Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2009-07-02 14:10:49
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2008-10-26 -- 2156.zenb

Euskararen bilakaera 25 urtean

artikulu nagusira itzuli
Euskaldunen mugak Ipar Euskal Herrian (Emilio Lopez Adan)
argazkia


(Oharra: "euskaldunak" terminoa bere esanahi linguistiko mugatuan erabiliko dut: euskaraz dakitenak)

Berrikitan argitaratu da azken inkesta soziolinguistikoa, eta etengabeko gainbehera erakusten duela ondorioztatu dute gehienek. Bada puntu baikor bat: gaztetxoen artean, euskaraz zerbait dakitenen kopurua emeki emendatu dela. Datu horren gainean baten batzuek finkatu dute ikuspegi optimista bat, minoritarioa, erraiteko euskararen irakaskuntzaren fruituak ugarituko direla eta, agian, 2050. urterako Ipar Euskal Herriko gazteen %55 euskalduna izanen dela. Botere publikoen politika linguistikoak lehentasun osoa eman dio haur eta gazteen euskarazko irakaskuntzari, eta ikuspegi horrek justifikazio aire bat ekartzen dio.
Inkestaren emaitzak eta haien interpretazioak kontutan harturik, hiru ohar egin nahi nituzke.

1./ Interpretazio baikorra desegokia da.

Euskaraz dakiten gazteen artean, ezagutza mailak oso ezberdinak dira. Familia euskaldun batean sortu, etxean ikasi eta, gainera, eskolan ere irakaskuntza elebidun orekatua izan dutenak ezin konpara daitezke familia erdaldunetan hazi eta irakaskuntza desorekatua izan dutenekin. Ez dute gaitasun bera, inondik ere.

Berriz, hiltzen ari diren euskaldunen konpetentzia linguistikoa oso handia zen. Haiek utzi zuloa ez dute emari eskaseko gazteek beteko. Erabilpenaren emaitzak hor dira, eta norberaren esperientzia ere bai: eskolan zerbait ikasi duten gazteen artean, euskaraz bizitzeko gaitasun eta grina atxikiko dutenak gutti dira.

Positiboa bada euskararen irakaskuntza zabaltzea, edozeinek daki politika linguistiko eraginkor batek beste adar asko behar dituela: ez dira, eta haien sortzeko borondaterik ere ez.

2./ Euskaldun motibatuen lorpenak gelditzen ari dira.

Azken hogeita hamar urteotan, belaunaldi oso militante batek bazterrak mugitu ditu eta aitzinamenduak ekarri: irakaskuntzan, euskararen presentzia publikoan eta euskararen balorazio sozialean, emaitza baikorrak izan ditu. Alta, botere publikoek erabaki dute elkarte eta militanteen emaitzen gainean jarri eta haien kudeatzea (horiek baitira Euskararen Erakunde Publikoaren helburuak): geroztik, badirudi herri mugimendua geldi dela, orain arte lortu mugak gainditzeko ezintasunean. Elkarte bakoitzaren beharrak EEPrekin negoziatzen dira, eskasak dira iniziatiba berriak eta oldartzerik ez da. Aitzindariek lortu zutena kudeatzen da administrazioaren begi (eta diru) pean.

Inmobilismo horren baitan ez da soilik botere publikoen eragina ikusi behar. Finean, euskaldunen mugiarazteko ezintasuna dugu huts nagusia. Transmisioaren gainbeherak argi erakusten du euskaldun gehienen utzikeria: beharbada, aitzindarien oldartzea hasi zenean jadanik sobera sakonak ziren politika glotozidaren ondorioak, eta euskararen aldeko militantzia ez da aski erakargarria izan frantsesteko tendentzia nagusia uzkailtzeko. Hots, urrunegi ginen, erdiesten ahal zena erdietsi dugu, eta hemendik aurrera miseria kudeatzeko gaitasuna besterik ez dugu ukanen.

3./ Esperantzak mugaz gaineko modernitatearekin lotuak.

Gauza nabaria da (eta aitzinetik errana) euskarak Lapurdi-kostan eta Lapurdi-barnealdean eusten duela, eta beheiti ari dela Baxe Nafarroan eta Xiberoan. Bizimodu eta balore tradizionalei atxikiak ziren euskaldunak ez dira gauza izan frantsestasunari aurre egiteko; berriz, modernitateari eta Hego Euskal Herriko eragin hurbilari lotu direnak, bai.

Ikuspegi honek arazoak eta esperantzak sortzen ditu. Mugaz gaineko euskalduntasun modernoari atxikia den belaunaldi berria euskararen alorrean biziko da, nahiz eta Ipar Euskal Herriko jendartea sakonki erdaldundu: horra esperantza.Gero, bertako euskalkiekin eta kultura tradizionalarekin harremanak nola moldatuko diren, hori bai dela arazoa.

Egoera larria da, euskaldunen eskubideak egoki kudeatzeko politika linguistikorik ez delako, eta ez dirudi laster izanen denik. Egoera larria ere, euskaldun motibatuek zuten oldarra bere mugetaraino heldu delako, eta guttiengoaren lorpenak kudeaketan gelditua da. Egoera itxaropentsua, guttiengo horrek bereganatu baititu mugaz gaineko euskalduntasun orokor baten gaitasunak, eta horrek etorkizuna segurtatuko dio.

Zer egin behar? Hiru puntu, hiru erantzun: Botere publikoei buruzko politika ofentsiboa, irakaskuntzan, bizi sozialean eta administrazioan euskaldunen eskubideak segurtatu arte. Euskaldunen alorrak azkartu, hedatu eta biderkatu, kudeatzaile estatalen eskuetan utzi gabe. Eta euskalduntasun modernoan hemengo bertako euskalkiak eta kultura biziarazteko sormena izan.

* Medikua eta idazlea

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan