Itsasoarekin embriagattoa, asteroideen antzokian
Atala: Musika

Zea Mays taldea, ARGIAren kontzertuan.
Ostiral gaua. Plateruena bete jende. Hiru kontzertu, memoriaren artxiboan giltzarrapo handiarekin gordetzeko modukoak. Ostiralean Durangon ikusitakoak pentsarazi egin dit. Izan ere, askotan esan da azken urteetan (aspertzeraino, egiaz) dagoeneko musika jaialdi erraldoiek bakarrik mugiarazten dutela jendea. Kontzertu ertainak desagertzeko bidean zirela. Ez nintzen tesi horren oso aldeko eta ARGIAren kontzertuak usteak indartu dizkit. Kalitatezko kartel bat egin, hiru euskal talde sendo agertokira eraman, eta entzuleak ez dira faltako: ostiralean Kerobia, Desordutan eta Zea Mays izan ziren. Ondoko lerroetan kontzertuaren kronika laburra.
Botila Kerobiak zabaldu zuen eta berehala busti ziren entzuleak aparretan. Ezin bestela izan: lau urtean hiru disko argitaratu dituzte eta bakoitzarekin entzuleak pixka bat gehiago harritzea lortu dute. Onartu behar dut, ez nituen atzora arte behin ere zuzenean ikusi, baina taldeak jendaurrera eramateko errepertorio sendoa du. Eta noski, kontzertuak borobiltzeko edozein taldek nahiko lituzkeen hit batzuk: azken diskoko Asteroideen antzokian artista eraila edo Rose Escargot laneko Esnatu naiz kantuek soinu borobila izan zuten. 45 minutu baino ez zituen izan Iruñeko taldeak; dena eman zuten, eta jendea gehiagoren egarriz geratu zen.
Han izan ziren harpidedun eta irakurleek ARGIAko langileok bezainbeste gozatuko zutela espero dut. Plazer handia izan zen horrelako jai batean zuekin topo egitea. Nahi duzuenerako, hemen gaituzue.



