2008-11-23 -- 2160.zenb
Urtzi Urrutikoetxea (Kazetaria eta idazlea)
Pena handia eman dit Kaukasoko gerrak. Abkhaziar eta georgiarren kasuan bereziki, oso tamalgarria da: elkarren etsai bezain euskaldunen ahaide sentitzen dira biak, gurekiko estima sinestezina da. Han euskal kaukasiartasuna ez da teoria, zalantzarik gabeko egitatea baino.
Errusiak ez zuen XIX. mendera arte Kaukaso konkistatu –Georgia izan zuen orduan herri leialena–. 1859an Ipar-ekialdeko txetxeniarrak eta dagestandarrak garaitu ostean, Ipar-mendebaldeko zirkasiarren familia zabalaren –abkhaziarrak barne– aurka gupidagabe jo zuen: 1864an Zirkasia hustu zuten, biztanleen %95 hil edo kanporatuta. Oraindik asko dira Itsas Beltzeko arrainik jaten ez dutenak, otomandar inperiora bidean hondoratutako ontziak gogoan. “Ahaztutako genozidioa” deitzen diote.
Abkhaziako Gobernuak Errusiarekiko esker ona badu ere, diasporako abkhaziarrak –Abkhazian baino askoz gehiago bizi dira Turkian– haserre daude 2014ko Neguko Olinpiar Jokoak Sotxi hirian egingo direla eta, Ubykhia zaharreko hiriburuan. Ubykh guztiak kanporatu zituzten eta 1992an hil zen mende bat lehenago 50 mila hiztun zituen hizkuntza. Abkhaziak Israelen antzeko plana dauka azken urteotan: Turkiako abkhaziarrak etxeratzea. Baina Sergei Bagapsh presidenteari galdetu niolarik barkamenik eskatu behar ote zuen Errusiak 1864koagatik, ezetz esan zidan: “Kontu zaharrak dira horiek”.
Nork du arrazoi hainbeste sufritu duten nazioen artean? 1992an abkhaziarrak ez ziren %20 beren lurraldean, eta georgiarrak ia %50 ziren. Georgiar guztiak kanporatu zituzten gerran, garbiketa etnikoa ankerra izan zen. Baina orduan esaten dizute 130 urte lehenago abkhaziarrek sufritu zutela genozidioa, eta gero Stalinek eta Beriak georgiarrez bete zutela Abkhazia, bertako biztanleak gutxiengo absolutua izan arte. Beste horrenbeste diote georgiarrek Hego Osetiaz: osetiarrak Iparraldekoak direla, eta Hegoaldera etorri eta georgiarrak kanporatuz bihurtu direla gehiengo. Nori dagokio beraz, autodeterminazio eskubidea? Lurraldeko biztanle guztiei? Gutxiengoa izan arren “jatorrizko” nazioko kideei? Diasporakoek ere badute hitzik?
Errusiak osetiarren eta abkhaziarren eskubideak aldarrikatzen ditu, Kosovoko albaniarrei ukatzeaz bat. Oligarken Errusiaren inperialismoa gringoena baino hobea da, nonbait, bere aldera lerratu baitira Venezuela, Nikaragua eta sasiezkertiar mordo bat. Inork ez du galdetu, horratik: eta Txetxenia?
Aitor Zabaleta (Kazetaria)
Baikorra izateko arrazoirik ez dagoela diote askok, datorren urtea gogorra izango dela, estu hartuko gaituela krisiak. Mezu ezkorren uholdea etorri zaigu gainera.
Sasoi hobeetan albiste gehienak txarrak direla iruditzen bazaigu, zer esanik ez orain. Liskarrak eta hondamenak erraz topatzen dute lekua komunikabideetan. Zenbat eta zalaparta gehiago, hobe, tentsio informatiboari eusteko.
Ia dena da ezkorra albistegietan, zorionekoak mezu apokaliptikoen eta gizakiaren gaiztotasunaren teorikoak. Badirudi kazetari ausarta izateko, mila pasartetan trebatutako tipo gogorra, ilunpetan ibili beharra dagoela beti.
Nik, aldiz, kronika beltzak baino nahiago ditut zuriak, eta ez nuke horregatik errealitatetik kanpo egon nahi. Gauzak dauden moduan egonda, albiste onen atzetik ibiltzea, iluna baino gehiago argia bilatzea, jokabide berritzailea da, eta ia baita iraultzailea ere, ez baitago modu eraginkorragorik aurre-iritziak gezurtatzeko. Hori ere bada komunikabideen lana.
Mundua baikor ikustea, pixka bat bada ere, ez dago modan, ordea. Kronika zuria motela da, txisparik gabekoa. Gertaera onak, historia baikorrak badaude, bai hemen eta bai Mozanbiken, baina komunikabideek ez daukate gogo askorik horiek jasotzeko.
Adibide bat aipatzearren, duela gutxi Nigeriak satelite bat bidali du espaziora Txinak lagunduta. Baina hori ez da albiste izan.
Afrikan dena da iluna, dena tristea, gosea eta gerrak besterik ez, horixe ikusi dugu beti.
Komunikabideek uste duguna baieztatzen dute gehienetan, bestela audientziak bizkarra emango liokeelakoaren beldur. Eta guk geuk ere horixe nahi izaten dugu, pentsatzen duguna egunkarietan edo telebistan konfirmatuta ikustea.
Jakinekoa da pertsonak txakurrari haginka egitea dela albiste, eta ez alderantziz.
Hala ere, pentsatu nahi nuke badagoela beste biderik gertaerak komunikabideen erakusleihora eramateko, izatez albiste tankerarik ez badute ere.
Pedro Miguel Etxenike zientzialariak dio kazetariok ongiaren mezulari izan behar dugula, sentimendu positiboen hedatzaile. Arrazoi guztia ematen diot. Mundua hain txarra izango balitz, gizakion arraza aspaldi egongo zen desagertuta. Kronika beltza nagusi den sasoian, begirada zuria aldarrikatzen dut, mundua ikusteko modu positiboagoa, eta askotan baita errealagoa ere. Gure artean ditugun makina bat izorratzaileen eragina leuntzeko bada ere.
© ARGIA.com
Lege Oharra
RSS sindikazioa