David de Ugarte: Internauta baten galderari erantzuna

Sarrera hau eli-pombo-(e)k idatzi du / Uztaila 13, 2009
Atala: Ekonomia

Aktualizazioa (2009-07-19): Elkarrizketa ARGIAn

David de Ugarte elkarrizketatu behar nuela-eta, internautei galderak bidaltzeko gonbitea egin nien. Esperimentua ez da oso arrakastatsua izan. Nahiz eta nire blogean, Twitterren eta Facebook-en ere iragarri, galdera bakarra iritsi zait. Ez dakit zer ondorio atera: Nire inguruko sareak ez daki nor den David de Ugarte? Jendeak erantzuteko denbora falta du? Informazio anabasan nire mezua galdu egin da? Deialdi botere ahula daukat?… Segur aski azkeneko hori izango da.

Ez nago ez haserretuta, ez minduta, ez desengainatuta. Aukera baldin badut antzekoak egiten jarraituko dut. Mezu hau galdera bidali didan Haritz Rodriguezentzat da, –suposatzen dut ez zaiola inporta bere izena aipatzea–. David de Ugartek beste galderen artean berak helarazi zidana ere erantzun zuen, eta paperean sartu ez denez –aste honetan kalean izango den ARGIA astekarian (2.193 zenbakia) aurkituko duzue elkarrizketa–, hemen jarriko dut, bai galdera eta baita erantzuna ere.

Kapitalismo bortitzaren eraginez bizi dugun krisi ekonomikoak Sociedad de las Indias Electrónicas bezalako erakundeen mezua indartzen al dute?

(Galdera eta erantzuna hobeto ulertzeko, irakurri Filé eredua edo demokrazia ekonomikoa).

Hona de Ugarteren erantzuna:

Uste dut mezu bezala baietz. Baina errealista naiz eta badakit gurea oso mundu germinala dela, oso gaztea. Alternatiba bat izateko diskurtsoaren oinarrizko partea da demokrazia ekonomikoa, baina ez da nahikoa. Horregatik, demokrazia ekonomikoan bizi garenak ez gara oraindik benetako alternatiba globala, baizik eta arrakasta lokalak dituen alternatiba proiektua.

Hemen dator behin ere ulertu ez nuen Marx-en partea. Marxek dio Historiako klase eta proiektu sozial bakoitza eredu ekonomiko berrien azaleratzearen ondoren eraiki dela, klase sozial berri baten eskutik. Klase sozial horrek zeuden harreman sozialen eta Estatuaren forma juridiko eta politikoa aldatzen zituen. Dudarik gabe, gizakiaren Historian inoiz idatzi den kontakizun totalizatzailerik indartsuena da. Baina bere garaira iristen denean… kontrakoa aldarrikatzen du: lehendabizi politika, eta ondoren ekonomia, dio.

Uste dut alderantziz pentsatu eta ekiteko ordua iritsi dela: nortasuna eraikitzen laguntzen duten inguruneak eraiki behar dira; ekonomikoki demokratikoak, komunitarioak eta indartsuak. Gehiago itxaron gabe eraiki behar ditugu; alternatiba bezala jokatu eta horrela bizi behar dugu benetako alternatiba izatera iritsi arte.

Irakurleen erantzunak

Kaixo Eli,
Eskerrik asko galdera De Ugarteri helarazteagatik. Egia esateko, apur bat boteprontoan pentsatutako galdera da Facebook bitartez helarazi nizuna.

Davidekin aurrez aurre egoteko aukera izan genuen Gorka Juliok eta biok orain hilabete batzuk demokrazia ekonomikoari buruz Madrilen egindako jardunaldi batzuetan. Oso interesgarria izan zen eta,jakina, nire galdera han entzundakoaren ondorio da, nolabait.

Elkarrizketa osoa irakurtzeko irrikitan nago. ;)

Ondo izan!

#1 
haritz-(e)k idatzi du Uztaila 13th, 2009 @ 2:35 pm

Kaixo Eli:

Ez etsi. Gauza gehiegi ditugu begibistan eta ezin denei behar duten arreta eskaini.

Eutsi goiari!

#2 
Iturri-(e)k idatzi du Uztaila 13th, 2009 @ 10:23 pm

Egia esan, ez da hain desastrea izan. Gorka Juliok deitu zidan atzo hiru galdera bidali zizkidala esanez, Twitter bidez bidaliak. Ez dakit zer demontre gertatu zen, baina nik ez nituen jaso.

Nahiz eta galderak uholdean ez iritsi (ez nuen horrelakorik pentsatzen), interesgarria iruditzen zait funtzionatzeko modu hau.

#3 
Eli Pombo-(e)k idatzi du Uztaila 14th, 2009 @ 1:10 pm

Erantzun bat idatzi

beharrezkoa
beharrezkoa, ez da publikatuko
aukerazkoa
*