Mugitu.com: Hasi berriak direlako etorkizuna

Sarrera hau eli-pombo-(e)k idatzi du / Maiatza 8, 2009
Atala: Hedabideak
Mugitu.com

Mugitu.com

Informatikari Euskaldunen Bilkura (IEB 09) izan zen ostegunean Donostian. Atzo Komunikabide idatzien etorkizuna mahai-inguruari buruz idatzi nuen eta orain jardunaldi horietan izandako hitzaldi guztien artean bi gazteren proiektua nabarmendu nahiko nuke, Mugitu.com.

Joseba Alberdi eta Endika Esteibar EHUko ikasleen proiektua da. Benetan proiektu interesgarria, entzuleek bere hitzaldia amaitu ondoren Alberdiri aitortu zioten moduan. Baina sarri gertatu ohi denez, instituzio eta erakundeen arretarik jaso ez duena.

Mugitu.com-ek Gipuzkoako garraio publikoko (tren eta autobusak) ordutegi guztiak biltzen ditu, herri batetik bestera joateko ditugun aukera guztiak erakutsiz. Lotura zuzenik ez dagoenean, garraio desberdinak konbinatzeko aukera ematen digu. Bidaiaren iraupena eta prezioa ere jasotzen ditu; mugikorren bidez kontsultatzeko prestatua dago eta ibilbidea mapa batean markatua ikus dezakegu. Alberdik argitu zuenez Gipuzkoako Foru Aldundiarekin harremanetan dabiltza B5m-ko mapak erabiliz, geltokiak mapetan txukun erakusteko.

Akatsak aipatzearren: asteburuko ordutegiak ez ditu, Internet Explorerren ez dabil oso txukun eta datuak eguneratu ahal izateko modua ez dago aurreikusita.

Hala ere, potentzial handiko tresna da. Entzuleetako batek esan zuen moduan, lotura faltak aztertzeko tresna oso baliagarria izan liteke. Honek erakutsiko luke adibidez, Urnietatik Usurbilera joateko, eguneko zenbait momentutan ordubete behar dela garraio publikoa erabilita, oinez 30 minutu behar direnean.

Bestalde, tresna hau hainbat Udaletan inplementatzeko modua garatuz gero, guztiok asko irabaziko genuke. Lurraldebus edo Renfek eskaintzen dutena baino askoz zerbitzu hobeagoa da, eta ez legoke gaizki erakunde horiek ere ikasle hauen tresna eurena hobetzeko erabiltzea. Baina horren ordez, erantzunik eza edo axolagabetasuna izan da bueltan etorri zaiena. Noiz ulertuko ote dugu hasi berriak direla etorkizuna?

IEB 09ri buruz

Erantzun bat idatzi

beharrezkoa
beharrezkoa, ez da publikatuko
aukerazkoa
*