Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

ARGIA.com-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2010-03-17 16:27:56
Nontzefilmak 2010-era lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
  • Hasiera >
  • Zientzia eta teknologia

2008-10-05 -- 2153.zenb

Neurologia

Joxerra Aizpurua

Garuna

Australiako Sydneyn dagoen Hego Gales Berria unibertsitateko ikerlarien arabera, bizitzan zehar jarduera mental konplexuak egiten ez dituzten pertsonek gainerakoek baino uzkurrago izaten dute garunaren zati bat. Hain zuzen, jarduera mental konplexuak izan dituztenek hipokanpo handiagoa dute. Nahiz eta adinarekin denoi uzkurtzen zaigun hipokanpoa, ariketa mental ugari egin dutenen uzkurdura pertsona arruntagoenaren erdia izan daiteke.

Lehen aldiz aztertu da, zientzia-ikerketa batean, garunaren tamaina, eta aurkitutakoak aurrerakada nabaria eragin dezake dementziaren aurkako borrokan. Alzheimerren gaitzaren aurkakoan batez ere, nahikoa onartuta baitago hipokanpo txikia izatea Alzheimerra garatzeko faktorea dela.

Azterketan 60 urtetik gorako 50 lagunek parte hartu dute, hiru urtetan. Lanaren arduradun nagusia den Michael Valenzuela doktorearen arabera, farmazia-industria hipokanpoaren uzkurduraren aurkako sendagaia aurkitu bitartean, oso berri ona da norberak bere buruari lagundu diezaiokeela jakitea.

Une honetan, ikerlariak arriskua duten helduengan ariketa mental eta fisikoaren eragina aztertzen ari dira.

Ekologia

Joxerra Aizpurua

Lurra

Ikerlariak oso kezkatuta azaldu dira azken asteotan Artikoan sortu diren metano tximiniengatik. Metanoa karbono dioxidoa baino askoz ere eraginkorragoa da berotegi prozesuan, eta isurtzen segituz gero, prozesu hori areagotu egingo da.

Artikoan metano kantitate eskergak daude harrapatuta eta, izotza urtu ahala, atmosferara isurtzen da gas hori. Ez dago soluzio egokirik arazo horretarako, ez baita aurreikusten epe motzean urtzea geldituko duen sistemarik. Oraingoz, behatu baino ezin da egin.

Jabier Agirre

Haurra bularra hartzen

Gero eta zailagoa da amaren bularretik elikatutako umeen abantailak eta mesedeak ukatzea. Gaiaren inguruan sekula egindako ikerketa zabalenak erakutsi duenez, elikadura modu natural horrek eragin guztiz positiboa dauka umeen garapen kognitiboan, eta haren adimen-koefizientea hobetzen du.

Hau ez da haurren koefiziente intelektuala eta ama-esnez osatutako elikadura lotzen dituen aurreneko ikerketa, baina orain arteko ia lan guztiak behaketa modukoak ziren. Amaren portaera bezalako faktoreen eragina ezin kontrola zitekeenez, haurraren adimenaren eboluzioa aztertzeko ez ziren hain fidagarriak.

Orain, sei urte eta erdi iraun duen ikasketa kontrolatu eta aleatorioan, Bielorrusiako 31 ama-haur zentrotan jaiotako 13.889 haurtxoren jarraipena egin da. Eta herrialde horretan amaren bularra luzaroan eta esklusiboki emateak inolako diru-laguntzarik edo bestelako pizgarririk jasotzen ez duen arren –Europako hainbat herrialdetan duela urte batzuk jarri ziren martxan horrelako neurriak–, ikerketak ondotxo frogatu ditu amaren bularreko esneak adimenaren gain dituen mesedeak.

PROBIT ikerketak (Ama Edoskitzea Sustatzeko Saiakuntza) “luzaroan amaren esnea soilik hartu duten umeak gainerakoak baino adimentsuagoak edo azkarragoak direla” frogatzen du, lanaren arduradun nagusi Michael Kramer-ek azaldu duenez. Zehazkiago esateko, OME eta Unicef erakundeek bultzatuta, ama-esnea soilik sustatzeko programan parte hartu zuten umeek 7,5 puntu gehiago lortu zituzten ahozko adimen test batean. Bi taldeen arteko aldeak nabarmenak izan ziren beste alor batzuetan ere –2,9 puntukoa adimen ez-ahozkoan, eta 5,9 puntukoa garapen kognitiboan–, betiere Wechsler-en haur-adimena neurtzeko testak aplikatuz. Eta test horiek dira gaur egun erreferentzia bezala erabiltzen direnak gizarte garatuetan.

Zalantza bakarra azaldu da: esnea albo batera utzita, ea amaren eta umearen arteko harreman estuagoak zer nolako eragina izango zuen emaitzetan.

Jakoba Errekondo

Urkia

Suomin nazio zuhaitza da urkia. Bertako zuhaitz ugarienetakoa da eta, hemen txerriarekin esaten dugun eran, urkiaren azkazalak ez beste guztia baliatzen ikasi dute; biziko badira, beharko! Suomiren ikur nagusia urki baten aurrean makurtutako neskatoa da. Neskato hori betirako kateatuko duen eraztuna eman aurretik, urki azalez egindako beste bat ematen dio bikotekideak. Horra urkiarenganako mirespena!

Bikotea lotuta, aterpe beharrean izango da. Han urkia bezalakorik ez da. Teilatua egiteko urki azala nagusi. Isolatzaile bikaina da, hango teilatuetan funtsezkoa: lata edo txila eta zohikatz edo belar zotal edo teilaren artean jartzen da. Olio ugari eta mundruna edo brea ditu eta horrek ez urik ezta haizerik igarotzea eragozten du. Gaur egun beste mundrun bat darabilgu isolatze lanetarako mundu osoan: petroliotik edo harrikatzetik eratorritakoa. Petrolioaren aurretik ez al ditugu Urkiatarrak akabatuko! Afganistan gajoan, 1.800 urteko urki azalak eusten dio ezagutzen den monasterio budista zaharrenari.

Urki azalak aterpetuko duen beroa sortzeko, azal horrek berak lehen ere, zutik zenean, aterpetzen zuena dute su-egur. Bost milioitik gorako suomiarren hamar etxetik batean, oraindik ere, urki egurrez berotzen da negua. Epel horretan, besterik ezean, azala eta egurraren arteko barruko azala jango dute. Jateko murtxikatu, asko ez dela aitatzen nuen Harri Aroko indusketa batzuetan topatu duten txiklearen antzera, orain 5.000 urte legez.

Egun xilosa ateratzen zaio urki egurrari. Txikleak eta gozokiak gozatzeko gaia da, diabetikoentzako egokia –intsulina beharrik gabe metabolizatzen du gorputzak– eta hortz-haginetan txantxarrik zulatzen ez duena. Milaka urteren ondorengo ganorazko atarramentua.

Epelean jan eta edan. Zintzurra leuntzeko, barrunbeak pozteko eta burua arintzeko urkiaren izerdi gozotik hartzitutako ardoa edaten dute. Hostoz jantzi aurreko izerdi berria kentzen diote, lau bat litro eguneko zuhaitzeko, batez beste. Eztiz eztitutako izerdia baratxuri eta limoi azalez irakin ondoren, hartzitzen laguntzeko garagardo pittin bat erantsi. Hartzidurak aho sabaiaren oniritzia duenean botilei eman eta hozkailuan jarri.

Urte berrian, zaharrean etxeko epelaren altzora bildu bide ziren etsaiak kanporatzeko urki adarrezko erratza dantzatzen dute.

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan