Zulo beltza Zientzian

Sarrera hau eli-pombo-(e)k idatzi du / Apirila 7, 2008
Atala: Zientzia eta teknologia

lhcZulo beltz batek Lurra irentsi al dezake? Baietz uste dute Walter L. Wagner eta Luis Sancho zientzialariek. Errua LHC (ingelesez Large Hadron Collider) deritzon CERN Ikerketa Nuklearrerako Europako Kontseiluaren proiektu zientifiko batek omen du. Proiektuaren helburua masa nola sortzen den ezagutzea da edo beste modu batera esanda, unibertsoaren sorrerari buruz argibide gehiago lortzea. Baina badirudi benetako zuloa ez dela unibertsoan sortuko, CERN erakundeko partaide diren hainbat gobernuren kutxatan baizik.

Baina zer da LHC? Frantzia eta Suitza artean, lur azpiko 27 kilometroko luzera duen tunel batean eraikitako partikula-azeleragailua da. Tunelaren barruan protoi izpiak ia argiaren abiadura lortzeraino bizkortuko dituzte eta elkarren artean talka egingo dute. Horren bitartez unibertsoaren sorrera ahalbidetu zuen energia dentsitatearen (Big Bang) antzeko baldintzak emango dira. Hala, Peter Higgs zientzialariaren teoriaren baliozkotasuna frogatu ahal izango da; hau da, materiaren iturburua argituko lukeen partikularen (Higgs-en bosoia) egiazkotasuna. Partikularen existentzia topatuko ez balitz, egun partikulen fisika azaltzen duen eredu estandarra aldatu beharko litzateke.

Dudarik gabe, zientziaren ikuspuntutik proiektu interesgarria da, baina gizartean inolako aplikaziorik ez duena. Aldiz, LHCaren eraikuntzan eginiko inbertsioak (2.500 milioi euro inguru) CERN erakundeak zituen bestelako proiektuak, gizartean nolabaiteko isla zutenak (Interneteko datu prozesamenduan edo onkologia munduan aplikatzekoak adibidez), atzeratu egin ditu.

Zenbaitzuen aburuz, esperimentu horrek Lurra irentsiko lukeen zulo beltza sor lezake. Hala ere, komunitate zientifikoaren ia gehiengoak uste du aukera hori zientzia fikziozko eleberri batean jasotzeko modukoa dela, baina ez dela errealitatean gertatuko. Walter L. Wagner eta Luis Sancho zientzialarien iritziz ordea, arriskua handia da eta horregatik Hawaiko (AEB) epaitegi batean salaketa jarri dute. Wagnerrek gastu legalei aurre egiteko helburuz, dohaintzak jasotzeko Large Hadron Collider – The Legal Defense Fund Site web gunea ere prestatu du. Guk euskal zientzialari batekin hitz egin dugu, Jabier Bermejorekin. EHUko elektrizitate eta elektronika saileko irakaslea eta Ikerketa Zientifikoetarako Batzordeko ikerlaria da, eta hark dioenez, “CERN-ek aukera horiek guztiak aztertu ditu eta nolabaiteko zulo beltzak sortuz gero ere, horrek benetako mehatxua suposatuko lukeela esateko inolako oinarri zientifikorik ez dagoela esan du. Beraz, horiek ahots alarmistak baino ez dira. 2001. urtean Savas Dimopoulos eta Greg Landsberg zientzialariek idatzitako artikulu bat ez zen behar bezala interpretatu eta haren haritik histeria sortu da. Artikulu hark zioen LHCak segunduro zulo beltz bat sor zezakeela”. Enrique Fernandez CERN-eko Zientzia Batzordeko presidenteak ere antzeko zerbait zioen urtarrilean Público egunkariari eskainitako elkarrizketa batean: “Egia da zulo beltzak sor daitezkeela, baina arriskua oso txikia da. Hori guztia zehaztasun handiz ikertu da. Zulo beltz txikiak oso azkar desagertzen dira”.

Hori baino larriagoa da jakitea CERNeko zientzialariak diru kopuru handiak gastatzen ohituak daudela eta jada hurrengo proiektuan –ILC-an (ingelesez, International Lineal Collider)–, dutela burua. ILC proiektuak 30 kilometroko luzera duen aparailua eraikitzea du helburu, AEBetan egingo da eta 13 mila milioi euroko aurrekontua dauka.

LHC-a martxan jartzeko data ofiziala 2008ko ekaina da. Baina atzo, apirilaren 6an, ate irekiak saioa egin zuten.

Informazio gehiago:

Etiketak: ,

Irakurleen erantzunak

Trackbacks

Erantzun bat idatzi

beharrezkoa
beharrezkoa, ez da publikatuko
aukerazkoa
*