Manifestazioa, martxa, bidaiak eta gezurrak

Sarrera hau eli-pombo-(e)k idatzi du / Apirila 16, 2008
Atala: Uncategorized

armiarma-sareaGaurkoan ARGIAko erredakzio mahaira iritsi diren zenbait albiste hari batez lotzea da kazetari honen asmoa. Armiarmaren ibilerak espazio desberdinak josten dituen gisa lotu nahi dut informazioa. Pausoz pauso, hori baita gaur aukeratutako albiste guztien oinarrian eta armiarma sare honen abiapuntuan dagoena.

Pausoak emango dituzte datorren apirilaren 20an Aldaketa klimatikoari aurre egiteko: CO2 gutxiago. Energia, garraio eta kontsumo gutxiago eta hobea lelopean egingo den manifestaziora gerturatuko direnek. Bizkaiko hainbat talde ekologistek antolatutako manifestazioak Lurraren Munduko Eguna aprobetxatu nahi du gizartea aldaketa klimatikoaren mehatxuaz ohartarazteko. Manifestazioa 12:30ean abiatuko da Jesusen Bihotza plazatik.

Pausoak emango dituzte baita ere datorren apirilaren 27an egingo den Unibertsitatea Tipi-tapa osasunez martxan parte hartuko dutenek. Martxa honek Bilbon eta Leioa-Erandion dauden ikastegiak lotuko ditu, unibertsitatea gizartera hurbiltzeko helburuz. Ibilbideak 15 kilometroko luzera izango du edo 6,5 kilometrokoa, 10 urtetik beherako haurrentzat. Bertan parte hartzeko izen ematea ezinbestekoa da eta hilaren 25a arte egin daiteke.

Bere herritik martxa egin ez zuena Thomas Kohnstamm idazlea izan zen. Kohnstammek mundu osoko gida turistikoak argitaratzen dituen Lonely Planet argitaletxearentzako egin behar zituen zenbait gida asmatu egin zituen. Hala aitortu du apirilaren 22an salgai jarriko den Do Travel Writers Go To Hell? (Bidaia giden idazleak infernura al doaz?) liburuan. Hori dela eta, argitaletxeak zenbait gida (Patagoniako Txile, Hegoamerika eta Karibeko irlak) berrikusiko ditu, horietan parte hartu baitzuen Kohnstammek. Hala ere Lonely Planetek jakinarazi du egile honek gida horietan idatzitakoa oso gutxi zela. Bere liburuan iruzurgileak honelakoak kontatzen ditu: “Ez zidaten Kolonbiara joateko adina ordaintzen. Liburua San Franciscon (AEB) idatzi nuen. Informazioa orduan nire neskalaguna zenari esker lortu nuen, Kolonbiako kontsulatuko bekadun bat”.

Erantzun bat idatzi

beharrezkoa
beharrezkoa, ez da publikatuko
aukerazkoa

Hurrengo sarrera: