‘Nofollow’ edo Internet irensteko modua

Sarrera hau eli-pombo-(e)k idatzi du / Abuztua 28, 2009
Atala: Internet

posizionamendua-150Unibertsoan zulo beltzak omen daude, proba zientifikoekin ere sortu omen litezke zulo beltzak… Norbaitek edo zerbaitek irentsiko ote gaituen beldur gara –beno ez guztiok, ezjakintasunagatik edo, ni ez nago oso kezkatua horrekin, nire hankako behatz lodiak galtzerdiei egin ohi dizkienekin ez bada behintzat–.

Baina Interneten ere zulo beltzak daudela entzuteak gehiago kezkatu nau eta eduki sortzaile gisa aurrerantzean zer jokamolde izan behar dudan gogoetatzen hasi naiz. Zuekin partekatu nahiko nuke informazioa eta elkarrekin hausnartzera gonbidatzen zaituztet.

Esaten hasi naizen guztiak loturei jarri ohi zaien nofollow atributuarekin du zerikusia:

<a href=”http://www.argia.com” rel=”nofollow”>ARGIA.com</a>

Horrekin bilatzaileei eta bereziki Google-eri –bera baita zortez edo tamalez Interneten zer ikusten den eta zer ez erabakitzen duena– esaten ari gara jartzen dugun lotura hori ez hartzeko kontuan, ez indexatzeko. Eta horrela egiten dute adibidez, Wikipediak, Twitterrek edo Flickrrek (Horrek zerbitzu horiekiko nuen iritzi positiboa pixka bat aldarazi du)

Zer ondorio ditu?

Ba hemen dator gorago aipatutako zulo beltzena:  Sarea irenstera irits litezkeen webguneak elikatzen ari gara.

Hau da, demagun nik Wikipedian nire blogera lotura bat jartzen dudala, bertako informazioa zabaltzeko eta uste dudalako horrela nire guneari kalitateko lotura bat eskaintzen ari naizela. Ba jakin ezazue horrela gure blogari ez diogula inolako mesederik egiten.

Bai, lotura hor dago eta internautek Wikipediako artikulu hori kontsultatzen badute, sartu ahal izango dira nire blogera, baina posizionamendua erabakitzen duten bilatzaileei begira, kontrako efektua lortzen ari naiz. Wikipediak nofollow atributua jartzen dionez nire loturari, bilatzailearentzat nire bloga ez dago eta aldiz, gure artikuluetatik Wikipediara egiten ditugun milaka loturekin berau gizentzen ari gara etengabe.

Baina zergatik erabiltzen da nofollow?

Hiru arrazoi nagusi nabarmendu litezke:

  • Spama saihesteko. Oso ohikoa da blog eta abarretara bidali daitezkeen iruzkinetan hainbat loturez osatutako spam mezuak edo zaborrak aurkitzea. Spamerrek hori egiten dute euren webguneen posizionamendua hobetuko delakoan. Lotura horiei nofollow atributua jartzen badiogu aldiz, spamerren asmoak bertan behera geratuko dira.
  • Publizitate guneen edo ordaindutako loturen kasuan Googlek horrela agintzen duelako. Bestela, lotura horiek “zigortu” egiten ditu.
  • Gure txokotik beste webguneei esleitzen diogun Page Rank (PR) balioa kontrolatzeko. Hau ordea, Googlek argitaratutako azken berrikuntzekin aldatu egin da.

Azken puntu hori ulertu ahal izateko azalpen luzeagoa behar du.

Nola kalkulatzen den Page Rank-a

Page Rank-a webgune edo orrialde baten balioa edo garrantzia (1etik 10era) aitortzen duen ezaugarria da, beti ere Google-en arabera.

Nahiz eta Googlek PR hori kalkulatzeko egun erabiltzen dituen algoritmoak sekretupean gorde, jakina da  gure webgunera erakartzen ditugun loturek PR balioa aitortzen digutela eta ondorioz, guretik kanpora bideratzen ditugunei guk aitortzen diegula.

Gainera, orrialde bakoitzak PR kopuru bat dauka (edukiaren kalitatearen, kantitatearen, edukiak berritzen dituen maiztasunaren eta abarren arabera) eta PR kopuru zehatz bat baino ezin die aitortu besteei. Beraz, oso modu orokorrean esanda, loturak jasotzen ditugunean PR irabazten ari gara, egiten ditugunean aldiz, galtzen.

Loturen elkartrukea orokorrean ona da, galdu-irabazi horretatik guztiok irabazten baitugu azkenean. Hala ere, duela gutxi arte ez zen horrela gertatzen kasu batzuetan, kanpo loturarik itzultzen ez duten webguneen kasuan, hain zuzen ere (gorago aipatutako Wikipediaren kasuan esaterako). Guk loturak egitean PR esleitzen genion Wikipediari, baina hark nofollow atributuaren bitartez praktikan kanpo loturarik egiten ez duenez, ez genuen bere balioa sekulan bueltan jasotzen.

Beste modu batera esanda, orain arte guk bost lotura egiten bagenituen, horietako bakoitzari 1/5-eko balioa aitortzen genion. Baina horietako lauei nofollow jarriz gero, geratzen zenari aitortzen genion gure PR guztia. Teknika hau erabiltzen zuten askok euren webguneen posizionamendua indartzeko, barne loturak eginez.

Zortez, hori aldatu egin da. Pasa den ekainaren 15ean Matt Cutts Google-eko software ingeniariak bere blogeko artikulu batean (PageRank Sculpting) jakinarazi zuen, aurrerantzean nofollow atributua ezingo dela erabili PR emaria kontrolatzeko, baina Googlek eduki hori ez indexatzen jarraituko du. Beraz, Wikipediak bere PR emaria, eman eman beharko digu, baina edukia indexatu gabe. Alegia, praktikan gauzak ez direla aldatuko, Google-k eta beraz internautek ez baikaituzte aurkituko, aldiz Wikipediak lehen emaitzetan agertzen jarraituko du.

Eta zein da portaera zuzena?

Bakoitzak iruditzen zaiona egingo du, noski. Lehenengo erreakzioa Wikipedia, Twitter, Flickr eta antzekoetara loturarik ez jartzea izan liteke, boikota egitea. Baina ez zait iruditzen kultur aberastasunaren izenean hori zuzenegia denik. Ni neu loturak egiten jarraitzearen alde nago. Tristea iruditzen zait posizionamendu kontuengatik irakurleei lotura bat edo bestea ez ematea, horrek kalitate handiagoko edukiak eta artikuluen sakontasun handiagoa ekar lezakeenean.

Baina jakin nahiko nuke aipatu webguneek zergatik erabiltzen duten nofollow atributua. Pentsatu nahi dut spam arazoak saihesteko soilik izango dela. Hala ere, hori beste modu batzuetara egin daitekeela iruditzen zait, beste webguneak kaltetu gabe. Esaterako, ARGIA.com-en erabiltzen dugun Captcha sistema (antzerako gehiago ere badira).

Bestela, zer gertatuko litzateke guztiok nofollow erabiltzen hasiko bagina kanpora doazen lotura guztietan? Interneten zentzua eta xarma guztiz galduko litzateke; kultura, jakintza eta ondarea galtzen aterako lirateke eta are gehiago, munstro handiek soilik izango lukete Interneten presentzia. Testuinguru horretan euskarak zer garrantzia izango luke? Zulo beltzean eroriko al litzateke? .Eus lortzeko egiten ari garen ahalegin guztiekin, ezin dugu hori permititu.

Informazio gehiago:

Irakurleen erantzunak

> “Wikipediak nofollow atributua jartzen dionez nire loturari, bilatzailearentzat nire bloga ez dago”

Eli, diozuna ez da zuzena. Web orri bat “nofollow” link baten agertzeak ez du esan nahi Google-en indizean agertuko ez denik, eta Wikipedian guretzako link bat egoteak ez gaitu “zulo beltz” batera bideratzen.

Arrazoi duzu esatean atributu horrek adierazten diola bilatzaileari ez indexatzera joateko, beraz ez du une horretan indexatzeko orrien ilarara eramango… Baina Interneta arakatzen jarraitzen duenean, beste tokiren baten beste esteka bat agertzean, indexatuko du.

#1 
e-gor-(e)k idatzi du Abuztua 28th, 2009 @ 3:33 pm

Arrazoi duzu Igor eta agian ez dago guztiz ongi azalduta, baina esan nahi nuena da Wikipediak egiten digun lotura horrek ez digula (indexazioari dagokionez) batere laguntzen. Noski lotura hori beste leku batzuetan topatzen badu indexatuko duela, eta ondorioz, kontuan hartuko duela, baina indexazioaren ikuspegitik gurera kalitatezko lotura bat litzatekeena, ez da praktikan horrela.

Beste leku batzuetan ere gure lotura agertzen bada, ez da ez zulo beltzean geratuko, baina muturrera joanda bai gerta liteke. Wikipediara bideratutako milaka lotura egiten direnez, berau beti lehen postutan agertzen da. Normala da, baina berdintasunean jokatuz gero, gure webgune txikiak Wikipediarekin lehiatu ahal izango lirateke, har gureei “nofollow” ez balieke jarriko, esan nahi dut.

Badakit SEO kontuak oso konplexuak direla. Hau praktika baten muturreko arriskua baino ez da.

#2 
eli-pombo-(e)k idatzi du Abuztua 28th, 2009 @ 4:04 pm

Gai interesgarria!

Zehaztapen bat. Lotura horiek jarraitu, jarraitzen dituzte normalean bilatzaileek. Yahook adibidez horrela egiten du, zalantza dut Googleren kasuan.

Desberdintasuna “puntuazioan” dago. Hau da, Googlerentzat lotura batek boto bat esan nahi du, hots, lotutako webgune hori garrantzitsua dela. Nofollow motako loturekin aldiz, boto hori ez da kontutan hartzen.

Bestalde captchak ez dira konponbidea spam mota honentzat. Wikipedian eskuz lan asko egin zitekeen, norberaren intereseko webguneetara loturak eginez. Horregatik dago nofollow jarrita.

Baina arrazoia duzu soluzio eskasa dela esatean, baina ez dakit soluzio hoberik dagoen. Adibidez, nola azaltzen dira zuen komentarioetan jarritako loturak?

Froga bat: Euskal Herriko toki politena

#3 
Gari Araolaza-(e)k idatzi du Iraila 4th, 2009 @ 9:04 am

Kaixo Gari. Bai gai korapilatsua benetan, baina oso interesgarria.
Komentarioetako erantzunei buruz, ARGIAn editoreak komentarioak begiratu eta spam direnak ezabatu egiten ditu.
Zerbait aportatzen duten loturak noski, utzi egiten dira.

#4 
eli-pombo-(e)k idatzi du Iraila 7th, 2009 @ 10:10 am

Komentarioak editoreak berrikusten ditu, baina ematen du sistemak gehitu diola nofollow etiketa Garik emandako estekari. Hala editoreak gehitu dio?

#5 
Luistxo-(e)k idatzi du Iraila 26th, 2009 @ 10:04 am

Kaixo Luistxo. Nik dakidala, WordPress-ek automatikoki jartzen die nofollow etiketa kanpo loturei. Ez dakidana da hori aldatzeko aukerarik ba al dagoen. Zuek badakizue?

#6 
eli-pombo-(e)k idatzi du Iraila 29th, 2009 @ 9:50 am

Erantzun bat idatzi

beharrezkoa
beharrezkoa, ez da publikatuko
aukerazkoa