2008-11-02 -- 2157.zenb
Brusela, 1910. Paul Otlet (1868-1944) eta Henri LaFontaine (1854-1943) abokatuek Mundaneum ekimena jarri zuten abian Belgikako hiriburuko Palais du Cinquantenaire-n. Ekimenaren xedea ez zen makala: munduko informazio guztia bildu, katalogatu eta aurkeztea.
Horretarako, Sailkapen Dezimal Unibertsal izeneko sistema asmatu zuten. Guztira hamabi milioi txartel sortu eta sailkatu zituzten. Otletek mahai biribil handi bat egiteko asmo zuen, txartelez jositako gurpil erraldoia. Erabiltzaileek txartelak irakurtzeaz gain, bertan idazteko aukera izango zuten, dokumentuen arteko loturak ipin zitzaten. “Dokumentu bakoitzak beste guztiekin dituen loturak ezarriz, Liburu Unibertsala osatuko da”, Otleten beraren hitzetan.
Bruselako jauregia txiki geratu zitzaienez, Otletek egoitza berria Genevan (Suitza) eraikitzeko enkargua egin zion Le Corbusier arkitekto handiari, 1929an. Baina lanak ez ziren hasi ere egin. Ekimen faraonikoa hasierako laguntzak galtzen joan zen pixkanaka eta, azkenean, 1934an bertan behera geratu zen.
Mundaneumeko materiala museoko pieza da gaur egun, Bruselan bertan. Baina Otlet eta LaFontaineren irudimenean zegoena bizi-bizirik dago egun. Orduan ere, Otletek ez zuen amore eman eta ekimena gauzatu ez bazen ere, buruan zeukana paperean argitaratu zuen 1932an, Traité de documentation izenburuko lanean.
“Hemen, obren orrialdeak ez dira liburutan egongo”, idatzi zuen ameslari belgikarrak. “Horien ordez, pantailek eta telefonoek garrantzi handiagoa izango dute. Liburu guztiak eta horien inguruko informazioa eskaera-bulego batean egongo dira. Galderak telefonoz egingo dira, eta bulegoan horiei erantzuteko beharrezko orrialdeak irakurriko dituzte. Erantzunak pantaila baten bidez emango dira. Pantaila bi, lau, edo gehiago behar izanez gero, hamar zatitan banatuko da, hainbat testu edo dokumentu batera kontsultatuz ondoren. Bozgorailuak erabiliko dira irudiek ahozko azalpena behar badute. Hobekuntzak lortu ahala, deiak eta pantaila bidezko erantzunak automatizatu ahal izango dira. Zinema, fonografoak, irratia, telebista: tresna horiek guztiak liburuaren ordezkotzat hartuta, Liburu Berria osatuko dute, giza pentsamendua hedatzeko hitzik garrantzitsuenen bilduma, irratiz emandako liburutegia, telebistaz emandako liburua”.
Belgikarrak etorkizunean informazioa berehala eta modu unibertsalean eskura egongo zela uste zuen. Guk, ia mende bat geroago, Internet esaten diogu.
Elvis Presley-ren antz izugarria duen erromatar garaiko tailua saldu zuten, joan den urriaren 15ean, Londresko Bonham’s enkante-etxean. Alea 35 zentimetro altu da, marmolez eginda dago eta K.o. II. mendekoa da, datazioen arabera. Sarkofago erromatar baten ertzean aurkitu zuten eta 1970eko hamarkadan Londresen bertan Graham Ge-ddes bildumagile australiar ezagunak erosi zuen, rock and rollaren erregea artean bizirik zela.
Geddes-ek berak “Elvisen tailua” izena ipini zion obrari, eta enkantean salgai ipini zuen orain gutxi, erromatar eta egiptoar garaiko beste hainbat lanekin. Azkenean, eskultura bitxia 24.000 libera esterlinaren truke saldu da: 30.800 euro inguru.
Elvis bizirik dagoela sinesten dutenek, duela 2.000 urte ere bizirik zela pentsa dezakete orain.
© ARGIA.com
Lege Oharra
RSS sindikazioa