Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

ARGIA.com-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2010-03-17 16:27:56
Nontzefilmak 2010-era lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak

2008-11-02 -- 2157.zenb

Jakoba Errekondo

Pikuak

Pikuz okitutako antzaren gibela gutizia zen, dagoenerako, duela 4.500en bat urteko Egipton. Nilo neguko balneario zuten antzarek eta nahikoa janean erreserbatarako koipea pilatzen zuten gibelean. Gibel hutsaren aldean leuna eta gozoa. Laster ikasi zuten antzara gainelikatzen. Eta gutizi gorena sortzez gero antzarari onenetik eman behar: pikua. Garai hartako Saqqarako nekropolian, Mererukaren hilobian, hegaztiei mokoa zabaldu eta mokadu ederrak sartzen ari diren antzarazainak harrian zizelkaturik ageri dira.

Cratino poeta grekoak, duela 2.500 urte eskas, antzarak gainelikatzen aritzen ziren langileak aipatu zituen. Mediterraneo zubi urdinean zehar zabaldu zen egiptoarren gutizia, baina han bertakoak zuen sona. Agesilao II.a Espartako erregeari, duela 2.369 urte Egiptora egindako bisitan, bertako nekazarien gai onenak eskaini omen zizkioten oturuntzan: antzara gizenak eta aratxea.

Gerora Erromako gastronomoek idatzi eta jaso zuten iecur ficatum, pikuztatutako gibela. Pikua eta gibel ona etengabe lotzetik datoz frantsesezko foie, italierazko fegato, espainierazko hígado...

Zuzenean mokotik urdailera, onilean barrena gaur egun artoa ematen zaie antzara gutxi batzuei, batez ere ahateei. Azken ikerketen arabera, industrialki gizendutakoaren aldean, etxean bezala hazitako gibela finago endurtzen omen da. Mokofinen mauka.

Moko-zurienari ere endur dakioke gibela horregatik! Bada, Japoniako Shizuoka Unibertsitatean burutu duten ikerlan baten arabera, beste landare batek senda dezake gibel hori, ahuakateak, Persea americana. Hepatitisaren birusari aurre egin omen diote ahuakatearen aterakinarekin.

Afrikan pikoa eta barrabila hitz bera badira, Ameriketan ahuacuatl deitzen diote ahuakateondoari, barrabilen zuhaitza, alegia. Binaka hazten ditu ahuakateak. Fruitu honek aparteko indarra eta kemena eman eta, pikuak bezala, gorputza ederki berotzen du. Barrabilen zuhaitzak fruituak ontzen dituen sasoian, badaezpada, neskatoak etxean eduki behar direla diote.

Jakoba Errekondo

Arkatzak

Egurra da arkatzaren osagai nagusietako bat. Zedroa (Cedrus sp.), ipurua (Juniperus sp.) eta abar erabili izan dira arkatzetarako. Idazteko eta marrazteko lehendik ere grafitoa erabili izan bada ere, XVIII. mendearen amaiera aldera asmatu omen zen egun ezagutzen dugun erako arkatza. Frantziako Conté ingeniaria, Nurenbergeko Faber eta Staedler, Austriako Koh-i-Nooreko Hardtmuth eta Italiako Bernacotitarrak dira asmatzaileak. Hasieran grafito puska bat eta gero grafito hautsa buztinarekin nahasiz egindako orea bi egur zatiren artean galkatuz sortua da arkatza. Eberhardek 1822an eraiki zuen AEBetan lehen arkatz industria. Izen horiekin denekin oraindik ere arkatzak egiten dira, baina arkatz gehien Brasilen egiten da, urtero 4.500 milioi; zein egurrekin egiten diren jakin egin behar... Ingalaterrako Cumbrian dago lehen ezagutu zen grafito sail handiena eta bertako Keswicken dago arkatzaren museoa (www.pencilmuseum.co.uk ). Interneten arkatzen museo birtual bat ere bada: www.leadholder.com. AEBetan, Ohioko Nelsonvillen, aldiz, arkatz zorrozkailuen museoa dago (www.officemuseum.com)

Jakoba Errekondo

Gipuzkoako Oria eta Urola ibarren arteko mendia Matxinbentan, Beasaingo udal barrutian. 692 metro garai, Murumendi, Izazpi eta Urraki gainen artean dago. Matxinbentatik abiatu eta Endriokorta atetik barrena igo ohi da bertara. Itxuraz, mendiaren izena Atxabal da eta Txarabeltz bertako sail bat. Txara joria izango zen, agi denean, eta hortik beltza. Gaur egun ere, txara jator, sasi eta elorriz oparo, arantzamen ederra da.

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan