Anbotoko “Infernuko Zubiko” arrokak zartatuko dituzte
Atala: Natura
“Infernuko Zubia” Anboto eta Alluitz mendien artean dago. Pasabide arriskutsu samarra da, alboetan 300 metroko bi amildegi dituena. Azken hamar urteetan, hamar bat lagun hil dira pasabide horretan eta Anbotoraino garamatzan ohiko bidean. Pasa den apirilean 58 urteko mendizalea zendu zen Infernuko Zubian, eta heriotza hark bultzatuta Bizkaiko Foru Aldundiak eta Mendizale Federazioak erabaki bitxia hartu dute: hango arrokak apur bat zartatzea.
Infernuko Zubian dauden harriak, denborak eta jendearen joan-etorriek zigortuak, lau eta irristakorrak bihurtu dira. Horregatik zartatuko dute harrien gainaldea, mendizaleen oinetakoek arroketan labain egin ez dezaten.
Foru Aldundiak eta Mendizale Federazioak diotenez, ez da gomendagarria Infernuko Zubian kateak edo bestelako euskarri lagungarriak jartzea, segurtasun sentsazio faltsua sortu eta nahikoa esperientziarik ez duten mendizaleak behar baino arrisku gehiago hartzera bultza ditzaketelako.




