Software librearekin negozioa egin al daiteke?

Sarrera hau eli-pombo-(e)k idatzi du / Apirila 23, 2008
Atala: Ekonomia

gurpila-berriro-asmatu1Software librea ez dela beren etxeetan musutruk lanean ari diren batzuek egiten duten zerbait erakutsi ziguten atzo Software libreko negozio-eredua jardunaldietan –Miramongo Parke Teknologikoan– parte hartu zuten lau hizlariek: Daniel Armendariz (Ikusnet), Eneko Astigarraga (Codesyntax), David Olmos (Zylk) eta Iker Sagasti (Irontec). Software librearekin lan eginez negozioa egin daiteke eta Euskal Herrian ere badira horretan aritzen diren enpresak. Aipatutako lauak Esle Euskadiko Software Libreko Enpresen Elkarteko partaide dira.

Enpresa horiek hainbat bezerorentzako aplikazioak garatzen dituzte, baina aldiro hutsetik hasi beharrean jada asmatutako azpiegituren gainean egiten dute lan, ez dago gurpila behin eta berriro asmatzen ibili beharrik. Era berean, egindako lanak software librean oinarritutako azpiegitura, aplikazioa eta programazio hizkuntza horiek aberasteko balio du eta etorkizuneko beste proiektu batzuk errazago garatzeko.

Enpresa Digitalak antolatutako jardunaldiek hiru ordu iraun zuten. Hizlari guztiek gazteleraz hitz egin zuten eta Deustuko Unibertsitateko irakasle Pablo Garaizarren sarrera hitzaldiarekin hasi zen. Garaizarrek Software librea, pribatua eta pribatiboaren arteko aldeak aipatu zituen. Software pribatua bezeroaren neurrira egokitutakoari deitzen zaio, nahiz eta horretarako software librean oinarritu. Pribatiboa berriz, ondoren beste garapen batzuk egiteko erabili ezin denari.

Daniel Armendarizek eredu parte-hartzailea eta enpresaren garapenerako ezagutzaren partekatzeak duen garrantzia izan zituen hizpide. Ikusnet-en komunitateak eratu dituzte, beste enpresa batean sailak edo departamentuak liratekeenak. Komunitate horietan langileen artean ezagutza elkartrukatu eta pixkanaka gauzatzen duten hori hobetuz doaz, software librearekin egiten den moduan.

Eneko Astigarragak Codesyntax enpresa aurkeztu zuen. 2001ean sortua, 15 pertsonek osatzen dute. Hasieratik software librea erabiltzen hasi ziren, horrek euskaraz lan egitea ahalbidetzen baitzien. Ingelesez eta euskaraz egiten dituzte aplikazioak eta aplikazio horiek beste hizkuntza batzuetan gara daitezela bilatzen dute. Astigarragak zenbait datu eman zituen. 2005ean egiten ziren garapen guztietatik %11 software librean oinarrituak ziren eta 2010ean kopuru hori %24ra igoko dela aurreikusten da (datuen iturria: FlossMetrics).

David Olmosek Zylk.net aurkeztu zuen. Enpresa horrek 2008an unibertsitateko enpresa berritzaile onenaren Abiatu saria jaso du. Olmosen iritziz batzuetan beharrezkoa da gurpila berriro asmatzea eta gaitasuna izanez gero, software librean oinarritutako berezko negozioa garatzearen alde agertu zen.

Azkenik Iker Sagastiren txanda izan zen. Irontec enpresa 2003an sortu zen, 3 langilerekin eta gaur egun 15 dira. Software libreko tresnak zehaztasun handiz ezagutzen dituztela esan zuen Sagastik eta horrek bezeroaren neurrira egindako aplikazioak garatzea ahalbidetzen diela, tresna desberdinak konbinatuz. Sagastiren aburuz, software librearekin lan eginda, berrikuntza, bideragarritasuna, lehiakortasuna eta errentagarritasuna lortzen dira. Hau da, hutsetik abiatu beharrik ez dagoenez, I+G arloan egin beharreko inbertsiorik ez dago eta beraz, berrikuntza gauzatzea errazagoa da. Era berean, beste modu batera teknikoki eta ekonomikoki garatu ezinezkoak liratekeen egitasmoak gauzatzea ahalbidetzen du eta horrek merkatuan lehiakorragoa bihurtzen du enpresa, negozio eredu berriak sortuz.

Erantzun bat idatzi

beharrezkoa
beharrezkoa, ez da publikatuko
aukerazkoa
*