Badok
Atala: Internet
Euskarazko musikagintzak aspalditik merezi zuen webgunea da Badok.info. Euskarazko literaturak armiarma.com duen gisara, euskarazko musikak badok.info izango du aurrerantzean. Ikaragarrizko lana da Berria-koek egin dutena (Eresbil-en laguntza eskertu zuten). Txapela kentzeko modukoa.
60ko hamarkadatik hasita, 2000. urtera arteko euskarazko ia musika osoa bertan topa daiteke. 160 biografiatik gora, diskografia, kantagintzaren historia, kantuak, diskoetxeak, hitzak (liruburuxkak eskaneatuta!!), bideoak, azalak, elkar lotutako testuak… Lan bikaina. Merezi du pixka bat kuxkuxean ibiltzeak eta webgunearen egiturarekin familiarizatzeak.
Aurkezpenean Martxelo Otamendik aipatu zuen, Egunkariaren garaietan sortzen hasi zirenean, “Larousse txiki bat” izan nahi zuen proiektua Larousse handi bat bihurtu zaiela eskuetan. Orduak eta orduak pasa daitezke euskal musikari buruz irakurri eta nabigatzen. Jon Eskisabel Berria-ko kazetariak koordinatu du proiektua.
Proiektu eder honi ilungune bakarra ikusten diot, eta hori lizentzien kontua litzateke. Azal gogorra litzateke Argia-k Copyright lizentzia izan (oraingoz behintzat) eta erabaki bera hartu izana kritikatzea gainontzekoei. Dena den, Creative Commons lizentziapean egon izan balitz, ederki balia zitekeen lan hau euskarazko Wikipedian euskal musikari buruzko informazioa hornitzeko. Copyright-arena inertzia dela uste dut, aldatzen joango den zerbait. Copyright-ak zeozer badu ona, hori da, kendu egin daitekeela.
Dena den, oso proiektu potentea.
Wikipediarekin gertatzen den gisan, orduak aidean joango zaizkio erabiltzaileari.




