ETAren azken (aurreko) agiria
Atala: Politika
ETAren azkeneko agiriaren zain ginen aspaldion, eta iritsi da, antza, ETAren azken-aurreko agirietako bat.
Ni neu, hondartzan egongo nintzelakoan, bazkaria etxean prestatzen harrapatu nau agiriak. Gainerako zortzi bazkaltiarrek –eta euskal herritarrek– ez dute agiriaren berririk orainokoan izan. Urrun daude, alegia. ETAren agiri bat dela-eta, mahaia utzi behar dudala erran diet: “Lankide batek deitu dit, agiri berriaren gainean zerbait idatz dezadan”.
Berriak ez ditu aztoratu bazkaltiarrak. Ez dira euskal herritar guztiak, baina adibideak balio dezake laginerako.
Atzo, Zaldieroaren De Rerum Natura-n Non dago la pelota basqua? komiki tiran, pilotak ETA erakundeko bi buruzagi baztertuak eta zokoratuak zituen: “Egoera hau pixka bat itogarria da” zioen batek. “Bai” berresten zuen besteak.
Bazkaltzen hasiak ginela erran dut. Sarrerakoak jan ditut, agiria irakurri dut, eta zer erran dezaket?
Nire ustez, uste xume eta apalean –barkatu horrenbeste umilazioa– ETAk ez du osagai berririk ekarri mahaira –hau ez da analisia politikoa, bistan da–. Erran dezagun, dezadan, pilotari nola halako zartada jo diola gainerako eragileen teilatura botaz. Izan ere, ETA eragile baita izan. Igande eguerdian klase politiko guztia lanean jarri du ekintza armaturik egin gabe –jokaldi taktikoa inolaz ere–.
Banoa mahaira azkar demonio, nire bigarren platera garraztu baino lehenago. Bazkariaren digestioa nahastuko dizkidaten gainerako eragile politikoen osagaiak ez ditut entzun, irakurri eta usaindu nahi ere.



