Alberto Ortiz de Zarate: “Blogosfera ez da medio egokia zuzenean saltzeko, baina bai norberari buruzko izen ona eraikitzeko”
Atala: Hedabideak

Hilaren 31n Enpresan bloga erabiltzeko gida-liburua aurkeztuko da Guggenheim museoan egingo den ekitaldian. Alberto Ortiz de Zarate liburuaren egilearen ustez, enpresek ez dakite hitz egiten eta ikasteko asko entzun behar dute lehendabizi. Eta horretarako gaur egungo entzunaretorik onena proposatu du, blogosfera.
Azkenaldian jende askok teorizatu du blogei eta web 2.0 deitzen den horri buruz. Asko idatzi da gaiaren inguruan. Badirudi guztia idatzia dagoela. Zerk bultzatu zaitu liburu hau idaztera?
Blogei buruz gehiegi idatzi dela iruditzen al zaizu? Uste dut libururik zaharrena Rebecca Blood-en The weblog handbook dela, 2002koa. Esango nuke gazteleraz idatzitako lehena 2005ekoa dela eta euskaraz oraindik ez dut batere ezagutzen. Oraindik asko dago idazteko.
Baina zure galdera egokia da: Zertarako bete apalategian leku gehiago? Ez al da nahikoa Interneteko jarduna? Badirudi ezetz: Oraindik orain paperak sareak baino erotika handiagoa dauka. Hain zuzen ere, liburu hau wiki gisa argitaratu banu, zu ez zinen ni elkarrizketatzen egongo orain.
Liburu honek ezer baino gehiago, erabilgarri izan nahi du. Horregatik deitu diot “gida-liburua”. Baina, gainera, honako tesia defendatu nahi du: enpresek ez dakitela hitz egiten eta ikasteko asko entzun behar dutela lehendabizi. Eta gaur egun blogosfera da entzunaretorik onena. Estiloari dagokionez berriz, liburu laburra eta zuzena da, entretenigarria izan nahi duena.
Zure liburuan merkatuak hizketaldiak direla eta blogek hizketaldi horiek sustatzen lagun dezaketela diozu. Hortik ondorioztatzen dut salmentan ere laguntzen dutela. Adibide praktikorik eman al dezakezu?
Uste dut hizketalditik salmentarako jauzia azkarregi eman duzula. Hain zuzen ere, liburuan, uneren batean honako aholkua ematen dut: “Ez saiatu saltzen”. Blogosfera ez da medio egokia zuzenean saltzeko, baina bai norberari buruzko izen ona eraikitzeko. Eta azken finean horrek etekin ukigarriak sor diezazkioke enpresari. Blogosfera ez da leku ona pazientzia gutxiko jendearentzat.
Aldiz, merkatuen ikerketa modu zehatzago eta merkeagoan egin daiteke, Interneteko hizketaldiak entzunez. Sarearen burrunba sistematikoki entzun eta hortik interesatzen zaigunari buruzko informazioa atera daiteke: gure enpresari buruz zer esaten den, zer kontsumo ohitura agertzen ari diren, zer dagoen modan eta zerk duen fama txarra.
Euskal Herriko enpresak egokitu al dira Internetek eskaintzen dizkien aukeretara edo ohiko moduan aritzen dira?
Blogak komunikazio modu berri baten, sareko komunikazioaren, zati dira. Norabide bakarreko komunikazioa erabiltzen duten enpresek blogosferan mehatxuak baino ez dituzte ikusten. Jendeak euren enpresa eta produktuei buruz libreki hitz egiteko dituzten aukeren beldur dira, eurek ez baitute inolako kontrolik horretan.
Horri dagokionez, Euskal Herrian ez gaude oso aurreratuak. Enpresa babestu behar den ezagutzaren (know-how) jabe dela uste dugu. Enpresa industriala ez da izango mundu horretara errazen egokituko dena.
Hala ere, batik bat AEBetako –baina baita Europako– enpresa txiki eta handiak euren hornitzaile eta bezeroekin eta baita lehiakideekin ere, ezagutza partekatzeaz etekina ateratzen ari dira. Blogek mugimendu horretan zeresan handia dute.
Berrikuntzaren alde herrialde bezala egiten ari garen apustuaren eraginez, zentzu horretan aurrerapauso azkarrak ikusiko ditugula uste dut , berrikuntza ez baita leku itxietan ematen.
Aipatzen ari garen zentzuan blogak erabiltzeagatik aipagarri iruditzen zaizun enpresarik ba al da?
Enpresek ez dute giza ahotsarekin hitz egiten, ez dira elkarrizketarako egokiak eta beraz, blogen egile gisa ez dira sinesgarriak. Baina enpresen barruan, euren lanbideari buruz edo lan egiten duten enpresari eta bertako produktuei buruz idazten duten pertsonak daude. Batzuetan goi karguak izan daitezke, Bob Lutz bezala, General Motors enpresako presidenteordea, edo kargurik gabeko langileak, Telefonicako Somos azules komunitatekoak bezala.
Blogosfera euren produktuak promozionatzeko bide gisa erabiltzen duten enpresen adibide nabarmenak ere badaude. Ohikoena produktua –normalean teknologiarekin zerikusia duen gailuren bat– eragin handiko blogariren bati oparitzea izan ohi da. Horrek ongi funtzionatzen du, blogariak askatasun osoz idazten baitu. Enpresak produktuari buruzko iritzi txarra jasotzeko arriskua dauka, baina bere produktuarekiko konfiantza duela erakusten du eta sektorean eragin handiena dutenen artean marketin biraleko zikloari hasiera ematea lortzen du. Nokia edo Blackberry enpresek adibidez, teknika hori modu egokian erabili dute.
Gurera etorriz, uste dut EITB blogosfera ulertzen eta hortik etekina ateratzen hasi dela. Adibidez, aupatu.com gunea harrera ona lortzen ari da.
Zuk Eusko Jaurlaritzan egiten duzu lan. Nahikoa egiten al du instituzio horrek euskal gizartean Informazio eta Komunikazio Teknologiak (IKT) sustatzeko?
Eusko Jaurlaritza bultzatzaile eta arautzaile papera betetzen saiatzen da. Ni bertako parte naizenez, ez naiz pertsona egokia berau kritikatzeko.
Baina gizarte-sarea ez da gobernuaren ekimenez jaioko. Administrazio publikoak bere garapena lagundu edo oztopatu lezake, baina ez da erabakigarria izango. Gizarte berria banakakoez osatuta dago eta pertsona horiek dira behetik gora gizarte hori eraikitzen ari direnak.
Zure liburua 12 euroren truke eros daiteke, baina pdf bertsioan jaitsi daiteke saretik creative commons lizentziapean. Horrek zure liburuaren salmentari lagunduko dio edo salmenta potentzialen kopurua jaitsiko da?
Benetan maitea, ez zait batere inporta. Liburu honekin ez dugu inork dirurik irabazten: ez laguntzaile izan den Agoranetek, ez editore izan den Infonomiak, ezta egile naizen neronek ere. Nahiago dugu testuak zabalkundea izatea, jendeak jaitsi dezala, irakurri dezala, partekatu dezala…
Baina segur aski, saretik jaitsi ahal izateak salmentari lagunduko dio. Horrela gertatu da beste kasu batzuetan. Arrazoia sinplea da: jende askok jaitsi du, irakurri du eta berari buruz hitz egiten ari da. Horren eraginez, irakurle horietako batzuek enkarpetaturik izatea edo norbaiti oparitzea nahiko dute. Datu bat ematearren, esango dizut liburuak hilabete daramala kalean eta jada 50 aipamen inguru –beste hainbeste blogetan– idatzi direla berari buruz.



