Internet adimendunago eta erabilerrazago baten bidean

Sarrera hau eli-pombo-(e)k idatzi du / Maiatza 19, 2008
Atala: Hedabideak

web-semantikoaDenbora asko daramagu entzuten Web SEMANTIKOA (letra larriz) edo web 3.0 etorkizuna dela. Internet adimendunagoa izango dela, gaur egun pentsaezinak diren bilaketak eta ekintzak egin ahal izango direla… Eta egia esan jada badira horren zenbait adibide. Letra larriz idatzitako web SEMANTIKOra iristeko ordea, letra xehez idatzitako web semantikoa edo web 2.5 delakoa da tarteko urratsa.

Pasa den maiatzaren 16an WWW berri baten lehen urratsak ikastaroan izan nintzen, UEUren egoitzan, Eibarren. Gorka Julio irakasleak maisutasun handiz erakutsi zigun zer den web semantikoa, mikroformatuak eta RDF (ingelesez Resource Description Framework) eta GRDDL (ingelesez Gleaning Resource Descriptions from Dialects of Languages) direlako formatuak. Ikastaroaren amaieran datorren Internet berri horren aplikazio posibleei buruz aritu ginen. Gorkak azaldu zigunez, honelako ikastaro bat jaso duten lehen ikasleak ginen, W3C partzuergoak (Interneteko arau estandarrak ematen dituena) duela gutxi onartu baitu RDF formatuaren zirriborro ofiziala.

Web SEMANTIKOA

Interneten inguruan gabiltzanok denbora daramagu entzuten web SEMANTIKOA delako horren abantailei buruz, baina jakin gabe zehazki zer den. Etorkizunean gure bizimodua erraztuko duten aplikazioak nolakoak izango diren hobeto ulertzeko hona hemen bi adibide, nahiz eta gehiago badiren:

10 milioi biztanle baino gehiago dituen herrialde batean jaiota, 40.000 eserleku baino gehiagoko estadioak dituzten taldeetan jolasten duten “11″ zenbakidun kamiseta daramaten futbol jokalariak zein diren jakin nahi? Dbpedia proiektuak Wikipediako edukien bilaketa konplexuak ahalbidetzen ditu. Adibide zehatzak wikipedia.3ba.se helbidean topa daitezke. Ah, eta jakin-minez geratu bazarete, goian aipatutako adibideak hamar emaitza ematen ditu.

Geonames.org guneak albisteak lokalizatzeko aukera eskaintzen du. Ikusi Reuters agentziaren albisteen lokalizazioaren adibidea.

Web semantikoa

Baina web SEMANTIKOA benetan zabaldu eta sozializatu dadin beharrezkoa da sarean dabilen informazioa behar bezala kodetzea. Eta helburu horrekin jaio dira mikroformatuak, RDF eta GRDDL formatuak, informazioa kodetuz edukia berrerabiltzeko. Euskal Herrian Gorka Julio ari da buru belarri formatu hauekin lanean.

Beraz, sortzen ditugun edukiak behar bezala kodetzen joateak web SEMANTIKOra gehiago hurbiltzea esan nahi du. Jada Firefox 3 nabigatzaileak mikroformatuak ulertzen ditu eta Internet Explorer 8ak ere egingo omen du.

W3C partzuergoak RDF formatua estandarizatzea aurrerapauso handia da. Gorka Julioren esanetan jabetu dira “jendea bere kasa hasi dela edukia semantikoki kodetzen” eta gaiari heldu diote.

Arazoak eta aplikazio posible batzuk

Testuinguru berri honek edukiak sortzen ari garenok gaiaz jabetzea eta formatu hauekin lanean hastea eskatzen du. Baina bidean ikusten ditut gainditu beharreko zenbait arazo eta eginbehar: eduki kudeatzaileak moldatu edo aldatu beharko dira eta horrek, txikia edo handia, kostua dakar; sistemen garapenean dabiltzanak gaiaz jabetu eta prestatu egin behar dira eta eduki sortzaileei ere gutxieneko azalpen batzuk eman beharko zaizkie.

Baina etorkizunari begira uste dut pixkanaka-pixkanaka urrats batzuk ematen joatea garrantzitsua dela, edukiak behar bezala kodetuak izango bagenitu, hainbat aplikazio posible izango bailirateke: jendearen blogetako salerosketa proposamenak biltzen dituen euskal truke azoka; edo film, liburu kritikak eta agendak bateratuko dituen bloglines moduko agregatzaileak sor litezke. Baina horiek ideia batzuk baino ez dira, teklatuaren aurrean irekitzen ari den mundua askoz zabalagoa da.

Erantzun bat idatzi

beharrezkoa
beharrezkoa, ez da publikatuko
aukerazkoa
*