Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

ARGIA.com-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2010-03-16 17:39:38
Nontzefilmak 2010-era lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak

2008-10-26 -- 2156.zenb

Nagore Irazustabarrena

Erzsebet Bathory-ren aurkako epaiketako irudia

Hungaria, 1560. Erzsebet Bathory jaio zen erresumako familia nagusietako batean. Istvan Bathory Transilvania eta Poloniako erregearen iloba, idazten eta latinez, alemanez eta hungarieraz hitz egiten zekien, ezohikoa garai eta inguru haietan. 15 urte zituela ezkontzera behartu zuten eta Csejthe gaztelu ilunera joan zen bizitzera. Ferecz Nadasdy senarra han eta hemen gerran zebilen bitartean, Erzsebeten neska gazteenganako zaletasuna gero eta nabarmenagoa zen; zahartzaroa eta heriotza obsesio bilakatu ziren harentzat.

Osasun ahuleko senarra hil eta gero, Darvulia izeneko atso aztia lagun, hasi omen ziren Bathory kondesaren izugarrikeriak. Gazteluko neskame birjinekin sexu harremanak izan ostean torturatu eta hil egiten omen zituen. Horretarako, besteak beste, “burdinazko dontzeila” izeneko makina erabiltzen zuen; emakume itxurako metalezko tramankulua zen, barruan barra zorrotzak zituena. Neskak barruan sartu eta odolustu egiten zituen.

Kondesak uste zuen bere biktimen odola edanda nahiz odoletan bainuak hartuta, ez zela zahartuko, betiko biziko zela. Baina edertasun tratamendu hura ez zen erraza. Neskameen iturria agortu eta ehizan hasi behar izan zuen, 12 eta 18 urte bitarteko neskatxak harrapatu eta gaztelura eramaten. Horrela ez zen erraza sekretua ezkutuan gordetzea eta azkenean Matyas II.a enperadoreak zimurren aurkako erremedio krudelaren berri izan zuen. Bathoryri sorginkeria egotzi zioten eta Csejtheko gazteluan giltzaperatuta bizitzera kondenatu zuten. Epaiketako agiriek diotenez, “kondesa odolzaleak” 610 neska hil zituen.

Handik aurrera, Erzsebet Bathory izuaren ikono bihurtu zen. Liburu mordoa idatzi eta beldurrezko film ugari ekoiztu dira haren inguruan. Diablo II bideojokoak bera du protagonista. Bathory izeneko rock taldea sortu zen Suedian eta Iron Maiden –burdinazko dontzeila, ingelesez– talde ezagunak ere haren makina kuttunari zor dio izena.

Batzuek diote Hungariako noblezian hain ohikoa zen endogamiaren eraginez galdu zuela iparra. Badira Vlad Tepes “Drakula”-ren senide urruna zela diotenak ere. Baina gero eta historialari gehiagok jartzen du zalantzan beldurrezko istorio hau. Gatazka politikoetan murgilduta zegoen erresuma hartan, sorginkeria maiz erabili zuten, emakume boteretsuak baztertzeko aitzakia. Hortaz, dena etsaien asmakizun hutsa izan liteke.

Errudun ala ez, Erzsebet Bathory kondenatu eta ia hiru urtera hil zen, 1614ko abuztuaren 21ean, 54 urte zituela eta azala zimurrez josita.

Nagore Irazustabarrena

Auschwitz

Izuaren museoa ixteko zorian Auschwitzeko esparrua museoa da gaur egun, baina arazo ekonomikoak direla-eta ixteko zorian da.

Alemaniarrek II. Mundu Gerran eraikitako izuaren esparrua Gizon-emakume Guztien Ondare izendatu zuten 1979an. Baina ez dirudi museoari zabalik eustea munduko gizon-emakume guztien ardura denik. Auschwitz museoak nazioartetik 190.000 euroko laguntza sinbolikoa baino ez du jasotzen urtean, eta gainerako hiru milioi euroak Poloniako estatuak jarri behar ditu.

Oroimen historikoa gordetzeko beharra behin eta berriro aipatzen den garaiotan, eta Pijama marradunaz jantzitako mutikoa liburuaren nahiz filmaren arrakasta ikusita, kontraesan izugarria da Auschwitz galtzen uztea.

 

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan