2008-09-14 -- 2150.zenb
Basa-tabakoak oso teknika berezia erabiltzen du polinizatzaileak erakartzeko baina haiek landarea ez akabatzeko, berriki Alemaniako Max Planck institutuko ikerlari talde batek Science aldizkarian argitaratutako artikuluan jakinarazi duenez.
Landareek, polinizatu ahal izateko, kanpoko laguntza behar izaten dute gehienetan: txoriak, intsektuak... Horiek erakartzeko koloreak, usainak eta abar erabiltzen dituzte, baina behar ez diren bisitariak izan ditzakete, eta horiek landareen nektar guztia xurga dezakete polinizazioa gertatu gabe. Nola erakarri nahi dituzun polinizatzaileak baino ez? Basa-tabakoak, hori lortzeko, usain uxatzaileak isurtzen ditu, usain erakargarriak ez ezik.
Tabakoaren usain goxoa bentzilo azetatoaren bidez emititzen da, gauetan, eta gaueko tximeletak eta hainbat kolibri erakartzen ditu; baina nektarrak uxatzailea ere badu, eta hori nikotina da. Ikerlariek hainbat proba egin zituzten landare desberdinekin; genetikoki eraldatuz, batzuek nikotina isurtzen zuten eta besteek ez. Horrela ikusi zuten azken horiek askoz ere bisitari gehiago izaten zituztela aurrenekoek baino, eta nektar gehiegi galtzen zutela, landarea ahulduz. Ostera, bentzilo azetatoa isurtzen ez zuten landareek ez zuten bisitaririk izaten eta ondorioz polinizatzeko aukera eskasak zituzten.
Ikerlarien arabera, usain ona eta txarraren arteko oreka dinamikoa da eta landareak erabakitzen du zein den bien arteko proportziorik egokiena une bakoitzean.
Jakin badakigu gorreria gure barne-belarrian gertatzen denean ia itzulezinezko egoera baten aurrean gaudela. Baina hori aldatu egin liteke, berriki AEBetako Oregoneko unibertsitateko John Brigandek zuzendutako ikerketaren emaitzen arabera. Nature aldizkarian adierazi dutenez, saguen enbrioietan posible omen da zelula ziliarrak sortzea. Zelula horiek barne-belarrian daude, eta zilioek jasotako bibrazioak pultsu nerbioso bilakatzen dute. Pultsu hori garunera garraiatzen denean, soinu bilakatzen da.
Aipatutako zelula ziliarren ondoan beste zelula ziliar batzuk badaude, gure oreka mantentzeko balio dutenak. Ugaztunongan jaiotzez finkatzen da zelula ziliar kopurua, eta gerora, istripu baten bidez, adibidez, galtzen direnak ezin dira birsortu.
Ikerketak oso bide interesgarria zabaldu du sortzetiko gorreria dutenentzat. Agian, umetokian dauden bitartean zelulak birsortu baitaitezke, saguekin egiten den bezala.
Fabrikatzaileak, P&G Pharmaceuticals etxeak, ezetz dio, ez dela emakumezkoen Viagra, baina konparazioak saihestezinak dira. Urte hasieratik botiketan eskura daitekeen testosterona-partxeak –Intrinsa du izena– desira sexual hipoaktiboaren trastornoak (DSHT) jota dauden emakumeen sexu-grina pizten omen du.
Europako osasun-agintariek menopausia kirurgikoa duten emakumeentzat soilik onartu dute botika, hau da, umetokia eta obulutegiak erauzi edo kendu egin zaizkien emakumeentzat. Emakumearen Osasunerako Palacios Institutuko zuzendariaren hitzetan, “badira botikaren eraginkortasuna menopausia naturala duten emakumeengan frogatzen duten ikerketak ere, baina oraindik denbora luzea beharko da agintariek hori onartu eta gomendatzen hasi arte”.
Adituen iritziz, partxearen abantaila nagusia testosterona maila baxua da, ia maila fisiologikoaren adinakoa baita. Testosteronak desira sexuala berreskuratzea eragiten zuela gauza jakina zen aspaldidanik, baina orain artean dosi suprafisiologikoak baizik ez dira lortu ahal izan, eta horrek, jakina, bazituen albo-ondorioak. Partxe berriak berriz, hormonaren 300 mikrogramo besterik ez dauka. Eta horrek ez dakar ez pisu-gehikuntzarik, ezta biloa gehitzerik ere.
Oraingoz beraz, Intrinsa botika DSHT duten emakumeentzat baino ez da onartu. Baina nola diagnostikatzen da gaitz-egoera hori? Bi baldintza daude: emakumeak sexu-desirarik ez sentitzea, eta horrek frustrazioa eragitea. Arrazoi horrexegatik, Intrinsarekin tratamenduan dagoen emakumeak terapia psikologikoa ere jaso behar du. Botika fabrikatzen duen laborategiak berak DSHT egoera diagnostikatzeko tresna garatu zuen; galdera sorta bat. Aurrerantzean, egoera hobetze bidean jar daiteke orain arte diagnostikorik gabe, eta okerragoa dena, inolako tratamendu espezifikorik gabe zeuden hainbat emakumerentzat. Botika honek hilabete behar du gutxienez eragiteko, eta beste hainbat kasutan bezala, medikuaren kontrola ezinbestekoa da.
Luzuriagatarrak baino iparralderagokoa da maçaranduba (Manilkara huberi), Hego Amerika, Ertamerika eta Karibe aldekoa. Lagun brasildar batek aipatu dit zuhaitz hau, bere zur gorri-gorri ia morea uretara botaz gero, urperatu egiten dela... eta ni bere usainean abiatu. Kanpoan bere zur ederra dela-eta ezagutzen da eta lur haietatik estraperloan ekartzen den ugarienetakoa da. Han, noski, bere egurraren berri badute, batik bat eraikuntzan erabiltzen dute. Zutik dela, izerdia ere kentzen zaio zuhaitz honi eta garai batean kautxuaren tankerako goma sortu nahi zen, baina haren aldean eskasa nonbait. Hala ere, golferako piloten azala gozatzeko ez omen da hoberik... Jateko ona omen du fruitua; ea dastatzeko aukera noiz izaten dugun.
Maçarandubak eta bere ahizpek antza handia dute. Zapotak, Manilkara zapota, egur gorri-marroia zuretarako, puntta berriak barazki gisa eta fruitua oso estimatuak ditu. Nonahitik darion izerdi zuriaz latexa egiten da. Hori txingoma edo txiklea egiteko gaia da. Bere izerdi mikatz eta itsaskorra, intsektuengandik babesteko dela uste dena, eguzkitan edo sutan berotuta ore lodia egin eta ahoan mastekatuz ibiltzeko txikle gozoa egin izan dute bertakoek. Ez da harritzekoa, beraz, petrolio, sufre, mineral eta abarrekin batera 1994. urtera arte Mexikoko produktu estrategikoen zerrendan egon izana.
AEBen mesedetan Texas, Kalifornia etab. galdu zituen Mexikoko presidente Santa Anna jeneralak tzicli sorta aldean zeraman erbesteratu behar izan zuen guztietan. Egundo ezagutu gabeko txiklea laster zabaldu zen. AEBetan usain gozo ugarirekin nahasita hedatu zena, bertako armadak ospetsu bihurtu zuen. Lasaitzea, arreta eta gogoak biltzea... eta antzeko alorretan berebiziko mesedeak omen dakarzkio txikleak soldaduari. Bi mundu gerratan txiklegaiaren garraioa urpekuntziz babestua egiten zen Mexikotik AEBetara, hortik atera kontuak zenbaterainoko garrantzia zuen. Egun mundu zabalean sortzen duten sarraski ugaritan antzera jarraitzen dute, matrailezurra dantzatzen, keinuekin ere kolonizazioan. Polimero eta gozagarri sintetikoekin eginak dira, ordea, egungoak. Oraindik landare honen izerdia biltzen duten bostehunen bat familien etorkizuna asentatzeko zapota zuhaitza eta txikle naturala sustatu nahi dira atzera Mexikoko Gran Peten eskualdean. Txikleetan Sex gum deitu dutena da tartean. Mexikon bertan sortzen den damiana landarearekin egindakoa. Gizona behintzat ederki berotzen omen du...
© ARGIA.com
Lege Oharra
RSS sindikazioa