Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2009-07-02 14:10:49
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2008-10-12 -- 2154.zenb

Agosti Chaho

Gorrien eta abertzaleen aitzindari

Urko Apaolaza

Atharratzeko Chahoren (1811-1858) bizitza eleberri erromantikoa da. Euskal abertzaletasunaren aitzindaritzat jotzen dena, ezkertiarra eta laikoa zen. Pentsaera deserosoa zuenez “ameslarien” ziegan giltzaperatu dute batzuek. 150 urteren ondoren, bere ideiak bizirik dira.

Jaio zen urtean erromantizismoa Napoleonen Europa birrinduaren gorotzetatik loratzen hasia zen; Mitxelenaren hitzetan, “euskal erromantiko ez atzeratu bakarra” sortu zen bera jaio zen urtean.

Hagitz izan dira Chahori erantsi dizkioten izenondoak: erromantikoa, esoterikoa, iluminatua, distiratsua... Arrisku itzela etiketa estuetan harrapatzeko. Patri Urkizuk –haren bizitza gehien ikertu duenetakoa– artikulu hau idatzi aurretik zera ohartarazi dio kazetariari: ezin da betiko topikoetan erori, Chaho, batez ere, poeta eta idazle bikaina izan zen. “Mitxelenak dio euskal kazetari saltsa-maltsari horietakoa zela, baina euskal kulturaren eta herriaren aldarrikatzaile izan zen” dio literaturan adituak.

Atharraztarra “sortzez eta bihotzez”

Basabürüko herri koxkor bat zen Atharratze XIX. mendean. Jauregirik jada ez zuen arren –XVIII. mendean birrindu zuten kanta sonatuan agertzen den Luxeko jaunarena– antzinako merkataritzaren distira zerion arbelezko teiletan. Zuberotarrak gorriak eta bi ikusiak ziren Iraultzaz geroztik: Asanblea Nazionalak foru eskubideak ezabatu zituen, ogia garesti zegoen eta gizonak Errusiako kanpainan izozturik. Horrelaxe hazi zen Joseph-Auguste Chaho Lagarde, egun ostatu bihurturik dagoen etxe dotore batean, hiriko ordokian.

Familia jantziko semea zen, aita uxerra zuen eta amaren abizena Mauleko Ohienartia etxearekin loturik zegoen. Bere biografo Gustave Lambertek Chaho hil eta gutxira idatzi zuen zazpi anai-arrebatan kuttunena izan zuela amak hasieratik. Eta hasieratik izan zituen liburuak arnasbide, Oloruera ikastera joan zenean le petit philosophe deitzen omen zioten. Bearneko hiri horretako seminarioan hainbat urte igaro zituen Chahok humanitateak estudiatzen.

Chahotarrek Zuberoako jendartean biziro hartu zuten parte. Lagunen sare zabal bezain sendoa zuten aitaren lanbideari esker eta horietako bat izan zen Pierre Topet Etxahun. Koblakari barkoxtarrarekin harremana aita eskribauak hasi zuen, Etxahunen defendatzaile izan baitzen bere auzi dohakabean. Orenean aurrera, laudoriozko bertsoak idatzi zizkion bardoak bere fidantziako lagun izan zenaren semeari:

Mousde Chaho Atharratze,
adinez zirena gazte
bena ezta zaharrik ere,
dinik haboro, jakite,
ez jente talent handietan,
dinik hainbeste berthüte.

Bertso hori 1849an idatzi zuen Etxahunek eta jadanik politikagintzan zebilen Agosti Chahorentzat marketin izugarria izan zen, barkoxtarraren koplak arras ezagun egiten baitziren orduan.

Paris “mirakulutsua”

Atharraztar gaztea Paris handira joan zenean Antoine Abbadia ezagutu zuen bertan. Biek parekotasun ugari zituzten: Adin bertsukoak ziren, biak hasi ziren Sorbonako unibertsitatean zuzenbidea ikasten eta biak ziren euskaltzale eta abenturazale. Laster adiskidetu zen zuberotar parea eta euskarazko gramatikaz ikerketa egin zuten elkarrekin, Chahok “zazpi escal herrietako eskualduner ” zuzentzen diena.

Ezagun denez, Antoine Abbadia mundua deskubritzera abiatu zen –anaia Arnaud-ek lagunduta–, eta esplorazio geografiko horiekin Frantziako jakintsuen Olinpoa ukitu zuen, alegia, kondekoratua eta errespetatua izan zen, bere lagun Chahoren ahanzturaren aldean. Zergatik baina? Ez ote du Atharratzekoaren pentsaerak zerikusirik horrekin? “Bere pentsaera gaizki kontsideratua zegoen, apaizen artean batez ere, oso kritikoa eta oso gorria zelako” dio Urkizuk.

Memento hartan Paris zen Europako korronte ideologiko berrien eta intelektualtasunaren hiriburua, eta L’Arsenal liburutegia mugimendu horien guztien zilborra. Charles Nodier liburuzain ospetsuak leku horretan babestu zituen orduko literato eta pentsalariak Frantziako erromantizismoari bide emanez. Eta hara non aurkitzen dugun urte horietan Chaho, biblioteka hartara joan etorriak eginez, Victor Hugo, Alexandre Dumas eta etorkizuneko beste izen handi ugarirekin batean. Zuberoako Urdiñarben duela hogei urte egindako Agosti Xaho pastoralean –Jean Michel Bedaxagarrek idatzia– ederki antzeztu zituzten L’Arsenaleko arratsalde haiek: “Ikhasle khartsü bat baizik segür enuzü besterik!” esaten dio Chahok Nodierri.

Ezbairik gabe, Paris izan zen gure idazlearen irudimena piztu zuen hiria, “mirakulutsua eta paregabea” bere hitzetan. Eta bizkor hasi zen argia egiten; 1834an euskarazko lehen liburua idatzi zuen: Azti Begia. Poeta azti bihurtzen dela diote zenbait teoriek eta horrelakoxe zerbait pasa omen zitzaion Chahori euskal kosmologiako lehen lan horretan. Urte berean argitaratu zuen Paroles d’un voyant (Azti baten hitzak), Lammenais-en Paroles d’un croyant-i (Sinestun baten hitzak) erantzunez. Ez ziren nolanahikoak itzal handiko filosofoari bota zizkionak.

Bidaia bat Nafarroara

Hego Euskal Herrian Lehen Gerra Karlista piztu zenean, Agosti Chaho karlisten alde agertu zen lehen mementutik: “Nabartarrek badute Errege, Bizkaikoek Jauna, Don Carlos dugu errege-jaun hori” dio bere liburuetako batean. Jakina, historialari askok galdera hau egin izan dute: nola liteke Chaho iraultzaileak –errepublikarra eta antiklerikala zen– karlismoa bezalako ideologia erregezale eta ultrakatolikoa defendatzea? Bistan da idazleak karlismoaren ikuspegi berezia zuela; beretzako euskaldunak matxinatu egin ziren foruak defendatzeko eta ez Carlos erregegaiaren alde zeudelako. Urte batzuk geroago Karl Marxek gauza bera esango zuen New York-eko egunkari batean, alegia, karlismoa herri mugimendua zela eta ez erreakzio atzerakoia. Beraz,
Chahoren abertzaletasunaren puntu kardinalak hauek ziren: geografia, historia, hizkuntza eta herri eskubideak.

1835eko martxoko egun batez Chaho Paristik Nafarroara abiatzen da, Frantziako gizarteari ezagutarazteko “euskaldunen federazioa ez dela instituzio zaharkitua”. Kontrabandista batzuek pasatu zuten mugaz bestaldera. Lesaka, Goizueta, Leitza, Ezkurra, Erasun eta Uitzin barrena ibili ondoren Lekunberrin finitu zuen abentura ttipia. Eugène Goyheneche ikerlariak idatzi zuenez –Chaho beraren hitzak aintzat hartuz–, zuberotarraren adierazpen abertzaleek Don Carlosen “kamarillaren mesfidantza” sortu zuten eta horregatik agindu zioten Iparraldera itzultzea.

Bidaia horretatik liburu bat atera zen: Voyage en Navarre pendant l’Insurrection des Basques. 1830-1835 (Nafarroara bidaia euskaldunen matxinadaren garaian. 1830-1835). Kazetaritza lana izateko jaio bazen ere, bidai-literaturarekin zerikusi handiagoa duen liburua da, Chahoren pentsaera eta irudimena ederki islatzen dituena. Zumalakarregirekin izaten duen elkarrizketa da horren erakusgarri –nahiz eta Justo Garateren ustez ez ziren nehoiz elkarrekin izan–.

Kazetari erromantikoa

Baliteke Nafarroara eginiko bidaia hark Chahoren kazetari sena iratzarri izana. Izan ere, Tolosako (Frantzia), Parisko eta Baionako hainbat aldizkaritan aritu zen lanean –Revue de voyans, Trilby...– eta tartean, beste hamaika zereginetan ere bai –kondesen prokuradore, madameen irakasle...–. Baina 1844an bere bizitzan lorratz sakona utziko zion proiektuari ekin zion: Ariel aldizkaria.

Fermin Arkotxa sortzez baigorriarrak hamar urte baino gehiago daramatza Chahoren bizitza eta obra aztertzen. Egun Sorbonako unibertsitatean ari da tesia egiten eta Ariel aldizkaria goitik behera arakatu du horretarako; nehork baino hobeto ezagutzen ditu horko edukiak. “Kazeta sortu eta lehen egunetan ‘duelo’ probokazioak jaso zituen Chahok. Hitz bat nahikoa izaten zen ezpataz edo pistolaz borrokatzeko” dio ikerlariak. Chahoren bizitzak nobela baten osagaiak ditu eta ez da harritzekoa zenbaitek atharraztarraren irudia baliatu izana. Arkotxak bi idazle aski ezagunen kasuak aurkitu ditu: bata, Theóphile Gauthier parnasianismoaren sortzailearena, bere eleberri batean Chaho euskarako irakasle gisa agertzen du; bestea, Flora Tristan feministarena, Méphis izeneko liburuko pertsonaia nagusietako bat bilakatu zuen gure poeta. Sozialismoaren aitzindari –eta Gauguin margolariaren amona– izan zen emakume honek bertatik bertara ezagutzen zuen Chaho.

Ariel-ek iraun zuen bitartean (1844-1852), Chahok intentzio osoz jarri eta aldatu zizkion goiburuak –Courrier des Pyrenées, Courrier de Cantabrie de Navarre, Courrier de Vasconie eta Le Républicain de Vasconie–, bere pentsamoldea zabaltzeko tresna ezin hobea baitzuen. 1845ean “Aitorren kondaira” publikatu zuen bertan; oihartzun handia izan zuen mitoak –ostera, Navarro Villosladaren Amaya eleberri historikoaren bidez zabaldu zen– eta euskaldunen alegiari Chahok eginiko ekarpen handienetakoa izan da; egungo “Aitor” izena hortik dator, adibidez. Baina aldizkaria ez zen soilik propaganda politikorako erabili; literatura, zientzia, artea eta nazioarteko gaiak ere landu zituen eta horretaz gain, euskal kanten bilduma osatzen hasi zen Chaho. Kantutegi hori argitaratu gabe egon da duela gutxi arte, Patri Urkizuren hitzetan “XIX. mendeko ederrena eta oparoena” izan arren.

“Agosti Chaho, deusere izan ez da”

1848an –Manifestu Komunista jaio zen urtean, preseski– iraultzak eztanda egin zuen Europan. Frantzian, krisi ekonomiko larri batek eta langileen aldarrikapenek Luis Felipe erregea tronutik kendu eta II. Errepublika ekarri zuten. Baionako karriketan ere Marseillesaren doinuak entzun ziren, Agosti Chaho zela manifestazio horien buru. Iraultza horrekin politikan bete-betean sartu zen Atharratzeko idazlea eta ondoren egin ziren bozketetan hautagai izan zen.

Chahok berebiziko ahalegina egin zuen aukeratua izateko: Uscal-Herrico Gaseta sortu zuen euskaldunen artean propaganda egiteko; Jean Pierre Duvoisin idazle ainhoarrarekin sekulako hika-mikak izan zituen; eta Jean Martin Hiribarren apaizaren babesa lortu zuen, Elizaren etsai amorratua izanik ere. Baina boto gutxirengatik ez zen diputatu atera, ezta legebiltzarkide ere. Porrot horietaz eta bere buruaz trufatzeko, bere hilarrian honakoa jarriko lukeela esan zuen behin: “Hemen datza Agosti Chaho, deusere izan ez da, diputatu izatera iritsi ere ez baita”. Dudarik ez umore biziko gizona zela.

1851n, Luis Napoleonen estatu kolpearekin, bost urteko erbestera kondenatu zuten zuberotarra. Belgikan ateak itxiko dizkiote –Victor Hugo eta beste adiskideekin elkartzeko asmoz joan zen herrialde sortu berrira– eta buelta hartuta Gasteizera joango da orduan. Arabako hiriburuan igaroko du, desterruan, urte pasatxo, aharik eta aita gaixoturik, Frantziara itzultzea eskatzen duen arte, politikan muturrik ez duela sartuko zin egin eta gero.

Pertsonaia ezezaguna oraindik

Bere bizitzako azken urteak Baionan egin zituen Chahok, poliziak gogaiturik, etxeko bere gelatik kasik atera ere egin gabe. Denbora horretan hizkuntzalaritza landu zuen gehien. Lau hizkuntzatako hiztegi erraldoia idazten hasi zen –euskara, frantsesa, gaztelera eta latina–, baina horrelako lan ziklopeoekin pasa ohi den bezala ez zion amaitzeko astirik eman, lehen zatiaren “M” letraraino besterik ez zen iritsi. Txoriak “atmosferarik gabe bezala”, arnasarik gabe hil zela dio Urkizuk, 1858ko urriaren 23an, 47 urterekin. Baionako apezpikuak nahi ez bezala, Chahoren gorputza Elizaren bedeinkapenik gabe lurperatu zuten lagunek hiriko hilerrian, horretan ere aitzindaria izan zen atharraztarra.

150 urte dira Agosti Chaho hil zela, eta dirudienez, urteurren horrek ez du merezi ospakizun berezirik gure artean. Beharbada, ezjakintasuna da idazle handi honen kondenarik gaitzena. “Ausartzen naiz erratera Chaho ez dela ezagutzen, eta ezagutzen dena biziki zatikatua dela” dio Fermin Arkotxak. Arrazoirik ez zaio falta, bateko eta besteko aurreiritziek estali baitute bere irudia maiz.
Dena den, hori horrela izanik ere, ez dago aitzakiarik ahanzturan erortzeko, pertsonaia garrantzitsua izan baita Agosti Chaho eta egungo pentsaera askoren aurrekaria. Bere hitzak erabiliz, zibilizazio independente bat nahi zuen euskaldunentzat, arte eta zientzien akademia nazional bat, euskararen erabilera esklusiboa eskoletan... Bestalde, hizkuntzalaritzan eta herri jakintzan egindako lana albo batera uztea –zenbaitek haren irudimena aitzakia hartuta egin duten bezala– hanka sartzea litzateke; Chahok erudizio handia erakutsi zuen, esaterako, Beltzuntze bizkondearekin idatziriko Histoire primitive des Euskariens-Basques bilduman, edo euskal ortografiaz egindako hausnarketetan.

Patri Urkizuren ustez, bederen, idazlearen lanak bildu beharko lirateke dibulgazioko edizio zorrotz batean. Bidenabar, ez legoke gaizki orain arte argitaratu ez diren testuei antzeko bidea ematea, adibidez, Bergarako Monzonen jauregitik Euskaltzaindiak egindako dokumentuen kopiei. Azken finean, hori da Agosti Chaho bezalako pertsonaia konplexu baten pentsaera eta jokamoldeak konprenitzeko modu bakarra.

Erantzunak

aitzindari bat, orduan segitu balio bere lanari egunkariren bat euskaraz lortuko zuen eta baita beste arlo denetan liburugintza edo aurrerapen sendoak

ijon 0000-00-00 00:00:00

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan