Lopez de Aberasturi bezalako jendea behar du euskarak
Atala: Hedabideak

Aitor Lopez de Aberasturi / Arg.: Dani Blanco
Kaixo atariaren sortzaile Aitor Lopez de Aberasturik 2008 amaieran eskutitz bat bidali zien Google bilatzailearen sortzaile Sergey Brinn eta Larry Page estatubatuarrei, Google-eko zerbitzuak euskaraz erabilgarri jartzeko eskatuz.
EITBren webgunean Badator Google euskaraz titularra irakurri ahal izan dugu. Albiste horretan adierazten denez, aurrerantzean “euskarazko dokumentuen, bideoen eta soinu artxiboen kalitatezko bilaketak egin ahal izango dira Eusko Jaurlaritzak, EITB Taldeak, Googlek eta Espressive SL enpresak sinatutako akordioari esker”. Posta elektronikoa (Gmail) eta bulegotika aplikazioak ere euskaraz erabili ahal izango dira. Gaur egin dute aurkezpena.
Aitor Lopez de Aberasturik galdetzen du ea bere eskutitzak lorpen horretan zerikusirik izan ote duen.
Kaixo atariaren sortzaileak bere eskutitzean Europako hizkuntzarik zaharrenak Gmail erabili beharra duela zioen, (The oldest language in Europe needs to use Gmail). Nik gehituko nuke euskarak Lopez de Aberasturi bezalako jende ekintzailea behar duela, zailtasunen aurrean kikilduko ez dena eta isil-isilik, baina etenik gabe euskararen aldeko ekintzak burutuko dituena.
Kaixo ataria 1997an sortu zen, hamabi urte hauetan euskararen aldeko konpromiso argia erakutsi du; duela hilabete inguru, esaterako, Lopez de Aberasturik Osakidetzako oposaketak prestatzeko galdetegiak gazteleraz eta euskaraz jarri zituen sarean –Osakidetzak berak baino gizarte zerbitzurako borondate handiagoa erakutsiz–. ARGIAk Sareko ARGIA saria eman zion 1999an, sari hau banatu zuen lehendabiziko urtean, hain zuzen ere.


