Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2009-07-02 14:10:49
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2008-10-26 -- 2156.zenb

Euskararen bilakaera 25 urtean

artikulu nagusira itzuli
Hizkuntza politikaren oinarriak eztabaidagai (Kike Amonarriz)
argazkia


Hizkuntza politikaren inguruko eztabaida indartsu samar plazaratu da berriro. Euskararen Aholku Batzordearen partaide gisa “XXI mende hasierako hizkuntza politikaren Oinarriak” eztabaidan parte hartzeko egokiera izan dudanez, bertan kaleratu diren txosten eta ekarpenetako eztabaidagairik interesgarrienak nabarmendu nahi nituzke LARRUN honetan. Hausnarketarako funtsezkoak iruditzen zaizkidan galderak aipatuko ditut beraz. Eta norbaitek interesik balu nire iritzi apaletan, “Euskara 21” gunean dagoen txostenean irakur ditzake.

Lehenik eta behin aipatu behar da eztabaida plazaratzeak berak iritzi desberdinak sortu dituela. Batzuek, egokitzat jo dugu eztabaida gizarteratzea; hizkuntza normalizazio prozesuari eta hizkuntza politika osoari bultzada berria emateko, eta atxikimendu eta partaidetza soziala sendotzeko. Baina egon badaude, eztabaidak prozesu honi kalte besterik ez diola ekarriko uste dutenak, euskararen aurkako indar mediatiko-politikoak aukera horietaz baliatu ohi direlako, kontrako posizioen bozgorailu lana eginez eta aurkako dinamikak bultzatuz. Egia baita gaur egungo indar koerlazioak medio, eztabaidak ondorio negatiboak ere eragin ditzakeela.

Hausnarketa sakona egin beharko genuke beraz, gure argudioen egokitasunaz eta argudio horiek gizarteratzeko ditugun ahalmenen inguruan.

Oinarrizko kontzeptu soziolinguistikoen inguruan dugun “nahastea” eta argitasun falta ere agerian geratu dira eztabaidan.
Globalizazioaren eta teknologia berrien hedaduraren eraginez, munduko eta Euskal Herriko egoera soziolinguistikoak aldatu egin dira, “elebakartasuna” eta “elebitasuna” bezalako kontzeptuak motz geratu zaizkigularik errealitatearen edo mende amaierara begirako helburuak deskribatzeko: eleaniztasuna, herritarren hizkuntza eskubideak, hizkuntza normalizazioa, elebitasun asimetrikoa edo diglosia kontzeptuak maiz azaldu dira eztabaidan osagarriak balira bezala. Baina hala al dira benetan? “Elebitasun orekatua” sozialki bidera ezina dela ia aho batez onarturik, zeintzuk dira horren konplexuak diren gure errealitatea eta normalizazio-prozesua deskribatzeko erabilgarriak zaizkigun kontzeptuak? Zeintzuk dira, errealitate konplexu eta aldakor honetan, belaunaldi baten hodeiertzean marka ditzakegun helburuak, ameskerietatik eta utzikerietatik kanpo?

Mikel Zalbidek diglosiaren inguruan zabaldu duen debateak eragin sakonak eduki beharko lituzke soziolinguistikaren eremuan mugitzen eta hausnartzen ari garenon artean. Iruditzen zait artikulu hori irakurri eta gero, ezin izango dugula diglosiari buruz orain arte bezala hitz egin. Eta zeintzuk dira eta nola berreskura ditzake euskarak ekarpen horretan ezinbestekotzat jotzen diren erabilera eremu propioak?

Hizkuntza politika hizkuntza eskubideen inguruan ardaztu behar den ala ez, ur sakonetako eztabaida da. Lortu al liteke Euskal Herria eleanitza baina sozialki ahalik eta euskaldunena izatea, politika hori hizkuntza eskubideen inguruan ardaztuz? Eskubideak bermatzera bideratutako politikak ala erabilera praktikoak bultzatzera bideratutakoak lehenetsi behar dira? –muturrak bakarrik aipatzearren–.

Kontsentsua eta adostasuna zabaldu edo indartu nahi dira. “Euskara denona” da diogu denok, baina posible al da hizkuntza politikaren inguruko adostasunik, adostasun politiko zabalagorik gabe? Helburu eta bitartekoen inguruko adostasunik gabe? Noren eta zeintzuen artean egituratu behar da adostasun hori? 1982an Euskararen Legeak izan zuen adostasun maila norantz zabaldu behar da? Ikuspegi oso desberdinak azaldu dira honen inguruan. Eta eztabaidaren erdian administrazioaren eta euskalgintza antolatuaren arteko harremanak. Batzu-batzuk behin baino gehiagotan aldarrikatu izan dugu ezinbestekotzat elkarlan hori normalizazio-prozesua bizkortzeko. Nola uztartu ordea, administrazioaren gidaritza eta euskalgintzaren autonomia?

Erabilitako erritmoen eta markatutako (edo markatu gabeko) epeen inguruko eztabaida ere mamitsua da. Txostena orain arte egin denarekiko kritikoegi dela uste dutenen aldean, neronek kritikoagoa izan zedin ere eskatuko nuen: “Asko egin da. Gehiago egin zitekeen”. Eta honekin lotuta, egoeraren diagnostikoaren inguruan dauden irakurketa desberdinak edo kontrajarriak aipatu beharko genituzke.

Aspektu hauek guztiak eta beste batzuk zintzotasunez eta sakontasunez hausnartzeko, eztabaidatzeko eta ahal den kasuetan adosteko gai izango bagina, beste oilar batek egingo liguke kukurruku, euskalgintzaren oilotegian.

* Soziolinguista eta umoregilea

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan