Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-11-18 11:09:55
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2008-09-21 -- 2151.zenb

Diskoteka

Kalean

Iker Barandiaran

Bad Sound System:: Kalean

autoekoizpena

iraupena ::58’18''

prezioa ::11.50€

Hip-hopa soinu eta mezu askoren topagune

Irunen kokatutako kolektibo ireki honen lehen lana (Builaka) zuzeneko emanaldi batekoa bazen ere, bigarren kolpeak, eskuartean daukagunak, Kalean izena dauka eta paradoxikoki estudioan grabatuta dago. Hip-hopa modu oso irekian lantzen dute –kolektiboa den bezain modua irekian–. Hala, raggamuffina, dub musika, jazza, musika latinoa, ska, punka, elektronika eta reggaea oso presente daude beraien eskaintzan; eta askotan mestizaia giro oso bitxiak lortzen dituzte. Bestalde, gehien erabiltzen duten hizkuntza gaztelania bada ere, euskaraz, ingelesez eta italieraz ere rapeatu izan dute. Kolaborazioei dagokienez, zerrenda luzea da: atzerriko lagunetatik hasita, Fermin Muguruza edota Sorkunenganaino, esaterako. Eta hitzak, berriz, salaketa bizikoak eta pentsarazi nahi dutenak dira.

Bad Sound System

ĞEz gara rapero gogor eta perfektuak, bertute eta akatsak ditugun pertsona hilkor arruntak garağ

Bad Sound System kolektibo irekia da?

Batez ere kolektiboa gara. Hasierako izpirituari eusten diogu, nahiz eta batzuk joan diren eta beste batzuk jarraitzen dugun. Baina hala gustatzen zaigu, gauza askotara zabalik gaudelako. Kolaboratzea eta musika egiteko arau itxietatik aldentzea sorkuntzarako eta musikarako oso positiboa da.

“Gurea hartzen dute eta kometekin entretenitzen gaituzte”. Herriak opio asko al dauka?

Bai. Sistema ahalegintzen da gu aisian murgilduta edukitzen, argi, kolore eta informazioz betetzen gaitu. Are gehiago, gero eta droga berritzaile gehiago sortzen dituzte, gauzak aldatzeko borroka ez dezagun.

Plastikoak gauza txar gehiegi irudikatzen ditu?

Plastikoak faltsua den guztia irudikatzen du; agintariek eta politikariek sinestarazi nahi digutena. Gu ere gero eta naturaltasun gutxiagoko jendea gara. Sinestarazi nahi digute jabe izatean datzala zoriontasuna, baina ez da horrela.

“Musika da borroka”. Bada oraindik musikarekin gauzak aldatzerik edo erabat irentsita dago?

Musika gailua da, berarekin egingo duzuna da erakutsiko duena borrokarako indarra duen edo ez. Hau da gakoa: badugu guk indarra gauzak aldatu eta gizarte eta gizaki hobeak izateko?

“Askorentzako kriminala naiz, musika kriminala”. Oraindik hip-hoperoak gaizki ikusiak daude?

Ez dut uste, alderantziz, badirudi gizarteak ez dituela serio hartzen, barregarriak balira bezala. Baina penintsulako hip-hop talde batzuk ikusita, ez da harritzekoa!

“Inperfektua naiz lau aldeetatik begiratuta”. Baina ez al zineten ba hip-hoperoak onenak? Are gehiago, horretaz harro agertzen zineten nonahi.

(Barre). Badira halako rapero asko, perfektuak, onenak, gogorrenak edo dena delako tontokeria direla uste dutenak. Gu, ordea, bertute eta akatsak ditugun pertsona hilkor arruntak gara.


Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan