
Mariano Rajoy, Espainiako hurrengo presidentea
Ezpainak beti bustita dituen gizona Espainian jaun eta jabe egin denez, atzeratu erlojuak, ez udazkenean bezala, ordubete, atzeratu hamaika urte. Aznarren 2000. urteko garaipena dator memoriara PPren gehiengo absolutua ikusita eta Don Beldur askoren etxeetako korridoreetatik promenatzen ariko da gaur, Aznarismoaren hats higuingarria bibote azpitik boteaz. Bitartean, hemen dago optimista izan nahi lukeen bat teklak jotzen, pentsatu nahian Marianismoa ez dela izango Aznarismoaren kopia berritua bakarrik. Gehiago irakurri…
Denak espainolak garela gauza jakina da; eta Espainia dela onena; eta gora Espainia; eta Espainia espainol guztion ama; eta Espainia destino amankomuna unibertsoan edo Jupiterren orbitan edo… Tira, berdin da, ze orain ja ez: garai berriak datoz Madrilgo prentsa ultrazentristarentzat. El Mundok ziaboga hasi du dagoeneko, Hegoaldeko euskal herritar guztiak ez direla espainolak onartuz. Bueno, edo horrelako zerbait. Gehiago irakurri…

Donostiako batzar batean hartutako irudia
Eszeptizismoa sanoa da, ezaren gudaz ezetza bakarrik sortzea ordea, gaixotasuna. Atzo gauean Donostiako akanpadan izan nintzen eta han hitz egin ziren gai guztien artetik autokritika batzordean sortutako eztabaida batek deitu zidan arreta. Kexu zen nire alboko gaztea, Donostian Madrilgo agenda erreproduzitzen ari direlako, baita dena elebitan egitea onartu ostean, erabakia betetzen ari ez direlako ere. Ondoren: hika-mika beroa, ondorio zehatzik ez eta Ana Malagonek asteartean zioen moduan, elkarrekiko mesfidantza —“elkarrekiko” diodanean, uler bedi soka horren mutur batean daudela ezkerreko izateaz gain Euskal Herriko singularitatea kontuan hartu behar dela uste dutenak; eta bestean, horri garrantzirik ematen ez diotenak—. Gehiago irakurri…
Herri txikietarako baietz, baina bizilagun kopuru jakin batetik gora ezinezkoa zela, ez zuela funtzionatuko, atez ateko hondakin bilketa herri handietara eta hirietara eramatea ezinezkoa zela; horrelakoak entzun behar izan ditugu azken urteotan, bilketa eredu eraginkorrena Usurbilen, Hernanin eta Oiartzunen martxan jarri aurretik, bitartean eta ondoren. Oraindik ere, tartean-tartean baten batek errepikatuko dizu kontu bera, inork Donostian-edo atez atekoa abiarazi beharko litzatekeela iradoki bezain pronto. Eta ez naiz hasiko hona ekartzen zenbat hiritan dagoen abian atez atekoa, Urko Apaolazak bilduak baitizkizu duela dezente Europa osoko adibideak. Bat gehitu nahiko nuke soilik, Liverpoolekoa, hiria ez baita edozein, ez biztanle kopuruagatik (Ingalaterrako hirugarren handiena da), ezta daukan sinbolismoarengatik ere (The Beatles-en sorleku, Europako futbol talde garrantzitsuenetako baten habi). Gehiago irakurri…

Misilen kontrako defentsa sistema bat... Beste misil bat, alegia
Ba ez, nik ez dut atsegin napalmaren kiratsa goizean goizetik eta horregatik, ez naiz Kursaalera hurbilduko egun hauetan, baina zuk ere jakin ezazu: aste honetan Zurriola hondartzaren ingurutik pasieran ibiltzekoa bazara, leku arriskutsua duzu hori, eta zure bizia lanjerrean dago, heriotza negoziorako erabiltzen duen jendea elkartu baita bertan. Donostia, bakearen hiria, giza-eskubideena, dena zibismo eta marrubizko izozki, aste honetan misil-defentsari buruzko kongresu baten bilgune izaten ari da. Maiatzaren 6an amaituko da ingelesez “7th International Conference on Missile Defence” izendatu duten biltzarra, Europak esparru horretan dituen “erronkak” aztertu gura dituena. Gehiago irakurri…

Nork behar nauela?
Nahi dutena esango dute kaskezurra Sabino Aranaren Albiako lorategietako estatua bezain harrizkoa dutenek: zerbait mugitzen ari da eta esparru guztietan hasi da nabaritzen, baita pentsamenduaren alorrean ere. Herenegun EHUn euskal nazionalismoari buruzko masterra, atzo Lapiko Kritikoko eztabaidak eta konturatzerako, bihar bertan (esateko modu bat da) UEUn ikastaro bat, Euzkadi euzkotarron aberria ote den galdezka datorrena, ondoren euskal identitatea “zer den” izendatzea baino, “zelan garatzen den” aztertzen saiatzeko (diferentzia inportantea, esentzialismoak oro uxatzeko). Baionan da zita uztailaren 4an eta 5ean; matrikula-epea maiatzaren 9an zabalduko da. Gehiago irakurri…

El Mundoren asteleheneko azala
Eszena ezaguna da, Casablancako momenturik irrigarriena, beharbada: Louis Renault kapitainak Ricken kafetegia itxi dezatela agintzen du eta barruan daudenei ateratzeko eskatzen die. Rickek azalpenen bat galdegiten dio, ea erabaki hori zergatik hartu duen. “Eskandalua da, eskandalua!” erantzuten dio Renaultek; “apustuak egiten dituzte hemen!”. Esaldia bukatu eta berehala kafetegiko langile bat hurbiltzen zaio: “zure irabaziak, jauna”.
Filmeko jendarmearen antzera, eskandalua itxuratzen ari dira asteon El Mundo egunkarian, 2006ko negoziazioen aktak argitaratuz (Guardia Zibilaren galbahetik pasatako dokumentuak dira, gainera). Baina Renault kapitainak apustuen kontua lehenagotik ezagutzen zuen gisan, El Mundoko erredakzioan ere aspaldian ezagutu behar zituzten orain publikatzen ari direnak. Hainbat lekutan argitaratu izan da gertatutakoaren berri eta ideia osatu xamarra eduki nahi duenak Imanol Muruaren Loiolako hegiak leitzea besterik ez du. Gainera, badira Madril aldean zurrunbilo handiagoa sor dezaketen dokumentuak ere, urrutirago joan gabe, Loiolan bertan PSEk, EAJk eta Batasunak adostutako “Elkarrizketa eta akordio politikorako oinarriak”. Gehiago irakurri…

Argazkian pro-nuklear bat, jostailu berriarekin dibertitzen
Fukushimakoa noizbait pasako delakoan —uler bedi, telebistatik; erradiazioak hor jarraituko baitu arreta mediatikoa bestelako kontuetara urrundu eta gero ere—, batzuek oraindik nuklearren defentsa sutsuan dihardute hemen eta han. Baina Japoniako desastreak erakutsi du energia mota hori, funtsean, errusiar erruleta bezalakoa dela.
Ez duzuela jokoa ezagutzen? Sei balako danborra daukan errebolberrean bala bakarra sartzen da eta beste bost zuloak hutsik utzi. Jokalari bakoitzak pistola bere buruan pausatu eta katuari sakatu behar dio. Irabazteko probabilitateak oso altuak diren arren —uler bedi, balarik ez ateratzekoak— eta jolasa atzo goizean asmatua ez den arren, kostatzen ari zaio munduan zabaltzea. Jokalariak ere gutxi dira eta, oso argi ez dauden kausengatik, beste pertsonek baino bizi-esperantza txikiagoa dute. Munduko kasino bakar batean ere ez dute eskaintzen, gainera. Gehiago irakurri…

Greziako polizia bat sutan aurtengo otsaileko istiluetan
Oso interesgarria izaten ari da azken hilabeteotan, Tunisiako eta Egiptoko erregimenak erori ostean, Europako eta AEBetako medio handiak nola ari diren herrialde arabiarrei buruzko mezua egoera berrira egokitzen. 2011ko urtarrilera arte “aliatu estrategiko” ziren agintariak diktadore bihurtu dira bat-batean; baina haien kontra matxinatzeko arrazoi bakarra demokrazia lortzea da, kausa sozialik ez da existitzen; funtsean, saltzen den ideia zera da: “gu bezalakoak izan nahi dute” eta horretarako, Tariq Alik ARGIAri esan zion moduan “guk asmatutako gauzak erabiltzen ari dira” (Twitter, Facebook…). Gehiago irakurri…

Tunisiako diktadorearen alderdia ISko kidea da, PSOErekin eta PSekin batera
Gaitzekoa ari da izaten Tunisiako errebolta eta telebista, irrati, egunkari guztiak ari dira matxinadaren berri ematen azken egunetan. “Herritarrak altxa dira! Ihes egin du Zine el-Abidine Ben Ali diktadoreak!” diote ozen. Baina, hedabide handiekin maiz gertatzen den moduan, zenbait detaile interesgarri bigarren planoan geratzen dira, ez kasualitatez; orain arte agintari europarrek mediterraneoko tiranoarekin izan duten adiskidetasuna, kasu. Gehiago irakurri…