Blogariek dirua egin al dezakete?
Atala: Hedabideak
Apirilaren 6an Blogak 2.0 jardunaldietan izan nintzen. Bertan blogosfera deitzen den horren produktibitate ahalmena zenbaterainokoa den frogatu ahal izan nuen. Eta benetan diotsuet, komunikabide batek baino gehiagok nahiko luke Deustuko Unibertsitateko Auditorioan bilduta zeudenekin osatutako erredakzioa izatea. Baina blogari horiek norentzat ari dira lanean? Nondik bizi dira? Eta zergatik egiten dute egiten dutena? Uste dut ez naizela oso oker izango gehienak zaletasunez ari direla esaten badut. Hala ere, hasi gara ikusten eta entzuten blogekin negozioa egiteko ildoak. Horien inguruan aritu nahiko nuke gaurkoan, labur bada ere.
Francis Pisani kazetariaren blogean irakurri nuen blogari beharrezko denbora eskaini ahal izateko berau diru iturri bilakatu behar dela. Baina blog batek dirua irabazi ahal izateko ezaguna izan behar du. Beraz, baieztapen horrek nahiko egoera korapilotsura garamatza, ezin baita bietako bat lortu bestea gabe.
Pisanik “El estado de la blogosfera y de su economía” (Blogosferaren egoera eta beronen ekonomia) artikuluan “buztan luzea”ren teoria aipatzen du. Hau da, Interneten audientzia handia duten web gune gutxi batzuk daude. Aitzitik, buztan luzea osatzen duten milaka gune daude eta horietako bakoitzak mikro audientziak dituzte. Luistxori entzun izan diot behin baino gehiagotan teoria honen inguruan hitz egiten eta “blogak 2.0″ jardunaldietan Loic Le Meur-ek ere aipatu zuen. Le Meur Six Apart Europako burua da (Six Apart: Movable Type eta Typepad blog sistemen enpresa). Pisaniren baieztapenari jarraituz, buztan luze horretan daudenek oso zaila dute dirua egitea beren blogarekin.
Blogekin dirua egiteko moduak
Pisanik oihartzun handiagoa eta ondorioz irabaziak lortzeko blogek jarraitu ditzaketen ereduak zehazten ditu aipatutako artikuluan. Besteak beste, honako bi moduak zehazten ditu:arrakasta gehien duen bloga zein den ezagutzeko hainbat motako blogak sortzea eta publiko sofistikatu bati zuzendutako luxuzko blogak eratzea. Edonola ere, argi dago blogariak ordu asko sartu beharko dituela kotizazio maila altuetara iritsi nahi badu.
Blogetan publizitatea sartzeko joera (Blogvertising) ere pixkanaka badatorrela dirudi. Alvaro Andoin (Media Contacts) Blogak 2.0 jardunaldietan adierazitakoaren arabera, Frantzian publizitatea eta marketina egiteko oso zabalduta dago blogak sortu eta horiek mantentzea. Nik oraindik ez dut blog euskaldunik ezagutzen publizitatea duenik. Edonola ere, ez izan zalantzarik, hori ere iritsiko da.
Bestalde, duela gutxi irakurri dudan albisteak orain arte entzun ez nuen eredu baten berri eman dit. Dirudienez, AEBetan blogak prentsa agentzia moduan ere funtzionatzen hasi dira. BlogBurst guneak blogen eta prentsaren arteko zubi lana egiten du. Funtzionamendua nahiko erraza da: zerbitzu horrek blog zerrenda igortzen die komunikabideei. Azken horiek interesatzen zaizkienak aukeratu eta zerbitzuarekin noiz arte jarraitu nahi duten erabaki dezakete. Oraingoz blogariek ez dute dirurik jasotzen, baina bai sarrera edo bisita gehiago. Washington Post, San Francisco Chronicle edo San Antonio Express egunkariak zerbitzu hau erabiltzekotan dira. Komunikabide horien helburua zenbait blogek eskaintzen dituzten eduki espezializatuak beren web guneetan txertatzea da; adibidez, bidaiei edo teknologiari buruzko edukiak.
Horrek gogoeta bat egitera eraman nau. Euskal Herriko komunikabideok geure kazetariak blogari bihurtzeko saiakerak egiten ari gara, ez ote gara indarrak alferrik galtzen ari? Jada martxan daudenen zerbitzuak azpikontratatzea ote da irtenbidea? Gogoeta horiek eta gehiago egin daitezke, baina garbi izan dezagun kazetaritza ereduak aldatzen ari direla eta komunikabideok ezin dugula atzean geratu eta beldurrik gabe eutsi behar diegula bide berriei. Egia da; horretarako gogoaz gain, inbertsioa ere beharrezkoa da.


