Kronika 2.0

Sarrera hau eli-pombo-(e)k idatzi du / Apirila 7, 2006
Atala: Hedabideak, Kirola

Blogak 2.0 jardunaldiak egin ziren atzo (6) Deustuko Unibertsitatean, Alianzo enpresak, Deustuko Unibertsitateak eta, Bizkaia Enpresa Digitala eta Euskadi Informazioaren Gizartean ekimenek antolatuta.

Oraindik ia 24 ordu iragan ez badira ere, jada asko idatzi da han entzundakoaz, unibertsitateko auditorioa ordenagailu eramangarriz betea baitzegoen eta bertaratutakoek hitzaldiak entzun ahala idazten zituzten artikuluak beren blogetan. Ordenagailu eramangarririk eraman ez genuenok haitzuloetako gizon-emakumeak bezala sentitzen ginen, gure paper eta boligrafoekin, baina aizue, oraindik ere azken horiek pisuz eramangarriagoak dira.

Jardunaldiei “Blogak 2.0″ izena eman zieten, “web 2.0″ kontzeptuaren baitan txertatzen baitira. Baina zer da “web 2.0″? Blogari.net-eko sortzaile Gorka Juliok oso ongi zerrendatu zituen horren ezaugarriak:

  • Ikusleak sortzaile bihurtzen dira
  • Parte hartzailea da
  • Sindikazioa: edukiak RSS bidez lortu eta zabaltzeko aukera dago
  • Erraza eta erabilgarria da
  • Mikro-edukietan oinarritua dago. Hau da, hainbat blogarik euren gustuko edukietaz idazten dute, ez daukate interes orokorreko gaiak izan beharrik

“Web 2.0″-ri buruz gehiago ezagutzeko Irratia.com-ek jardunaldiak baino lehen egindako saioa entzun dezakezue.

Hainbat arlotan web 2.0 nola aplikatzen ari den ikusi ahal izan zen atzo Deustun: enpresa arloan, gehitzaile edo agregatzailetan, bilatzailetan, unibertsitatean, politikan eta abar. Kazetaritza ere mintzagai izan zen. Hizlariak Lontzo Sáinz (EITB24), Fernando Belzunce (El Correo), Gorka Julio (Blogari.net) eta Patxi Gaztelumendi (Irratia.com) izan ziren. Patxik zabaldu.com-en lotura bat bera ere EITB24 web gunean ez dagoela leporatu zion Lontzori. Azken horrek ez zuela web gune horren berri izan erantzun zion eta Patxik jarrera proaktiboagoa erakutsi beharko lukeela gaineratu zuen. Patxiren ustez euskal blogosferaren munduan jende ugari dabil gauzak egiten. Komunikabide handi eta ofizialek berriz, ez diote gurdi horri tiratzen eta ez dute Interneteko kazetaritza egiten.

Erantzun bat idatzi

beharrezkoa
beharrezkoa, ez da publikatuko
aukerazkoa