Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

ARGIA.com-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2010-03-17 16:27:56
Nontzefilmak 2010-era lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak

2008-11-02 -- 2157.zenb

Paula Kasares

Olinpiaden bestondoa pasatu da. Citius, Altius, Fortius lelopean antolatzen den gertaera mediatikoa –edo orain erraten den bezala, merkatuteknikoa– akitu zen eta harekin batera apaldu ziren, pixka bat bederen, banderen itzalpean baino ez egiten diren norgehiagoka eta lehien asaldura nazionalak. Gaurgero estatuek euren lepoetatik zintzilikaturik dituzte dominak, euren handitasun eta boterearen bitxiak bailiran. Handiago, garaiago, azkarrago nahi izan horretan ohitu gara, atletismo pistetatik at ere. Bizitza eta lehia berdintzen duen ikusmoldeari men eginda gaude, antza.

Olinpiaden prestaketaren algaran bete-betean, intelektual espainiar batzuek (Jose Antonio Marinak, Aurelio Artetak, Felix de Azuak, Albert Boadellak, Arcadi Espadak, Carlos Martinez Gorriaranek, Alvaro Pombok eta Fernando Savaterrek, bertzeak bertze) Manifiesto por una lengua común bota zuten iritzi publikoaren joko zelaira estatuko hizkuntza politika publikoan eragiteko asmo garbiaz. Handiago, garaiago, azkarrago izateagatik edo, preseski, hala nahi dutelako gaztelania lehenetsi eta bertzeei nagusitzea aldarrikatzen dute.

Garai horretan ere, handiago, garaiago, azkarrago nahi izate horren ideologia linguistikoa biluztu du Juan Carlos Moreno Cabrera hizkuntzalariak. Morenok –Madrilgo Unibertsitate Autonomoko hizkuntzalaritza katedraduna izateak ematen dion susmogabetasun osoz– hizkuntza nazionalismo espainiarraren ideologia aztertu eta ideologia horrek gaztelaniaren nagusitasunaren alde egiten duen defentsa ideologizatua utzi du agerian. Diskurtso zientifikoaren azal jantziaz, hizkuntza nazionalismo espainiarraren ideologiak kontzeptu linguistiko eta soziolinguistikoak manipulatuz, hizkuntzen arteko desoreka prozesu natural baten ondorio gisa agertzen du. Hau da, gaztelania handiago, garaiago eta azkarrago balizko izate hori naturaltzat eta nahigarritzat jotzen du.

Horren guztiaren ondotik, uda, olinpiadak, hizkuntza amankomunaren manifestua eta nazionalismo linguistiko espainiarraren ajeak pasatuta, segitzen dut pentsatzen bertzelako mundua genukeela bizitza omen den lehia honetan beti nagusi izatea erdietsi nahi duen etika beharrean, adintsua bezain zaharra zen filosofo basoko txikitxoak utzi zigun irakaspena nagusituko balitzaigu: David gnomoak erraten zuen bezala: “Inor ez da hobea handiagoa, garaiagoa edo azkarragoa izateagatik”. Hala biz.

Eneko Olasagasti (Zinemagilea)

Eneko Olasagasti

Villabonako Subijana Etxearen inauguraziotik bueltan hasi naiz lerrook idazten. Beste behin ere, bertsolariei beste sortzaileok diegun inbidiaren gaitzak jota. Bertan izango dute egoitza berria, merezimendu osoz, Bertsozaleen Elkarteak eta Xenpelar Dokumentazio Zentroak. Abendurako, horixe agindu dute erakundeetako arduradunek, haien egoitza izateaz gain Mintzola egitasmoaren aterpe ere izango da. Eta besteak beste, horrexegatik nengoen ni han, Mintzola ahozkotasuna garatzeko gunea izateko sortu zelako eta Eskenak (antzerki konpainien elkartea) urtetan egindako antzezlanen grabaketak gordetzeko leku egokiena izan zitekeela hasieratik egon zelako mahai gainean. Hau ere besteak beste.

Eta oraingoan ere Bertsozale Elkarteak aurrea hartu digu. Ikustera joan garenerako jakin dugu uztailetik daudela bertan. Azken urteetan, kultur kudeaketan, nire arlotik, lanean jardun eta konturatu naiz ez dela hau hori gertatzen den lehen aldia. Aurrera egiteko ibilbide neketsu, luze eta zail hauetan, gu leku edo akordio batera iristen ginenerako, aspaldi iritsiak, bertsolariak irten berriak ziren dagoeneko, beste helburu baten atzetik. Eta horrek, zer nahi duzue, inbidia ematen du. Subijana Etxeak inbidia ematen du, herri honetan ezkontezinak diren osagaiak ezkontzen dituelako. Bertso munduak herrigintza eta sorkuntza elkartzen jakin izan du. Eta elkarretaratze horretatik sortzen diren ekimenek ez dute erakundeetara daraman bidea garbi eta oztopo gabea izaten. Bertsozale Elkarteak, ordea, lortu du gizarteak eta erakundeek aho batez onartzea bertsogintzaren garrantzia gure kulturaren eta hizkuntzaren kili-kolozko transmisioan. Horren fruitu da Subijana. Herrigintza eta sorkuntza lotzen dituenak hori eta gehiago merezi du. Eta horregatik diet inbidia, gu maila bat edo bi, edo... beherago gabiltzalako.

Bertarainoko bidaia Aldundiak ipinitako autobusean egin dut Jon Baguesen konpainian, Eresbileko arima. Horrelakoetan horrelakook egiten duguna egin dugu: egin gabe dauden hainbat gauzen bat-bateko zerrenda. Zertara noan ere azaldu diot. Mintzolarako gurekin oraindik ere kontatzen ote zuten jakitera. Ekitaldian banatuta egon gara. Lehen pintxoa hartzen ari ginela deitu gaituzte autobusera itzultzeko. Ezin izan dut pentsatu deia nahita egina zegoela Kutxako ordezkaria gurekin zetorrelako. Jonekin berriro elkartu naizenean galdetu dit ea zer moduz. Ondo esan diot. Hori esan didatela behintzat Maria Jesusek eta Mirenek. Eta joan bezala bueltatu gara, zerrenda osatzen. Autobusetik jaistean pentsatu dut ez diedala inbidia bertsolariei bakarrik, musikariei ere bai. Batzuek Subijana eta besteek Eresbil daukate.

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan