Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

ARGIA.com-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2010-03-17 16:27:56
Nontzefilmak 2010-era lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak

2008-10-26 -- 2156.zenb

Gorka Moreno Márquez (EHUko soziologia irakaslea)

Gorka Moreno Marquez

Gure gurasoen garaian ohikoena bizitza guztirako enplegua izatea zen. Lanaldia astelehenetik ostiralera zen, 40 ordukoa; urtean 11 hilabetekoa, bizitzaren bi heren ematen zuten lanean. Era berean, enpleguak soldata duina eta gizarte eskubideak bermatzen zituen gehienetan. Garai hartan oso ohikoa zen behe-behetik hastea lantegi barruan eta urteak pasa ahala postu hobeagoa lortzea eta noski, soldata hobeagoa. Garapen guzti honek, oso laburki azalduta bada ere, ondorio oso nabariak izaten zituen: enpleguak segurtasuna eskaintzen zuen lan ibilbidean, goranzko bide lineala eta metatua ahalbidetzen zuen. Hortaz, enpleguan hobetu ahala bizitzan ere hobetzen zen.

Hauen seme-alaben garaian aldiz, gure garaian alegia, lehen aipatutako ezaugarri gehienak hankaz gora daude. Horrela, gaurko lanaldiak askotan hiruzpalau ordukoak izaten dira –batzuk ordu batekoak ere!– eta askok nahi izango lukete urtean 11 hilabetez lan egitea. Honi “lan-bizitza” asko murriztu dela gehitu beharko genioke bai behetik –ikasketak– zein goitik –aurrejubilazioak–.

Ondorioak nabariak dira, gero eta zailagoa da langabeziarako diru-laguntza jasotzeko kotizazio nahikoa lortzea, gero eta zailagoa ere urte asko kotizatzea pentsio on bat bermatzeko, eta borobiltzeko, guzti honi mileurismoa gehitu behar zaio. Pentsa daitekeenez, enplegu mota honekin oso zaila da egonkortasuna lortzea, ez da gizarte segurtasunik ahalbidetzen eta iraganean goranzko lan ibilbidea eta lineala baldin bazen ere, gaur egun gorabehera handikoa da, hurrengo enplegua ez delarik zertan bestea baino hobea izan. 

Enpleguak lehen gure bizitzan zuen eragina desitxuratu egin da, beraz. Eragina izaten jarraitzen du, baina eskaintzen diguna ez da egonkortasuna, kontrakoa baizik, eta lehen gure bizitzen ardatza eta bizkarrezurra bazen, orain askotan indar hori galdu du.
Adibidez: lehen gure gurasoei zer ziren galdetzen zenienean, igeltseroa edota erizaina zela esango zizuten, dudarik gabe. Gaur,
aldiz, galdera bera botata zer erantzungo du urtean laupazbost lanpostu eta ofizio ezberdin izan dituenak? Baldintza hauetan zaila da etorkizunean pentsatzea, eta lehen enpleguak hiritartasuna blindatzen bazuen ere, gaur egun hiritartasuna bera da gazte askorentzat zalantzan jartzen dena enpleguaren prebarikazioaren ondorioz.

Sonia Gonzalez (LABeko komunikazio idazkaria)

Sonia Gonzalez

Krisi berbak komunikabide guztiak betetzen ditu. Egunkariek azaletan agertzen dute, telebistetako programa guztietan aipatzen da, irratietan analisi “sakonak” egiten dituzte... Burtsei segimendu burutsua egin, langileok aspalditik krisi benetan larria pairatzen ari garela ahazturik.

Gobernuek, estatuetakoek zein Baskongadetakoak edo Nafarroakoak, egin duten lehenbiziko gauza erantzukizuna eurengandik oso urrun botatzea izan da: hidrokarburoak, sub-prime hipotekak, euriborra... Eta saltzen duten kontsolamendu bakarra beste batzuk baino hobeto gaudelako irudia da. Hasiera batean Ameriketako Estatu Batuetako krisialdia izan omen zena, behin gerturatuta, bankari gutxi batzuen diru-gosea eta ardura falta omen da. Edozer eurek zuzenean sostengatzen duten sistemak berak sortu duen arazoa dela onartu baino lehen.

Hala ere, aipatutako gobernu eta gobernu txiki hauek guztiek bat egin dute mundu zabalean praktikan ipini diren neurriekin: bai hipotekekin langileok itotzen gaituzten bankuen “erreskaterako”, bai azpiegituretan milioikako inbertsioak egiteko enpresen mesederako, bai enpresariei laguntzak emateko... Zerbitzu sozialetan gastatzeko ez omen dagoen dirua orain ezerezetik sortu eta mugimenduan jarri da, hori bai, interes pribatuak sustatzeko eta laguntzeko.

Langileoi, bien bitartean, “gerrikoa estutu behar dugulako” mezu bakarra helarazten digute, aspalditik nahiko estu ez bageneuka legez. Azken hamabost urteotan enpresen irabaziek komunikabideetako orriak eta orriak bete izan dituzte, aurpegi irribarretsuak elkarri zorionak ematen. Honela, enpresen irabaziak %70 baino gehiago hazi diren bitartean, langileon soldatak %4 murriztu dira. Eta orain irabazien “pribatizazio” basati horren ostean euren galerak “sozializatu” nahi al dituzte? Jakin badakigu instituzioen laguntza horiek guztiek jasoko dituzten berberak aprobetxatu nahi izango dutela langileon baldintzak are gehiago kaskartzeko eta irabazien jaitsiera ñimiñoenaren aurrean kontratuak ez berritzeko edota espedienteak zabaltzeko.

Errotiko aldaketa behar dugu, kapitalak inposatu duen ereduaren errotiko aldaketa ekonomiko eta soziala. Bide horretan aktibatu behar gara sindikalismoa eta bestelako herri sektoreak, gaur egungo indar korrelazioari behingoz buelta eman diezaiogun. Hortxe dago koska, zabaltzen ari den ke guztiaren gainetik.

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan