Galdera hura eta Mikel Laboaren umorea

Sarrera hau gorka-bereziartua-(e)k idatzi du / Abendua 2, 2008
Atala: Musika
33247laboa2

Mikel Laboa.

Zapatila zikinek Bilboko Carlton hoteleko alfonbra gorria zapaldu dute; lodi sentitzen da oin azpiko luxua, lebitatzea bezalakoa da: “Non da diskoaren aurkezpena?” eta atzamarraren norabideari pausoa jarriz sartu dira areto dotorean. Diskoa hartu eta eserita, zapatilak txiki sentitu dira Bernardo Atxaga, Ruper Ordorika, Iñaki Salvador… aretoan sartzen ikusi dituztenean. Berdin zapatilen jabea, kulturaz eta ilusioz idazten duen webgune bateko kazetari hasiberria. Bete dira aulkiak, itxaron dute bera azaldu arte. Mantsoa da Mikel Laboaren pausoa Xoriek 17 diskoa aurkeztera doala.

Hiru urte beranduago, zapata sendoxeagoak putzuak salbatuz sartu dira erredakziora. Autoan disko bat entzuten etorri direnez, lankide baten ahotik jakin dute Mikel Laboa hil dela. Eta zapatek ez dute memoriarik, baina haien jabeak bai. Jabea akordatzen da klasetik hanka jokoa eginda joan zela diskoaren aurkezpenera; ikasle pisuko telefono linea kaxkarrak izugarrizko denbora pila behar izan zuela bere artikuluxka Internetera igotzeko. Baina batez ere akordatzen da prentsaurrekoan Laboari egin zioten galdera batez:

“Mikel, puede ser éste tu último disco?”. Isiltasun deserosoak hiruzpalau segundo iraungo zuen. Laboaren espresioa ez zen aldatu. Galdera egin zionari begiratu zion, barre murritza, eta erantzuna, ahots xumez, jeniala: “Pues espero que no, pero, no sé, igual mañana la diño…”. Jendeak barre egin zuen. Barre egin nuen nik ere. Ez dakit itauna luzatu zionak egingo zuenentz.

Etiketak: ,

Irakurleen erantzunak

Ederra iruditu zait! Ez du gehiago behar! Milesker artikulu honengatik… zer hobe Mikel Laboa gogora arazteko bizi dugun oihan beltz honetako txoriari errepara arazi baino! Bejondeiala!

#1 
Otsaida-(e)k idatzi du Abendua 2nd, 2008 @ 12:59 pm

Artikulu ederra benetan. Laboaren heriotzaren berri emateko modurik aproposena, kreatibitatez betea. Mila esker, Gorka, Laboaren omenaldi honengatik!!

#2 
Dorothy-(e)k idatzi du Abendua 2nd, 2008 @ 2:12 pm

Mikel Laboari agur esateko beharra sentitu dut egunotan baina ez nekien non ezta nola ere. Eskerrik asko hutsunea betetzeagatik, Gorka!

#3 
Zuru-(e)k idatzi du Abendua 2nd, 2008 @ 2:50 pm

Trackbacks

  1. Benedetti porno  on Maiatza 26th, 2009 @ 7:55 am

Erantzun bat idatzi

beharrezkoa
beharrezkoa, ez da publikatuko
aukerazkoa
*