Nolako komunikazioa, halako hedabideak

Sarrera hau eli-pombo-(e)k idatzi du / Maiatza 23, 2009
Atala: Hedabideak
Ezkerretik eskuinera, Juan Varela, Vicent Partal eta Martxelo Otamendi

Ezkerretik eskuinera, Juan Varela, Vicent Partal eta Martxelo Otamendi

Atzo goizean EKT Euskarazko Komunikazio Taldeak antolatutako Hedabideak etorkizunean, biharko prentsa eta Internet jardunaldiak izan ziren. Kataluniako Vilaweb atariko zuzendari Vicent Partalek eta Periodistas 21 blogeko kudeatzaile Juan Varelak hitzaldi bana eskaini zuten. Kafearen ondoren, berriz, unibertsitateko hiru irakasleren arteko mahai-ingurua gidatu zuen Lorea Agirre kazetariak: Aitor Zuberogoitia (HUHEZI), Jose Ignacio Armentia (EHU) eta Jon Muñoa (Deustuko Unibertsitatea). Biziki interesgarria iruditu zitzaidan Partalek egindako aurkezpena. Gaur egun hedabide batek izan beharko lituzkeen kanalen deskribapen argigarri bat egin zuen katalanak, gai honetan egiten diren teorizazio astunak saihestuz eta horiei irtenbide praktikoa emanez. Jarraian hizlari bakoitzak aipatutako ideia nagusienen laburpena.

Vicent Partal: “Paperak etorkizun oparoa dauka, baina ez gaur egungoaren moduan planteatuta”

Vilaweb atariko arduradunaren ustez papera modu digitalean kontsumitzeko asmakizun teknikoak etorriko dira, baina eman behar den aldaketa kontzeptu editorialari dagokiona da, ez teknologikoa. Partalen ustez gaur egungo hedabideak ez dira bideragarriak eta hala izan dadin moduak topatu behar dira. Katalanak proposatzen du marka bakarraren aterkipean euskarri askotan lantzea informazioa, medio bakoitzak bere ezaugarriak baititu.

Internet hedabidearen erakusgarri nagusi gisa ikusten du Partalek. Bertan publizitatea eta zerbitzuak eskaini daitezke. Horrek ez du esan nahi Internet autofinantziatua izango denik, inbertsio publizitario gisa ere uler liteke, hau da, norberaren burua ezagutarazko tresna bezala.

Mugikorrak dira azken orduko albisteak emateko euskarria. Partalen ustez eduki zehatz eta konpultsiboengatik ordaintzea izango da etorkizun hurbileko negozioa.

Egunkariak berriz, iritzirako, analisirako euskarri gisa ulertu behar dira. Aurrerantzean elite bati zuzenduak egongo dira eta orain ordaintzen dena baino dexente gehiago ordainduko dugu horiengatik. “Paperak marka indarra, erreferentzialtasuna sortzen du eta beste euskarri batzuk hedapena, Internetek kasu”, esan zuen katalanak.

Telebistari buruz ere mintzatu zen, nahiz eta ez zen gehiegi luzatu. Partalek kartara egindako telebistari ikusten dio etorkizuna eta TDTak edo telebista linealak ez duela aurrera egingo dio. Azkenik, telebisten edukiak gaietan oinarritu behar direla uste du, ez hainbeste azken orduko albisteetan.

Juan Varela: “Informazioa sare sozialaren ehuna bihurtu da”

Varelak asko sakondu zuen sare sozialen eta web 2.0 aroaren kontzeptuan. Haren ustez, kazetaria bera sare sozial bezala ulertu behar da. Hau da, ez ditu sare sozial horiek landutako informazioa ezagutarazteko orduan soilik erabili behar, baizik eta sorkuntza fasean bertan ere bai; iturriek, adituek eta publikoak oro har egin ditzakeen ekarpenak baliatuz. Mass medien garaitik medio sozialen garaira pasa gara.

Periodistas 21 blogaren kudeatzailearen aburuz, multimediarekiko obsesio gehiegi dago eta multiproduktuari buruz gutxi gogoetatzen da. “Zergatik tematzen dira hainbeste egunkariak bideoekin?” galdetu zuen, “oraindik hainbeste dago aztertzeko testuaren aukerei buruz!”.

Partalek adierazitakoaren aurka, Varelak ez die egunkariei analisi eta iritzi funtzioa aitortzen, bere ustez hedabideek albiste gehiago eman behar dituzte, ikerketa kazetaritza gehiago egin behar dute, gaur egun iritzia topatzea, sorkuntza propioko albisteak topatzea baino errazagoa baita.

Aitor Zuberogoitia, Jose Ignacio Armentia eta Jon Muñoaren mahai-ingurua: Zenbait ideia

Jose Ignacio Armentiaren aburuz, teknologiarekin itsututa gaude, baina arazo nagusiena fidagarritasun faltarena da,  informazioaren kontraste eta sakontasun ezarena.

Zuberogoitiak etorkizunerako zenbait gako proposatu zituen: parte-hartze bideak zabaltzea, filtro lana egitea, komunitatea sortu eta trinkotzea –hizkuntza komunitate batek zentzu horretan potentzialtasun handia ematen du– eta etorkizuneko kazetariak heztea –zergatik ez trebatu komunikatzaile gisa medio batekiko atxikimendua duen komunitate hori?–.

Mikro-ordainketei buruz ere mintzatu zen Zuberogoitia. Esan du mikro-ordainketen eredua etorriko dela, “baina nor egongo da prest ordaintzeko?” galdetu du. Agian enpresak pikutara badoaz eta eduki landuak inork ez baditu eskaintzen, horrek funtziona lezake.

Datozen belaunaldiei buruz, Zuberogoitiaren ustez prentsak irakurtzen ari zaren horretan arreta jartzea eskatzen du eta datozen belaunaldiak multitask dira. Hau da, 2-3 gauza batera egiteko gai dira (musika entzun, irakurri, e-posta bidali…).

Jon Muñoaren aburuz, gazteak teknologiaren potentzialtasuna ezagutzeko prestatu behar dira, gero horrekin komunikazio ona egin dezaten, “edukiak izan behar du garrantzia”.

Laburpen gisa esan liteke blogen eta web 2.0 aroan, kazetariek euren lekua badutela aldarrikatu zutela hizlari guztiek, baina leku hori topatu egin behar da eta sareak eskaintzen dizkigun tresnak horretarako baliatu. Emeki-emeki hedabide bakoitzak bere errealitatea ezagutuz, pausoak eman behar ditu, biziraun nahi  badu. Gogoeta jardunaldi hauek ongi datoz horretarako, gogoetatzeko; erredakziora itzultzean, froga praktikoak egin behar dira, baina kazetariarena izan behar duen helburu nagusian gehiegi despistatu gabe, kalitatez eta irizpide profesionalekin komunikatzea, hain zuzen ere.

Irakurleen erantzunak

Trackbacks

  1. Txiki izatearen abantaila handia  on Ekaina 15th, 2009 @ 4:50 pm

Erantzun bat idatzi

beharrezkoa
beharrezkoa, ez da publikatuko
aukerazkoa
*