Kazetarien obsesioa Twitterrekin
Atala: Internet,Zientzia eta teknologia

Twitterrekin obsesionatuta
Zer pentsatua eman dit Tu2is blogeko artikulu honek. Laburtuta, artikulugileak ironia handiz dio hedabide tradizionalak Twitter-ekin obsesionatuta daudela eta azken aldian, ez dagoela ekitaldi garrantzitsurik kazetariak Twitter bidez zer gertatzen den kontatzen ari ez direnik. Autorearen ustez, Twitterretik gertatzen ari den guztia uneoro kontatu beharrak, kazetariari ez dio lana ongi egiten uzten, ezta gogoeta egiteko denborarik ere. Galdera honekin amaitzen du artikulua:
Ba al du zentzurik profesionalik onenak telebistan ikus daitekeena fotogramaz fotograma kontatzen jartzeak?
Artikuluak dioenarekin ados nago neurri handi batean. Twitter bidez gertatzen ari den guztia kontatu behar horrek kazetari-analistaren lana neurri handi batean oztopatu egiten duela uste dut. Pello Urzelai Berriako kazetariak ere behin aipatu zuen gaia Elkarrizketaren bertsioak (edo kazetari multimediaren ajeak) artikulu argigarrian, parrafo batean pasadaz izan bazen ere.
Eta gutxi balitz… Twitter ere. Orain arte, ekitaldi edo gertakarien aldi bereko kontakizunetarako erabili dugu (inbestidura saioa eta Europako hauteskundeetako emaitzen kontaketa). Horretarako tresna praktikoa, bizia eta eraginkorra iruditu zait. Jendearen parte-hartzeri aukera handia ematen dio, gainera.
Ekitaldiak edo gertaerak SMS luzerako mezu bihurtzea ez daiteke soluzioa izan; eta hedabideari hori interesatuko balitzaio (arrazoiak ere egon litezke horretarako: beste hedabideen/konpetentziaren falta, gaiaren esklusibitatea/originaltasuna…), bigarren kazetari bat bidaltzea planteatu beharreko kontua iruditzen zait, gertatzen ari denaren transkripzioa egiteko.
Orain paperezko hedabideak irratia ala telebistaren ‘zuzenekotasun’ mailan jarri dira, eta potentzialtasun handiarekin gainera. Dena den, uste dut papereko azken produktuan kalitatea jaisteko arrisku handia dagoela honela, tresna berri hauek erabiliz okupatu baitiote kazetariari gogoetarako zuen denbora-tartea.
Honez gain, Twitterrek hedabideetan leku handia hartu izanak ez du esan nahi gizartean hala hartu duenik, eta neurtu behar litzateke zenbat jarraitzaile dituen zuzeneko erretransmisio horrek, eta zenbat irakurle hurrengo egunean paperean aterako den artikuluak.
Soluzioa (nire ustez!), tweet gutxiago, baina gogoeta/analisi/pista/sorpresa gehiago 140 karakteretan.



