk “Gu gazte giñadela” abesten genuen urteetan (1975 aldean)  Txilladergi izen bitxia zen (Jose Luis Alvarez Enparantza, Donostia, Antigua. 1929). Guretzat bitxia zen ere Txillardegik Alvarez deitura izatea. Txillardegi Euskaltzaindia zen, baina ez zegoen Euskaltzaindian. Txillardegi ETA zen baina jada ez zegoen ETAn. Txillardegi Elsa Scheelen zen, eta guk “ginen” aditza ikasi genuen. Txillardegi bitxia zen.
Pertsona heldua nintzela jada (1998 urte aldean) elkarrizketa nuen lehen aldiz Txillardegi. Neroni oraindik ameslari, Txillardegi Komatxo artean literatur saioan bildu nuen, saio bakarrean mundua biltzea helburuz neronek ere. Euskal Herria helburu (1994) segitzen zuen Txillardegik. Euskal Herria –euskara, politika, literatura, hizkuntza, irakaskuntza… – hizpide eta nahi –ia ginen guztia– ezin laburbilduz, Antigua auzoaz eta Santa Klara, gure uharte ezezagunaz mintzatu ginen.
Harrezkero, Txillardegiren peskizan ibili naiz kazetari lanetan –haren mundualdia adierazteko helburuz, baita Jose Luis pertsona helburu ere–.

2004an inguratu nuen etxe honetara, Argiara. Iritzi sailaren nire ardura tarteko. Unibertsitate elebidunak idatzi zuen estrainakoz (2004-05-02) eta La banda (2010-12-12) azkenekoz. Anartean, Txillardegi Herri Batasuneko izana zen, baina jada ez zen. Aralarreko zen, baina jada ez zen. ANVkoa zen, baina jada ez zen. Ez zen Batasunekoa ere. Txillardegi zen.
Txillardegi hainbat aldiz solastatu izan dut harrezkero. Elkarrizketatu berriz –kazetari lanetan–, nik nahi baino gutxiago. Telefonoa eta Internet izan ditugu zubi hamaika bider. Euskal Herria helburu sortu zen ETA, baita borrokan ahitu ere. Txillardegi Internet-erekin borrokan legez, konparaziorako. Hona e-postaz Txillardegirekin trukatutako azkeneko hitzak (2010-06-21) –hitzetako batzuk–:

Kaixo Mikel:
Honekin batera bidaltzen diat Zezen hilketa erraldoien garaia artikulua .
Ongi iritsi zaiala gaztigatzea eskertuko nikek.
Zer moduz Hendaian? Badakik nik Hendaian pasa nuela sei urte. Eta harra barruan zeukeat garai hartaz oroitzen naizenean.
Besarkada bat.
Txillardegi

Egun on Txillardegi,

Pozten naiz zure berri dudalako. Ondo zauden seinale. Hendaian ondo. Uda sasoian orain, bere abantailak eta desabantailak tarteko!
Bai badakit bai Hendaian bizitzaren aldi bat eman zenuela, zuk esana Hendaian topo egin genuen azken aldian –urte batzuk dira jada– nire alaba eta Jone emaztea tarteko!
Eskumuinak eman Jone-ri, goraintziak Joseba-ri… Zure besarkada jasoa, nahi duzun arte!
Gaztigatuko dizut artikulua noiz aireratuko den, ados!
Laster arte!
mkl

Egun on Txillardegi, (2010-07-07)
Zer gisa? Ona desio!
San Fermin egunean egun ederra dugu, Iruñean zezenak eta Argian zure artikulua. Ederki.
Heldu den astean izanen duzu kalean.

Oharra: noiz hartuko dugu trago bat elkarrekin? Bulebarrean, Barandiaran tabernan bertan. Zer moduz? Esadazu!
Laster arte!

mikel

P. S.: Eta bildu ginen Bulebarrean, Barandiaran-en baiki. Eta Euskaltzaindiak plazaratutako Leturiaren egunkari ezkutua eleberriaren ekarpena (XX. mendeko euskal narratibaren testuinguruan liburua) ekarri zigun opari.
Ezin ordea Txillardegi bildu hemen, gure mundu mugatuan.
Berriz arte Txillardegi, ez adiorik Jose Luis.