Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Gari alea Weblog-a

bannerra

Iruñeko hizkuntz eskolan euskaldun berrientzat bertso ikastaroa, lehenengoz

2008(e)ko irailaren 19a

Euskaldun berria izatea eta "tarteko maila"ko (lehenago 3. maila) ezagutza izatea, horra astean behin bertsotan egiten ikasteko bete beharreko baldintza bakarrak. Irailaren 25 arte dago izenemateko epea zabalik, eta 15 ikasleko taldea izango da. "Bertso saio bat gozatzea, teknika ezagutzea eta egiten pixka bat trebatzea" ditu helburu ikastaroa martxan jarri eta irakasle izango den Ainhoa Aranburuk. Berak azaldu digu nola baliatu daitekeen bertsolaritza euskara ikasteko. Ikastaro honen proiektuagatik zoriondu egin zuen inspektoreak, kulturarekin eta hizkuntzaren beste dimentsio batekin duen loturagatik.

Idatziz ala bapatean egingo dute?

Boligrafoarekin ikasiko dute bertsoa nola egiten den, eta ondoren bapatean hasiko gara, "dena libre" estiloan. Baina helburua ez da bapatean egitea: askatzea, beldurra galtzea... baizik. Horrek gero euskaraz egiteko ere balioko baitie.

Euskaraz ongi ez dakitenek bertso saioekin gozatu?

Estrategia konpentsatorio delakoak landuko ditugu. Alegia, helburuak ezin duenez izan bertsoak ulertzea, beste helduleku batzuk emango dizkiegu gozatu dezaten: Bertsoen egitura ikasita, esaterako, bertso saioak entzuterakoan ariketa bat izango da bertsolaria zein puntutan doan jakitea. Entzuleak ez diolako arreta berbera jartzen bigarren puntuari edo bukaerari, bertsoaren muina bukaeran baitago. Horregatik, euskara ikasleei irakatsiko diegu euren arreta osoa, ulertzeko lan dena, bukaeran jar dezatela. Era berean ikasiko dute ulertzen ez dutenari garrantziarik ez ematen, eta ulertzen duten gutxiarekin, gainerakoa eurak osatzen. Hau ere oso garrantzitsua da euskara ikasteko.

Bartzelonako hizkuntz eskolan urte askoan landu zenuen bertsolaritza. Zer ondorio atera dituzu?

Zer hizkuntz kontzientzia hartzen duten da ederrena, eta engantxatu egiten direla. Ikasleek ezin dute puntu bat zuzen egin, eta beraz, gramatika ikasteko baliatzen dugu. Mugagabea ezinbestean sortzen da errimatzerakoan, esaterako "hainbat aulki", eurek bestela oso gutxitan erabiltzen dutena. Bertsoek asko funtzionatzen dute elipsiarekin, eta hor dago koxka, zer kentzen ahal den eta zer ez, esaldia ulergarri izateko...

Klasez kanpoko ekintzak egiteko asmoa duzue?

Bost irteera egingo ditugu: Nafarroako Txapelketara, Bertsoaroara, hizkuntz eskolak antolatzen duen bertso saiora... Eta bertsolariak ere ekarriko ditugu gelara.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan