Europar hauteskundeen egutegiak baldintzatu al dezake emaitza?
Atala: Politika
Europako hauteskundeek izango duten partaidetza eskasa, hiritarren euroeszeptisismoa, Parlamentuaren beraren baliagarritasuna, komunikabideen arreta eskasa eta abar aipatzen ari gara etengabe egun hauetan. Nahikoa arrazoi europar sentimendua krisian dagoela esateko. Izan ere, hainbeste herrialde, hain desberdinak, bakoitza bere ezaugarriekin, sentimenduekin, izaerarekin, helburuekin bateratzea ez da erraza. Datu batzuk ematearren: 27 herrialde, 23 hizkuntza ofizial, 491 milioi hiritar eta 375 milioi boto emaile.
Halako anabasa kudeatzerako orduan arazoak sortzen dira. Egutegia bera arazoa da, herrialde guztiek ez baitute aldi berean bozkatuko: hauteskunde egutegiak berak ere markatzen ditu desberdintasunak: Ingalaterran eta Herbehereetan gaur egingo dituzte, Irlandan ekainaren 5ean; eta Malta, Eslovakia, Letonia eta Italian ekainaren 6an. Europako Batzordean herrialde guztiek bozkatu arte botoen zenbaketa ezagutzera ez emateko gomendioa egiten badu ere, Holandak ez duela horrela egingo jakin dugu. Halako datuak aldez aurretik ezagutzeak baldintzatu ote dezake emaitza orokorra? Honelako zerbait pentsaezina litzateke beste edozein sistematan. Baina azken finean, zer inporta du jendartearen gehiengoak Europak zertarako balio duen ez dakien testuinguru honetan?



